Joseba Azkarraga Etxagibel.
EHUko soziologia irakaslea

Harresiaren alde honetan

2026ko uztailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pelikula garrantzitsua da The Zone of interest. Auschwitzeko komandantea zen Rudolf Höss eta bere familia lorategi eder batez inguratutako etxean bizi dira. Hormaren bestaldean, kontzentrazio-esparrua. Izugarrikeriarik ez, filmak familia baten eguneroko bizimodu normal bezain zibilizatua erakusten du, etengabe entzuten diren bitartean hormaren bestaldetik datozen tiro, garrasi eta labeen hotsak. Gaizkiaren banalitatea erakusten digu: bizimodu arras arrunta eraman dezakegu, lorategia mimoz zaindu eta begi-belarriak erabat itxi besteen oihuen aurrean. Denok nahi dugu harresiaren alde seguruan egon, galdetu gabe non oinarritzen den.

Filmak galdera deserosoa uzten du airean: zer gertatzen da hormaren alde ustez zibilizatu honetan? Nor sartzen da bertan, eta zer gertatzen zaio barruan dagoen munduari?

Azken hamarkadetan, sexu-askatasunari dagokionez behintzat, hormaren alde honetan jende gehiago kabitzen da, itxura batean. Mugak muga, lehen baztertua(goa)k ziren desira eta identitate batzuek aurkitu dute nolabaiteko lekua. Olatu erreakzionarioa horren ondorio ere bada. Kolore gehiago dago, bandera gehiago, izendapen gehiago. Aniztasuna da erakundeek ere aho betez darabilten hitza ekainaren 28an.

Aurreko mendearen amaieran, gay aktibismoan buru-belarri genbiltzala, Anti-gay liburua heldu zitzaidan. Mark Simpsonek gay kulturaren barrutik ohartarazten zuen sexu disidentziaren merkantilizazioaz: kontsumismoa, gorputzaren kultua, turismo globala, estatusaren logika. Geroago, Lisa Dugganek «homonormatibotasuna» deitu zion: sexu-aniztasuna onartzen da, baldin eta subjektu horiek bateragarriak badira ordena neoliberalarekin. Kapitalak badaki adeitsu jokatzen metaketaren gurpila koipeztatzen dutenekin.

Harresiaren alde honetan, aniztasuna bolo-bolo, baina gero eta uniformeagoak gara. Azalean molde gehiago, baina subjektu mota bera fabrikatzen da hondoan: kontsumitzaile txintxoa izateko bokazioduna eta aitorpen bila aseezin ari dena

Jarraitzen du galdera garrantzitsua izaten: zer motako subjektuak, bizimoduak eta lehentasunak ekoizten dira gure lorategian? Aniztasuna bai, baina ez al gaude guztiok merkataritza-gune berean? Zelan integratzen du kapitalismo neoliberalak disidentzia?

Kapitalismo neoliberalak ez du soilik kontsumitzaile bat ekoizten. Aldi berean ekoizten du identitate propioa etengabe eraiki, zaindu, optimizatu eta erakutsi behar duen norbanakoa: sare sozialetan, lanean, gorputzean, janzkeran, kontsumoan. Oraintsu entzun diot Berlinen bizi den psikoanalista italiarrari: «Egungo Berlinen kosta egiten da emakumez jantzitako emakumea topatzea kaletik». Erantsi zuen queer izatea zaharkitzen hasia dela, gehiago kotizatzen duela neurodibergentea izateak. Antza, gaurko Berlinen ez dago neurotipikoa izatea baino gauza tristeagorik, lasai bitez gure heteronormatiboak euren arrunkeria sistemazale naturalarekin.

Italiar psikoanalistari ez zaio Berlin gehiegi gustatzen, bistan da, eta bere diagnostikoa grazia mugatuko probokazioa baino ez da. Baina atzean dagoen ideia zait interesgarria: geure burua bihurtu zaigu galdera nagusi. Nor naiz? Zelan definitzen naiz? Nola ikusten naute?

Leihotik begiratzeari utzi eta ispiluaren aurrean jarri gara. Errazegia litzateke nartzisismo gisa deskalifikatzea. Ordea, denok zeharkatzen gaituen exijentzia sistemikoa da: identitatea eraiki beharreko proiektu bihurtu zaigu eta etengabeko lanketa eta aitorpena eskatzen ditu. Bidean, askapena estuki lotu zaigu identitate indibiduala definitzeko gaitasunarekin. Kapitalismo garaikideak trebeki xurgatu du aitortuak izateko dugun premia. Ez da mugimendu jakin baten arazoa, gure garaiko subjektibazioa da. Eta batzuetan, erradikaltzat aurkezten diren diskurtso batzuek ere subjektu neoliberalaren forma berriak ekoizten dituzte, jakin gabe.

Identitate gehiago aitortzen dira lorategi barruan, baina guztiok berdin bizi gara geure burua merkaturatu, optimizatu eta bereizteko proiektuaren menpe. Bereizteko ahalegin etengabeak sortu balu bezala homogeneizazio mota berria. Lehen, zapalkuntzak ikusezin bihurtzen zituen molde ez-normatiboak, horregatik izan ziren ezinbestekoak ikusgarritasunaren aldeko borrokak. Gaur, ordea, ikusgarritasun indibidualaren morrontza apaltzea ote den askapenaren horizontea. Armairutik atera ostean, gatibatu ez gaitezen erakusleihoan.

Zein da onura? Hiper-indibidualizazioak negozioa loditzen du, noski. Baina bada beste zerbait: lausotu egiten digu bestelako edozein egitasmo (kolektibo). Kapitalismo garaikidea zentrifugo erraldoia da, denok biraka jartzen gaitu, gero eta azkarrago, gero eta singularizatuago, eta mugimendu horrek aldendu egiten gaitu erdigune komunetik: klase-kontzientziatik, muga ekologikoetatik, hizkuntza-komunitatetik, interdependentziatik. Hormaren alde seguruan bizi gaitezke horrela, lausotuz bere oinarriak: zaintza-sistema prekarioak, klima-larrialdia, etxebizitza-krisia, Kongoko meategiak, bakardade epidemikoa, edo biodibertsitatearen kolapsoa.

Azken hamarkadetan joera izan dugu askapena pentsatzeko autodefinizioaren eta identitate indibidualaren hizkuntzan, gero eta gutxiago materialtasun kolektiboarenean: bizi-baldintzak, klasea, komunitatea, ekologiaren hizkuntza eta hizkuntzen ekologia. Nancy Fraserrek urteak daramatza azaltzen, bereziki birbanaketa-politikatik aitorpen-politikarako bidaia egin duen ezkerrari: garrantzitsua da aitorpena, baina bakarrik geratzen denean, arrisku handia du kapitalismo kanibalaren zerbitzari bihurtzeko. Identitateak ere materialak dira, sufrimendua ezin materialagoa da, aitorpena ezinbestekoa da. Arazoa da bietako batek bestea ordezkatzea. Eta baita identitatea ulertzea ere norbanakoaren etengabeko eraikuntza gisa.

Harresiaren alde honetan, aniztasuna bolo-bolo, baina gero eta uniformeagoak gara. Azalean molde gehiago, baina subjektu mota bera fabrikatzen da hondoan: kontsumitzaile txintxoa izateko bokazioduna eta aitorpen bila aseezin ari dena. Gauzak horrela, aniztasuna ospatzea al da ekainaren 28aren zentzua? Agian hobe litzateke une batez burua altxatzea geure nortasun-etiketen zilborretik eta gogoeta egitea harresiaren alde honetaz: beharbada galdera ez da lorategian nor sartzea lortzen dugun, baizik eta barruko guztiok zer ari garen bihurtzen. Agian ekainaren 28a ez da harresiaren alde hau betetzea, gaudenok ateratzea baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA