Garikoitz Goikoetxea.
Euskara teknikaria

Harro, herri, irri, orro, arre

2024ko martxoaren 9a
05:00
Entzun

Euskararen lorratzetan beste urrats bat egingo du Korrikak egun batzuk barru: Euskal Herriaren luze-zabala zeharkatuko du 23. aldiz, 11 egunez eta 10 gauez, 2.700 kilometrotan. Milaka jende bilduko zaizkio errepidean, euskararen aldeko atxikimendu-ariketa masiboenean. Erabilerarekin hainbesteko kezka dagoen garaiotan, aldekotasuna gutxiestera jo izan da tarteka: alde egon ez, euskaraz aritu egin behar dela. Bai. Baina aldekotasuna bera funtsezko osagaia da, eta elikatu beharrekoa, hizkuntza gutxitua indarberritzeko. Korrika ogia da: euskaltzaletasunaren erregaia.

Harro egingo dugu Korrika, zailtasunen gainetik aurrera egiteko kemenez. Zeren, bai, egoera makurrean dago euskara oraindik: euskal herritar gehienek euskara ez dute ulertu ere egiten, ume gehienek erdara jasotzen dute etxean, eta, erabileraren ikuspegitik, hizkuntza erabat bazterrekoa da Euskal Herri gehienean. Zeren, ez, euskararen ezagutza areagotzeak ez du ekarri erabileraren hein bereko hazkunderik: ez dago erabileran egiturazko aurrerapausoak emateko behar adinako zimendu sendorik. Baina hemen gaude: euritan eta eguzkitan, egunez eta gauez, hotzetan eta berotan. Horixe islatuko du Korrikak: demolinguistikaren zenbaki hotzetatik harago, euskaltzaleen beroa; etsipenaren eta noraezaren aurrean, euskaraz egin nahi dutenen hatsa. Horri ere erreparatu behar baitzaio: euskaldunen erabilera-atxikimendua nabarmentzekoa da.

Herri egingo dugu Korrikan. Pausoz pauso irudikatuko du Korrikak Euskal Herria: hiri jendetsuak eta udalerri bakartuak, euskararen eremu sendoak eta arnasa apalagokoak, zelai erosoak eta malda neketsuak. Lekuko berak josiko ditu azterketak euskaraz egin ezin dituzten ikasleen aldarria iparraldean eta euskarazko irakaskuntza hedatzearen kimu berriak hegoaldean; lekuko bera eramango dute euskaltegian hasi berri den ikasleak eta euskalgintzan urteak daramatzan boluntarioak, euskaraz eroso mintzo den euskaldunak eta seme-alabak euskarazko hezkuntzara bidali dituen erdaldunak. Horra herria. Aniztasunaren isla da Korrika, eta areago azken urteetan. Korrikaren beraren jitea aldatzea ekarri du horrek: entzuten da erdara tarteka, ikusten dira euskalgintzatik urrun dauden eragileak kilometroetan. Hedatu egin da Korrika, eta aldatu ere bai.

Irri egingo dugu Korrikan. Lokatzetan murgilduta ageri da euskara maizegi, eta areago azken hilabete hauetan: eskubideekin kontrajarrita, ustezko zapalketekin lotuta, derrigortasunekin korapilatua. Kontrakoa erakusteko plaza da Korrika: hizkuntza-eskubideak aldarrikatzekoa, euskaldunak han eta hemen ikusaraztekoa, euskara aukerekin eta zabaltasunarekin lotzekoa. Irri aldarrikatzaile batekin. Alde horretatik, interesgarria da Korrikaren presentzia sozial masiboa, euskarak gutxitan lortzen duena: milaka lagun mobilizatzen ditu, ehunka udalerri igarotzen, eta haren arrastoa Euskal Herriaren luze-zabalera hedatzen da. Abiapuntu egokia da urrun dauden herritarren arreta sortzeko. Pentsa, adibidez, azken Korrikatik hona zenbat mila lagun iritsi diren Euskal Herrira: gehien-gehienei arrotza zaie euskara, erabat ezezaguna, eta ikusezina ere bai sarritan. Askok harriduraz begiratuko diote herri-giroko lasterketa masiboari, zer ote den ulertu ezinik. Mereziko luke zer den azaltzeko tresnak baliatzea, Korrika aukera paregabea baita erakusteko hemen badela hizkuntza propio bat eta harekin konprometitutako komunitate bat.

Orro egingo dugu Korrikan, eta herra salatuko dugu. Orro, euskaraz ikasteko oztopoak salatzeko; orro, udaletxean telefonoa euskaraz hartzeko traben aurka; orro, administrazioko sarbidean euskara alemanaren azpitik jartzearen kontra. Orro, euskararen indarberritze-prozesuaren aurkako herra salatzeko. Orro kolektiboa. Hori baitu indargune nagusietako bat Korrikak, elkarrekikotasuna. Sarriegitan uzten da euskararen auzia hiztun norbanakoen bizkar, norbere hautu soilaren gain; eta asko dezake hautuak, elikatu behar da, baina mugak eta baldintzapenak ere kontuan hartuta. Kolektiboa baita afera: euskara ni da, zu da, baina batez ere gu da. Elkar hartzeko ekintza da Korrika: basamortuan aritzeko sentsazioa duen euskaltzalea indarrez bustitzekoa, ezinean dabilen euskara-ikaslea adoretzekoa, euskaraz aritzeko zailtasunek itotako euskaldunek komunitate bat badutela sentiaraztekoa. Nor sentitzea, gu sentitzea baita Korrika.

Arre egiteko eskatuko dugu Korrikan. Argazki esanguratsuak izan dira: euskalgintzan elkarlana irudikatzeko kilometroak, ordezkari politikoek elkarrekin egindakoak, askotariko eragileek hartutako lekukoak. Aurrerapena da. Baina horrek ekarri behar ditu egiturazko neurriak. Helduen euskalduntzean bertan badago premia, euskara ikasteko eskubidea —Euskal Herri gehienean legez aitortua— zinez bermatzeko. Ez da oso harro herri egotekoa hizkuntza propioa ikasteko dirutza jarri beharra, edo oraindik Korrikaren diru-premia izatea AEKren euskaltegiek. Ez da arlo bakarra: arre behar da arlo sozioekonomikoan, arre hezkuntzan, arre harreran, arre administrazioan, arre pantailetan, arre aisialdian. Mugimendua da Korrika, eta mugitzeko deia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.