Aste gogorra bizi izan dute zortzi gazte independentistek Nafarroa Beherean. Gogorra bezain ederra. Gure borrokaren mikrokosmosa bihurtu da Izpura zazpi egunez. Konpromisoa, duintasuna, ausardia, tinkotasuna, borroka grina, elkartasuna, maitasuna, irudimena, babesa... izan dira herriko ikastetxean joan den astean jorratutako ikasgai nagusiak.
Aste honetan bertan bete dira hamar urte guk antzeko bizipenak bizi genituenetik. Zuek bezala guk ere amesten genituen Euskal Herria eta mundu berriak estatuen eta sistemaren amesgaiztoak bihurtu ziren. Amets haiek larrutik ordaindu genituen, egun zuek ordaintzen ari zareten bezala. Espetxea, erbestea, klandestinitatea... ezagutu genituen, eta gutako batzuk oraindik egoera horietan bizi gara.
Hamar urte hauetan, haien lan politiko soilarengatik, 300 gazteri baino gehiagori eraso die estatuen gerra makineriak era zuzen batean bortizki. Estatuek gazte mugimendu osoa jopuntuan izan dute. Hamarkada honetatik haratago, orain direla 30 urte, Euskal Herriaren aldeko borrokan gazteriak borrokara batzeko bideari ekin, herri honen oinarrizko beharrezko zutabeei heldu eta gazteriaren berezko arazoei erantzungo zien borroka zehatz eta zuzenak dinamizatzen hasi zenetik, gaur egungo gazteria iraultzailearen aurka jorratu duten erasoaldia gazteen borroka eta antolakuntzaren neurrikoa izan dela begi bistakoa da.
Izan ere, errepresioaren estrategiaren antzutasuna agerian gelditu egin da. Horren froga gaur egun eta etorkizunean independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokan hamaika fronte irekiz eta garatuz diharduten eta arituko diren milaka gazteen konpromisoa dago. Sistemaren eta estatuaren erasoaldi bortitza pairatzen ari garen garai hauetan ere hamaika oztopori aurre egin eta arlo guztietan jo eta ke lanean aurkituko ditugu gazteak. Gazte mugimenduan hazi, trebatu eta hezi ondoren beste borroketan ezinbesteko lana egiten duten gazte aunitz dago egun.
Baina aipatutako erasoaldia, egiturazkoa den heinean, Euskal Herrian dagoen gazte mugimendu aberatsa eta indartsua, belaunaldi berriak borrokara lotzeko gaitasuna duena, etengabean borroka molde berriak eta gune askeak sortzeko gaitasuna duena, kolokan jar dezake. Sartzen ari garen fase politiko berrian aurreikus ditzakegun arriskuek mehatxu hori areagotu ahal dute. Gatazka konpontzeko izan diren beste prozesuetan ikusi dugu. Akats suizida litzateke gurean berdin gertatzen uztea. Munduan dagoen gazte mugimendurikarrakastatsuenetarikoa da gurea, eta gurera begiratzen dute gero eta gehiago munduko hamaika lekutatik. Gure herriaren etorkizunari eta munduko iraultzaileei zor diegu alferrik ahultzen ez uztea.
Gazte mugimenduaren balore estrategikoa agerian geratzen zaigu, beraz, behin eta berriro. Estatuek oso ongi ulertzen dute hori, eta errotik moztu nahi dute. Borrokaren fase politiko berrian sartzen ari garen honetan, borroka tresna berriak definitzen ari garen honetan, balore estrategiko hori inoiz baino gehiago babestea ere zeregin estrategikoa bihurtu behar da abertzaleontzat. Belaunaldi guztien babesa behar dute gure gazteek. Babes irmoa, praktikoa, politikoa eta konsekuentea. Hil edo bizikoa. Babesa errepresioaren aurrean, eta babes ideologikoa leku guztietan zabaldu behar da, gure ustez.
Gazteek ere ongi dakite beren burua babesten. Hamarkada gogor hauetan kaleetan erakutsitako autodefentsarako adorean edota antolakunde eredu berriak asmatzeko orduan ongi erakutsi dute. Gazte mugimendu iraultzaileak, krisian egon denean, beti asmatu du bide berriak jorratzen. Independentziaren alde borrokatu da eta independentzia praktikatu du. Horretan datza etorkizun arrakastatsuaren gako garrantzitsuenetarikoa. Eta hori ere babestu beharrekoa da.
Gazteriak urte luzeetan zehar erakutsitako antolakuntza etaborroka militantearen ondorioz sorturiko ondarea ikaragarria da. Harro egoteko modukoa. Ospatu eta indarrak berritzeko parada ematen digu. Aldi berean, osatutako ondare horrek fase politiko berrian konfiantzaz eta kemenez sartzeko oinarri sendoa da.
Bidean geratu direnek, espetxeetan urteak eman eta ematen ari direnek, sasian edota erbestean daudenek, auzo, herri, ikastetxe, unibertsitate eta lantegietako testuinguru latzetan borrokatu eta borrokatzen direnek... denek lagundu dute oinarri hori osatzen. Horregatik denon ahalegina gogoratu nahiko genuke oraingoan.
Egun hauetan denon borroka lehen lerroan, duintasunez eta adorez ordezkatzen ari den Irati gazteari gure besarkada beroa bidali nahi diogu. Gaur egungo gazteek harrotasunez eta inspirazioz betetzen gaituzte, denok indartzen gaituzte. Zuek zarete gure herriaren hoberena. Ez etsi, eutsi beti. Aurrera!
Harrobiaz harro eta bi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu