Beste ezer baino lehen, aitortu egingo dizuet: ni haterra naiz. Egunaren arabera, hater izugarria edo hater biguntxoa. Egunaren arabera, 10 minutu irauten du nire purrustak, edo 24 ordu. Nire ingurukoek ongi asko dakite nire parrandako kirol faboritoa dela bost segundoero itzaltzen zaidan eta ziur aski oso gaizki liatu dudan zigarro-tronpeta bat eskuan norbaitekin hiztegiko hitz handienez eztabaidatzea, mundua konpontzeko ahalegin mozkorrean. Zergatik? Ba izugarri gustatzen zaidalako sakon pentsatzea eta eztabaida konplexuak edukitzea. Baina haterrok ez gara bereziki maitatuak. Inori ez zaio iratxo ipurterre baten ondoan bizitzea gustatzen. Eta, beraz, hatertasun kritikoa defendatzera nator lerrootara.
Hitzaren beraren errora jotzen badugu, azkenean hater terminoa gorrotatzaile gisa itzuli liteke, hau da, pertsona edo gauza edo kontzeptu konkretu bat gorroto duen pertsona gisa. Klaro, horrela esanda, hatertasunak ez dirudi batere erakargarria, baina ñabartu dezagun kontua.

Gorrotoa gauza potoloa da. Ni haterra naiz, baina berez berez berez berez, ongi pentsatuta, benetan gorroto ditudan gauzen zerrenda ez da luzea, eta hitz gutxitan laburbildu daiteke: faxismoa eta haren ondorioak. Eta egia da, hater terminoak biltzen duen jende-multzoaren baitan, badago sektore erreakzionario eta terrorifiko bat, plaza publikoa hartzen duen jendeari eta gauzak aldatu nahian dabiltzanei benetan bortitz oldartzen zaiena, hain zuzen ere faxismoarekin eta haren adar diren misoginia, LGTBIQfobia edo arrazakeriarekin lerrokatuta daudelako, adibidez, edo haien ezintasun eta konplexuak termino handinahi bezain ezdeusekin jantzi nahian dabiltzalako, haien ikuspegiak izan ditzakeen puntu itsuei ez ikusiarena nahita egin artean. Horiei, zuzenean, hater ordez, faxista deituko diegu hemendik aurrera. Espero dut agerikoa dela ni ez naizela pertsona horien ekipokoa. Ni besteekiko jarrera begirunetsu eta normala daukaten herritarrekin nago, adibidez, Jaizkibel konpainiakoekin (barkatuko didazue, kuña publizitarioa derrigorrezkoa dut Hondarribiko jaiak amaitu berritan).
Orduan zer esan nahi dut hater naizela diodanean? Ba kritikoa naizela begien parean dudanarekin, sistema kapitalistaren baitan arrakasta masiboa duten produktu, sistema edo profilei errezelo izugarriz begiratzen diedala, eta, batez ere, Euskal Herrian txarangen playlist-ak eta manifetako esloganak berritzeko premia larria ikusten dudala. Betaurreko hiperkritiko batzuk begietan Loctiterekin itsatsi izan balizkidate bezala bizi naiz, eta kosta egiten zait esperientzia askorekin gozatzea; sinetsidazue: ez da hautu bat, eta askotan nahiago nuke beste alde batera begiratzeko gaitasuna banu.
Gizarteari betaurreko kritikoekin begiratzea gizarte horren ondorioen gaineko ardura hartzea da. Kritikotasun hori arbuiatzea, berriz, errazkeria eta erosokeria barkaezina
Ez bazara nire ekipokoa, dagoeneko pentsatu duzu bufff-beste-bat, eta ez dizut gezurrik esango: haterrak ez gara bereziki originalak, ez gara asko-asko ere, eta, gainera, batzuetan, gure kritikotasunean zerriak lokatzetan nola lohitzea gustatzen zaigu. Hori dena badakit. Kontua da saiatu arren ezin dudala nire parte hori aldatu, eta horregatik hasi naizela hatertasunaren inguruko gogoeta honekin, nire ezaugarri hori onartu nahian-edo. Eta zera ondorioztatu dut: haterrok zerbitzu publiko bat egiten dugula, eta euskal gizartean modu orokortuan aurkitu ezin den zerbait eskaintzen dugula: egiten dugunarekiko, gure bizimoduekiko, gure kultur ekoizpenekiko begirada kritikoa. Begirada kritiko ozpindu samar bat batzuetan, bai (eta baten batzuen ahotik señoro-ukitu elitista batekin, bai), baina begirada kritiko bat. Eta hater euskaldunok (hau da, euskal kultura barrutik bizi, horretan lan egin edo hori kontsumitzen dugunok) hori egiten dugu euskaraz sortzen den kultura benetan maite dugulako, gure hizkuntzak bere horretan balioa duela uste dugulako (txikitasuna bezalako adjektibo murriztailerik gabe) eta kopuruetan bainoago, aniztasunaren eta kalitatearen defentsan sinesten dugulako. Eta terminoa kulturaz harago zabalduta, lur honetan bizitza denontzat jasangarriagoa izan dadin nahi dugulako, adibidez.
Horregatik, gaurkoan, ez-hater guztiokin tratu bat egin nahi nuke: ni saiatuko naiz zutabe honetan betaurreko kritikoak piiiixka bat desitsasten, kritika bainoago, proposamenak egiten, eta zuek ez pikatu zuen konfiantzazko haterraren iruzkinak hazka egiten dizuen aldiro. Saiatu haiek esandakoaren atzean dagoena ikusten: txarangen errepertorio gehienek genealogia musikal maskulino samarra erreproduzitzen dutela? Agian arrazoi puntu bat du zure konfiantzazko haterrak. Euskal musika eszena monokultibo hidroponiko bilakatzeko arriskuan dagoela? Hamaika arrazoi konfiantzazko haterrarentzat. Zure dirua ez-dakit-zer inbertsio-funtsetan sartuta Israel Palestinan egiten ari den genozidioa zeharka eta inolako bihotz-ausikirik gabe finantzatzea lotsagarria dela? Arrazoi osoa zure konfiantzazko haterrarentzat.
Denok pixka bat kritikoagoak bagina eredu hiperkapitalista terrorifiko honekin (eta, bide batez, faxismoarekin, jakina), eta pentsamendu kritiko hori praktikan jarriko bagenu, ba ziur asko errazagoa litzateke gauzak aldatzea. Eta, bide batez, haterrok piiiixka bat gehiago gozatuko genuke (kultur) mundu basati honetan.
Gogoratu: Denok gorrotatu behar dugu pixka bat, gutxi batzuek dena gorrotatu behar ez dezaten. Uler bedi: gizarteari betaurreko kritikoekin begiratzea gizarte horren ondorioen gaineko ardura hartzea da. Kritikotasun hori arbuiatzea, berriz, errazkeria eta erosokeria barkaezina.
Egin zure ekarpena. Salba ezazu zure konfiantzazko haterra ipurterretasun erabatekotik. Ahaleginik txikiena ere ekarpen itzela izango da.
Eta hater kide maiteoi, nire babes guztia hemendik. Badakizue nortzuk zareten. Segi ordu txikitan jendeari belarria jaten etorkizun hobe baten alde. Ez zaudete bakarrik.