Haurreskolak Partzuergoa kalera!

Lore Igartua, Arantzazu Andres eta Amaia Iztueta
2017ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Haurreskolak Partzuergoa Eusko Jaurlaritza eta udalerrien arteko hitzarmenetatik jaiotako haur eskolak gestionatzen duen kudeaketa publikoko enpresa publikoa da, eta 236 haur eskola kudeatzen ditu egun EAEko 178 udalerritan. Bi urtera arteko hezkuntza-aldiaz arduratzen da, familia eta lana uztartzeko helburuarekin eta familiei hezkuntza-arreta egokia eskaintzeko xedearekin jaio zen, bereziki landa eremuetan.

Orain dela pare bat urte, haur eskoletan langileen ordezkaritzaren gehiengoa duen LABek milaka sinadura jaso behar izan zituen orduko Eusko Jaurlaritzaren erabakia salatzeko, hau da, landa eremuko eta haurreskola txikietan lau haur matrikulatuta badaude, haurreskola zabaltzen da, baina 7 orduko zerbitzua baino ez da eskaintzen, gainontzekoetan zortzi ordukoa den bitartean. [...] Gainera, udalerri batzuek haur eskola gehiago zabaltzeko edo euren udal haurreskolak Partzuergoan sartzeko eskaeraren aurrean ezezkoa jaso dute, aurrekonturik ezagatik.

Haurreskoletako LABek hezkuntzaren merkantilizaziotik ihes egin nahi du, berdintasunean oinarritutako hezkuntzan sinesten dugulako eta 0-3 urte arteko zikloa inbertsioa dela pentsatzen dugulako, gastua baino gehiago. «Nolako hezkuntza, halako jendartea».

Haur hezkuntzako lehenengo zikloan, haurren zainketaz gain, haurren gaitasun fisiko, afektibo, sozial eta intelektual guztiak behar bezala garatzeaz arduratzen gara. Haurraren hezkuntza integrala bermatzea da gure helburua, eta horretan jarduten gara haurreskoletan lanean ari garen hezitzaileok. [...]

Horregatik, larritu egin ginen, agintaldi honen hasieran EAJ eta PSEren arteko gobernu-akordioa irakurri genuenean, lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko atalean sartzen zituelako haur eskolak. Akordio horretan ez zen inolako kutsu hezitzailerik agertzen, eta ziklo hau ez zen hezkuntza sistemaren barruan aintzat hartzen.LABentzat, 0-3 urteko haurrei eskaintzen zaien hezkuntza-zerbitzu hau haur hezkuntzako lehenengo zikloa da.

Haurreskolak Partzuergoan 2 urterainoko haurrak ditugu, 2 urteko gelak eskoletara eraman eta zikloa apurtuta utzi zigutelarik. Bada garaia Hezkuntza Sailak ziklo hau bere egin dezan, eskola mapa egokituan txertatuz. Jaiotzatik hezkuntza eskubidea, aukera berdintasuna bermatzeko, ezinbestean doakoa, unibertsala, euskalduna eta kalitatezkoa izan behar baita.

Horrek guztiak argi uzten du gobernu honek zein asmo duen, politika aurrerakoiak egitearen gainetik. Halaber, burujabetzaren bidean hezkuntza sistema propioa garatu nahi baldin badugu, bestelako hezkuntza politika behar du herri honek, eta ipar aldera begiratu beharko genuke hego aldera begiratu beharrean.

Horixe eskatzen dugu, horregatik gaude sartuta irakaskuntzan mobilizazio dinamikan egunotan. Langile eta zentroen egonkortasunaren inguruan asko esateko daukagu. Hamarnaka hezitzaile finko eta interino dugu, kudeaketa kaotiko batengatik euren plazetatik behin-behinean desplazatuak [...], haurren kopuruak beraiek zehazten dituzten ratioak gainditzen dituztenean. Daukagun egoera jasanezin hau aztertu behar da, eta soluzioak eskaini beharko dizkigute, kalitatezko zerbitzua eta irizpide pedagogikoetan oinarritutako heziketa eman nahi baldin badute. Langile publikoon egoeran endemikoak diren gai batzuez gain, Haurreskolak Partzuergoaren kalitatean eta langileon lan-baldintzetan aurrerapausoak emateko ezinbestekoak diren beste puntu batzuk negoziatzeko daude.

Horretarako, besteak beste, ezinbestekoa da ordezkapenak betetzea, haurren bertaratze erregistroarekin baldintzatu gabe. 208 euroko kuota ordaintzen duten familiei ezin zaie galdetu ea haurra etorriko den edo ez, hezitzaile bat ordezkatzeko, eta hori da egun haur eskoletan bizi dugun errealitatearen adibide bat.

Kalitatezko zerbitzua eskaintzeko, oporraldietan, Aste Santuan kasurako, haur eskolak ezin dira haurren «aparkaleku» bihurtu, beraz, egungo zonaldeko zerbitzua desagerrarazi behar da. Haur eskoletako koordinatzaileek ere gero eta lan gehiago daukate eta lan hau aitortu egin behar da eta lanordu kopuru egokia eskaini. Adinean aurrera doazen langileei ere plangintza berezia zor zaie, arreta orduak murriztuz, lan karga hori beste langileen gain egokitu gabe. Halaber, haur eskoletako hezitzaileok baztertuta gaude Eusko Jaurlaritzako etengabeko formakuntza programetan, Prest Garaeta Iralen. Aukera berdintasunean parte hartzeko aukera izatea eskatzen dugu; gainontzeko irakaskuntzako langileak bezala. Hori guztia, 2009tik izoztutadaukagun soldata eta lan hitzarmenaz gain.

Gauzak horrela, haur eskoletakoLABentzat, 0-3 zikloaren aitortza, alde batetik, Haurreskolak Partzuergoa administraziopeko haur hezkuntzako lehenengo zikloa dela onartuz etorriko da. Bestetik, haur hezkuntzako irakasleek gurean puntuatzen duten bezala, Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileok egiten dugun lana administraziopeko haur hezkuntzan puntuatzea aurrerapauso handia izango litzateke aitortzaren bidean, eta berdintasun printzipioa ez litzateke urratuko.

Beraz, Haurreskolak Partzuergoko 1.400 hezitzaile eta kudeaketa lanetan ari diren 25 langileei dei egiten diegu borroka asteko dinamika eta grebetan parte hartzera. Mobilizaziorik gabe ez dugu lortuko, guztiok batera egin dezagun indarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.