Zientzia Politikoetan lizentziatua

Hauteskundeen inguruan

Egoitz Izagirre
2024ko apirilaren 29a
12:20
Entzun

Apirilaren 21ean, EAEko hauteskundeak izan genituen. Aurrez, hedabideek hainbat inkesta plazaratu zuten; kasu askotan, EH Bildu garailetzat ematen zuten, batzuetan boto eta jarlekuetan, beste batzuetan jarlekuetan soilik. Honek aldaketa handia suposatzen zuen Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako; dakigunez, EAJk beti irabazi baititu botoetan eta behin baino ez du galdu jarlekuei dagokienez. Inkesta hauetako askok %60ren inguruan edo, kasu batzuetan, gainetik kokatzen zuten parte hartzea, baina, era berean, hautesle zalantzatien kopurua altua zen (%20-30 bitartean). Nire uste apalean, azkenengo datu honek markatu egin zuen bukaerako emaitza.

Hauteskunde kanpaina gizartera berandu iritsi zen, bereziki Bizkaian, Athleticen garaipenak Kopako finalean eta osteko ospakizunak ez baitzieten tarterik utzi gainontzeko gaiei. Esan daiteke kanpaina hauteskundeen aurreko astelehenean piztu zela. Arrazoia? Pello Otxandianok ETAren inguruan egindako adierazpenak.

Ordura arte, EH Bildu oso eroso sentitzen ari zen eta bazirudien kanpaina oso bide onetik zihoala: alde batetik, inkestek zioten gizartearentzat garrantzizko gaiak mahai gainean jartzen ari zen alderdia EH Bildu zela; bestetik, debateetan, Nerea Kortajarenak RTVEn lehenengo eta Pello Otxandianok ETB1en ondoren, maila ona erakutsi zuten, gainontzeko hautagaiak baino puntu altuago bat erakutsiz. Arazoa? Debate horiek jende gutxik ikusi zituen eta hauteskundeak oraindik urrun zeuden.

Lehen pistaren bat eman dugun arren, hurrengo lerroetan azaltzen saiatuko gara zergatik apirilaren 21ean ez zen bete inkestek aurreko asteetan ziotena.

Lehenik, Pello Otxandianoren adierazpenak ETAren inguruan. Nahiz eta ETA desagertua dagoen, ETArekiko erakusten den jarrerak garrantzia du gizartean, bereziki, zure hautesleak ez diren jendea erakartzeko prozesu bat erakusten ari zarenean. Erantzuteko orduan zalantzati agertzeak eta argi ez hitz egiteak eragina izan zuen.

Bigarren, Pello Otxandianok ETB1eko debatean utzitako maila altua ETB2ko debatean mantentzea ez zuen lortu. Arrazoiak desberdinak izan daitezke: adierazpenen harira foku asko berarengan egongo zirela jakitea, hauteskundeak hurbilago zeudela, inkestek lehenengo postuan kokatzen zutela… Debate horretan irabaztera baino, ordu arte lortutakoa ez galtzera atera zela uste dut, eta horrek kalte egin ziola. Debatean zehar eta ostean, Otxandianok esan zuen «debateak, programa aurkezteko baino, dialektika politikoa gauzatzeko» zirela, eta ni erabat ados nago. Hala ere, egun horretan ez zuen berak esandakoa egin eta interbentzio luzeegietan nahastu zen. Horrez gain, ezker konfederaleko hautagaiek —Alba Garciak batez ere— eztabaida oso txukuna egin zuten, eta badakigu alderdi hauek hautesleak partekatzen dituztela.

Hirugarren, EH Bilduk EAE mailan pisuzko instituzio bat gobernatzearen gabezia du. Duela ia urtebete, EH Bilduk Gasteizen eta Gipuzkoan, beste hainbat tokitan bezala, hauteskundeak irabazi zituen. EAJk, PSE eta PPrekin bat eginez, EH Bildu baztertzeko mugimendua egin zuen; mugimendu horrek EAJri kalte egin diola uste dut, baina neurri batean baita EH Bilduri ere. Zergatik? Mugimendu horrek EH Bilduri EAEn pisuzko instituzio bat gobernatzeko aukera kendu ziolako, bere presentzia mugatuz. Hauetako instituzio bat gobernatzeak bi ekarpen (positibo) ekar lekizkioke EH Bilduri: alde batetik, gobernua bere esku dagoen hainbat herritan emaitza oso onak lortu ditu (Errenteria, Hernani edo Lekeitio, kasurako); bestetik, EH Bildu gobernatzeak beldurra edo kezka sor dezakeen gizartearen sektore horretara iristea errazago litzateke, gertuko eta garrantzizko adibideak balituzte.

Laugarren, inkestak inkestak dira, baina badakigu bere papera jokatzen dutela, edozein dela jorratzen duten gaia. Beraz, inkesten harira bi aukera egon daitezke: bata, inkestek emaitza horiek publikatu zituztela hautesle konkretu bat mobilizatzeko nahiarekin; edo, bigarrena, inkestek erakutsitako zalantzati gehienek EAJ aukeratu izana (bertan kokatzen ziren zalantzati gehienak), aurretik aipatutako arrazoi guztiengatik eta baita, nola ez, beldurraren botoa aktibatu izanagatik, inkestak argitaratzen ari ziren emaitzen ondorioz.

Azkenengo puntuarekin zeharka lotuta, beste garrantzizko faktore bat azpimarratzea beharrezkoa da. Hauteskunde egunean Bizkaia izan zen mobilizazio handiena eduki zuen lurraldea (%63,41eko parte hartzea, +%13,01 2020arekin alderaturik), bitartean Gipuzkoak (%61,71, +%9,53) eta Arabak (%61,11, +%12,11) bi puntu baxuagoko parte hartzea izan zuten. Seguruenik, datu hauek erakusten digute azken orduko mobilizazio hori EAJren alde izan zela, Bizkaia EAJren gotorleku baita.

Badirudi hemendik aurrera aurreko urteetan izan dugun koalizio gobernua mantenduko dela. EAJk zein PSEk beren aurpegiak aldatu dituzte eta kanpainan diskurtso aldaketa bat eman dute, Osakidetza edo etxebizitzaren inguruan, adibidez. Pello Otxandianoren esanetan, diskurtso aldaketa hori jada aldaketa bat da, eta, nolabait, garaipen txiki bat ere bai. Hala ere, aldaketa hitzetatik ekintzetara doan ikusteko dago, sentsazioa baitaukat EAJk jasotako boto kopuru bat konfiantza boto bat izan dela, historikoki izan duen ibilbidearen ondorioz; baina politikak aldatu ezean konfiantza hori desager daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.