Jule Goikoetxea.

Heriotzaren gobernua eta bizi nahia

2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Koldo; hala zuen izena orain egun batzuk Gasteizen, gaixotasun kroniko bat dela-eta, hil zen gizonak. «Osakidetzak erabaki zuen Koldo ez operatzea, ez zuelako ebakuntza-ostekoa egiteko bizitoki aproposik», duela gutxi Argilan-ESK-k eta Inor Ez Kale Gorrian plataformak Halabedi hedabidean salatu zutenaren arabera.

Eritasun kronikoa izateaz gain, Lanbidek preskribatutako 9.000 euroko zorra kitatzeko eskatu zion, ilegalki, Argilanek frogatu bezala; eta, hori gutxi ez balitz, gizarte zerbitzuak —hiritarron gertuko lagun-min horiek— pilota esku batetik bestera pasatzen zebiltzala, Lurraldearen eta Klimaren Aldeko Ekintzaren Sailak Koldori isuna ezarri zuen lonja batean bizitzeagatik, 2019an bankuak etxegabetu baitzituen Koldo eta haren ama. Tori Klimaren Aldeko Ekintza. Guztiok ordaintzen dugun Estatuak, haren udal, gizarte zerbitzu, polizia eta osasungintza publikoaren eskutik, zigarro punta bat bailitzan utzi zuten hiltzen Koldo, operatu gabe, hain zuzen ere, zigarro punta bat bailitzan bizi zelako bere lonja osasungaitzean.

Ez dut hemen giza akatsaz eta ardugabekeriaz hitz egiteko intentziorik, nahiago dut prozesu kafkiar hau XXI. mende gordina ezaugarrituko duen egiturazko fenomeno gisa aztertu, hamabi minutuero etxegabetze bat gauzatzen duen Estatuak, bere populazioaren kontra antolatutako Estatua baita. Korporazioek —kasu honetan bankuek— subsumitutako Estatua, populazioak ekoitzitako aberastasuna lapurtuz bizi direnak, populazioa desjabetuz. Desjabetzea umiliazioak eta biolentzia zuzenak taxutzen dute. Desjabetutako bizitzek ez dute soldatarik, ez dute eskubiderik, ez dute etorkizunik. Herioan bizi dira, erakunde publikoek hauspotzen duten herioa alokairu sozialak %2 izango direla erabakitzen dutenean, edo Kutxabankek haren jabetzako etxebizitzak putre-funts bati saltzen dizkionean, udalek eta Jaurlaritzak duten lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak baliatu gabe.

Koldoren, Carmenen, Nayuaren eta beste milioika pertsonaren desjabetzea ez da hanka-sartze bat, ezpada bizitzak desjabetzeko sistema politiko oso bat.

Sarritan entzuten dugu diruak dirua sortzen duela. Gutxiagotan, aldiz, pobreziak pobrezia sortzen duela, diruak dirua sor dezan pobrezia sortu behar duelako. Jason Moorek zioen Manchester baten atzean beti dagoela Mississippi bat, eta Mendizorrotzaren gibelean Alde Zahar eta Abetxu bat. Neguriren gibelean Basauri bat eta espazioak; eta etxebizitzak eta gizarte zerbitzuak pribatizatzen dituzten udalen atzean Koldo bere lonjan, Carmen berogailurik gabe eta Nayua tratamendu barik.

Diotenez, Koldo ez zen ondo «ahokatzen» udalak eskaintzen zituen laguntza eta baliabideetara. Ohikoa da hori pobreekin. Mania hori dute, hiritartasun onberak haientzako egiten dituen lege, arau, eskubide eta laguntzetan ez ahokatzearena. Eta, halaxe bizi dira pobreak, aberatsen eta esaneko hiritartasunaren Estatu sozial eta konstituzionala izorratzen. Hortaz, berea da eta ez beste inorena zigarro punta baten gisa hiltzearen ardura.

Erakunde publikoak pribatizatzen direnean, ardura ere pribatizatzen delako. Ez dago inor beste aldean, burokrazia eta kapitala ez baitira nor.

Baina horrek guztiak ez du zerikusirik beste ezerekin. Are gutxiago, inbertsio publikoa —hortaz Koldoren dirua, zurea eta gure amonena— Iberdrolara, Endesara, Repsolera eta Naturgyra bideratzearekin, Euskal Autonomia Erkidegoan ehun mila pertsona hornidura elektriko murriztuekin dauzkaten enpresak izaki. Ez du zerikusirik udal inbertsioa karitatekoa bilakatzearekin eta gizarte zerbitzuen eta lehen arretaren kolapsoarekin, edo erakunde publikoek Euneizi, Gasteizko unibertsitate pribatuari, milioi erdi euro ematearekin alokairuen prezioa mugatzearen kontra egiten duten momentu berean eta bankuak Koldoren diruarekin erreskatatzea erabaki ondoren; Hassan, Jose eta Amaiaren dirua ere bazena, zeintzuk ez duten pisurik Blacstonen eta Caixabanken eskuetan daudelako.

Horregatik da okupazioa aukera legitimoa eta bertute etiko-politikoa.

Kapitalaren kapitaletan esplotazioa eta desjabetzea bereizten zituzten erregimenetatik, horien arteko banaketarik behar ez duen beste erregimen batera ari gara igarotzen. Esplotazio produktiboa lortzeko subjektu edo bizitza produktiboak sortu behar dira: aurreko mendeko langile zuri eskubidedunak dira horren adibide nagusia. Aldiz, desjabetzeaz ari garenean bizitza esklaboen ekoizpenaz ari gara: hemen dago, mundu mailan, gehiengoa. Kapitalismoan, bizitza gobernatzearen kontzeptu liberalaren eta heriotza gobernatzearen kontzeptu neoliberalaren arteko bereizketa honetan datza: lehenengoak bizitza produktiboak sortu behar dituenez, populazioak gaitu behar ditu produkzio hori posible egiteko, eta horregatik hedatzen ditu gaitasun horiek masiboki gauzatuko dituzten erakundeak, hala nola, osasungintza eta hezkuntza sistema publikoak, etxebizitzetarako sarbidea eta gizarte zerbitzuak. Bigarren kasuan, aldiz, helburua ez da bizitza, ezpada heriotza. Bizitzak sobera baitute. Koldo soberan da, Carmen bezalaxe, soberan daude zenbait auzo, herri asko, hainbat herrialde. Kapitalismo finantzarioan «diruak dirua sortzen duelako». Eskulana soberan dute, hortaz, eta osasungintza publikoa eta gizarte zerbitzuak ere bai; murrizketak inposatzen dituzte, azpikontratak biderkatzen dira giza akatsak bezain beste, itxaron zerrendak eta diagnostiko atzeratuak bezalaxe.

Hau guztia demokratikoki egin ahal izateko, Justizia aparatuak bermatzen du heriotzaren gobernua gauzatzen duten legeak konstituzioaren aldekoak direla, inolako ondoriorik gabe, jendea hiltzen uzten jarraitu ahal izateko, lonjetan, Mediterraneoan, egiturazko desjabetzeak diren etxegabetzeen bidez, tratamendu faltaren bidez, zaintza eta atentzio falta normalduz, arau, lege, sistema bilakatuz. Horrexegatik ez dira albo kalteak edo hanka-sartzeak, ezpada bizitza masiboki gobernatu beharrik ez duen sistema baten xedea, eliteek beren poltsikoak potolotzeko gainerakoen heriotza gobernatzea helburu duen sistema.

Soldatapeko esplotaziotik soldata gabeko desjabetzera itzultzen ari gara masiboki Europan, eta, orain, biak pairatzen ditugu gorputz berean. Bizitza berean. Koldoren bizitzan. Nayuaren, Joseren, gurasoen eta seme-alaben bizitzetan.

Baina badago desjabetu ezin diguten zerbait: bizitzeko nahia. Erresistentzia antolatzeko nahia. Adi egon, beraz, etorriko diren deialdiei. Heriotza ematen badigute, ez dezatela bakerik espero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.