Gasteizko Emakumeok Gerraren Aurka taldeko kideak

Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren indargabetzearen aurka

Mertxe Lozano, Bego Oleaga eta Malen Vilches
2023ko abenduaren 16a
05:00
Entzun

2007ko abenduaren 28an Eusko Legebiltzarrak 14/2007 Legea onartu zuen, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunarena deitzen dena. Lege hori herri honetako 45.000 lagunek baino gehiagok eskatuta iritsi zen Parlamentura, «Legegintzako Herri-Ekimen» prozedura baten bitartez. Gutunaren izenburuak erakusten duen bezala, legeak euskal instituzioak behartzen ditu zenbait neurri martxan jartzera, konpentsatzeko —neurri txiki batean bada ere— herri «aberastuok» herri pobretuekiko dugun zor itzela. Neurri horiek, besteak beste, lau ildotatik doaz:

Lehenik, herri pobretuei neurriz kanpo jasaten duten kanpoko zor bidegabea kitatzen laguntzen du, aurrekontuetan horretarako diru kopuru bat espresuki jarriz.

Bigarrenik, euskal administrazioak behartzen ditu bidezko merkataritza sustatzeko pauso zehatzak ematera.

Hirugarrenik, Aspaldian NBEk (Nazio Batuen Erakundeak) proposatutako «Bakearen dibidendua» martxan jartzea. Literalki zera dio: «egun armada-gastuetan inbertitutako baliabide guztiak edo parte handi bat, gizakien eta ingurumenaren beharrizanak asetzeko erabiltzea, bai herrialde aberastuetan bai pobretuetan».

Eta azkenik, gobernuari, bere industria politika eta diru-laguntzei begira, betebeharrak jartzen dizkio. Zehazki, horrela dio: «enpresak lagundu eta sustatzeko politikan, Eusko Jaurlaritza ez da inolaz ere elkarlanean arituko armen ekoizpen, merkaturaketa eta finantzaketan ari diren pertsona fisiko edo juridikoekin».

Gutuna, politikan batzuetan izaten diren txiripa bati esker, onartua izan zen (badirudi parlamentari bat berandu iritsi zela, eta horri esker herritarrek aurkeztu bezala onartu zen testua, inolako aldaketarik izan gabe). Baina herritarrok ezin dugu legeen betebeharretik ihes egin, eta bitartean, instituzioek, maiz lotsagabeki baztertzen dituzte ezeroso suertatzen zaizkien aginduak. Hamasei urte dira legea indarrean dagoela, eta Jaurlaritzak —gor eta mutu— bazterrean utzi du orain arte. Are gehiago, urte hauetan Euskadin diren «defentsa» enpresa batek baino gehiagok Jaurlaritzaren laguntza jaso dute, eta diru publikoa inbertitu da armagintza enpresatan; besteak beste, ITP Aero-ren %6 erosi zuen Jaurlaritzak 2022an bere Kontseiluan jarleku bat lortzeko.

Horregatik, harrigarria egiten zaigu, legealdi hau bukatzera doala, Jaurlaritzaren interesa gutuna deuseztatzeko; Garapen eta Elkartasun Lege berriaren tramitazioaren aitzakiarekin ari dira, haren xedapen indargabetzaile bakarraren bitartez. Zalantzarik gabe, gutunaren ezabatzeak, modu ilunean eta parekidea izan daitekeen inolako konpromisorik hartu gabe, agerian uzten du Jaurlaritzak ezabatu egin nahi duela kontrako eztarritik joan zitzaion herritarron lorpena.

Gero eta handiagoak diren desparekotasunen mundu honekin genuen konpentsazio txiki hori ere baliogabetu nahi dute. Aldi berean, Jaurlaritzak demokrazia falta kezkagarria erakusten du, zeren milaka euskal biztanleok sinatu eta lortu genuen lege bat atzeko atetik eta inor gutxik jakinda deuseztatzea nahi du.

Emakumeok Gerraren Aurka taldekoek bidegabekeria hau jakin genuenean zerbait egin behar genuela erabaki genuen. Lehenbizi, Legebiltzarrera jo eta biltzarkideei horrelako urratsik ez egiteko eskatzera joan ginen. Urriaren 30ean izan ginen Giza Eskubideetako batzordean. Han talde guztiengandik hitz goxoak entzun genituen. Pentsatuko zutela esan ziguten, baina oraingoz konpromiso zehatzik ez dago. EAJko ordezkaria izan zen argiagoa, esanez ez zetorrela bat gurekin eta gutunaren deuseztapena ez dela inolako atzerapausoa.

Bazekien zertaz ari zen EAJko parlamentari gaztea: gu Legebiltzarrean ari ginen bitartean, Urkullu jauna, Tapia anderea eta beste agintari batzuk, Zamudion ziren Sener-en enpresa berri baten «lehen harria» jartzen. Sener Euskadin armagintza negozioan dabiltzan ehun enpresetako bat da. Lotsagarria iruditzen zaigu gure ordezkari politikoek publikoki pertsonak hiltzeko erabiltzen diren ekipoak ekoizten dituzten enpresak laudatzen ibiltzea. Eta, jakina, enpresa hauek diru publikoaz laguntzea jasanezina zaigu. Lehengo gerretan militarrak militarren artean hiltzen ziren, eta ezbehar handia zen hori, baina gaurko gerretan gehienbat zibilak erailtzen dituzte, Palestinara begiratzea besterik ez dago. Hori lagunduko dugu euskal diru publikoarekin?

Inolako lanposturik mantentzeak ez du justifikatzen diru publikoa industria militarrari ematea, baina, zoritxarrez, industria hauek ez dira inolaz ere larri, itsuski aberasten ari baitira. Horrela zioen urriaren 11ko La Vanguardia egunkariko atal ekonomikoaren izenburu batek: Defentsa enpresak burtsan igotzen dira Israelen akatsen berotasunean. Eta azpititulu hau zuen: Inbertitzaileek AEBetako eta Europako erraldoiak saritzen dituzte, horien artean INDRA. (SAPA arma-enpresa gipuzkoarra INDRAren laugarren akzioduna da). Beraz, ez dira gure dirua eta gure laguntzaren beharrean. Berriz, armagintza industriek gerrak behar dituzte beren irabazi zikinak neurririk gabe ugaritzeko. Arma-lasterketak ez du mugarik; gero eta arma gehiago eta hilgarriagoak ekoizten dira. Gaur egun, planeta aldi askotan suntsitzeko adina arma daude munduan. Gerra gizateriaren eta naturaren aurkako krimena da, zibilizazioaren porrota. Pentsaezina da XXI. mendean, «zibilizatuak» deitzen ditugun gizartetan, gerra gatazkak konpontzeko sistematzat hartzea. Noizbait geldituko da basakeria hau?

Azken garaietan ikaratuak gara ikusten noraino iris daitekeen ankerkeria eta gizagabetasuna. Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren indargabetzea garai basati hauen ildoari lotzen zaio, desparekotasunak, indarkeria, gerrak eta basakeriak nagusi diren mundu honetan, pausu txiki-txiki batzuk ematera behartzen gintuen konpromisoa ezabatuz.

Emakumeok Gerraren Aurkakoak, gure indar apalekin, burugabekeria hau salatuko dugu eta zentzuzko herritarrak gauza bera egitera gonbidatzen ditugu. Gure instituzioetatik eta gure politikariengandik joera garbiagoa merezi dugu. Duintasunik badugu, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutuna indarrean mantendu behar dugu. Gaur inoiz baino ozenago esan behar baita ez dugula konplizeak izan nahi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.