Hezkuntzan beste curriculum aldaketa bat biziko dugu, LOMLOE legea dela eta. Aukera hau baliatu nahiko genuke hainbat hausnarketa egiteko eta, bide batez, Heziketa Fisiko (HF) eskola ordu gehiago eskatzeko; zehazki, astean hiru eskola ordu gutxienez hezkuntza-etapa guztietan.
Unescoren Berlingo Adierazpenaren arabera (2013), «Heziketa Fisikoa, eskolan eta gainerako hezkuntza-erakundeetan, bitarteko eraginkorrena da haur eta gazteek gizartean parte hartzeko behar dituzten konpetentziak, gaitasunak, jarrerak, balioak eta ezagutzak emateko». Europan, Espainia da HF eskola ordu gutxien eskaintzen dituen herrialdeetako bat. Lehen Hezkuntzan, eskola ordu guztien %6, eta %3 Bigarren Hezkuntzan. Aldiz, Frantzian, %10 eta %14 dira, Alemanian, %14 eta %9, eta Norvegian, %9 bi etapetan (Eurydice, 2014).
Ezer baino lehen, HFa Oinarrizko Hezkuntzako arlo bat dela azpimarratu behar dugu; ondorioz, Oinarrizko Hezkuntzaren xede hezitzaileak jarraitzen ditu. HFa ez dago gizartean etengabe aldatzen diren moden baitan, ez dago kirol-klubek eta duten errendimendu ikuspuntura begira, eta ez da, inolaz ere, eskolaz kanpoko jarduera bat Eskola Kirola bezala (hautazkoa, ordainpekoa eta kirol-kultura hegemonikoan zentratzen dena). HFak ikasle guztien arrakasta eta bizipen positiboak bilatzen ditu. Gainera, ikasle guztiak osotasunean heztea du eginbide nagusi, eta pertsona jokabide motorretatik heztea ere (Larraz, 2008).
Urte askoan, motrizitatea fenomeno biologiko-mekaniko soiletara mugatu izan da. Nostalgiko askok darabilte oraindik Mens sana in corpore sano formula, aspaldi gainditu zen pertsonaren kontzepzio dualistari erreferentzia eginez, duela hogei mende bezala. Ariketa fisikoak organismoan dituen eraginak eta onurak izugarriak dira, baina motrizitatea ezin da makina baten azalpenera mugatu: ikaslea ez da mugitu, zaindu eta osasuntsu mantendu behar den makina bat, pertsona bat baizik, eta motrizitateak, dimentsio fisikoaz harago, pertsonaren osotasunean eragiten du, ekarpen onuragarriak sustatuz ikasleen dimentsio guztietan (Parlebas, 2016, 2017):
Dimentsio biologikoan, gizartean gehien argudiatu den bezala, oso modu positiboan eragiten dio arnasketa-aparatuari, zirkulazio-aparatuari, hezurren garapenari, giharren garapenari... Horrez gain, lo hobeto egiten eta gorputz orekatua lortzen laguntzen du, eta gaixotasunak prebenitzen ditu.
Dimentsio kognitiboan, ezaguna da haurraren nortasuna motrizitatearen bidez eraikitzen dela. Haurren jarduera fisikoek ibilbideak eta joan-etorriak ebaluatzeko, abiadurak kalkulatzeko eta erritmoak balioesteko aukera ematen dute. Horri esker, ikasleak adimen psikomotorra garatzen du, helduen adimen formalaren oinarria dena.
Harreman-dimentsioan, egoera motorrek benetako adimen soziomotorra garatzea ahalbidetzen dute. Taldeko jardueretan, kideek lankide gisa (itun, laguntza eta elkarlan harremanekin) eta arerio gisa (aurkaritzako harremanekin) esku hartzen dute, eta kontrako bizipenak agertzen dira: frustrazioa, oldarkortasuna alde batetik, eta tolerantzia, norberaren ahalduntzea, enpatia eta komunikazioa bestetik.
Afektibitatea jarduera fisikoan eragin handia duen dimentsioa da, nortasun osoa adierazten baita bertan. Faktore emozionalek eragin sakona dute teknika motorretan eta ikaskuntza-prozesuan. Horregatik, garrantzia hartzen dute bere hezkuntza-erabileran.
Adierazpen-dimentsioa eta dimentsio estetikoa ere garatzen dira. Motrizitatea hizkuntza bihurtzen da eta irudimena eta mugimendu-sorkuntza garatzen dira.
Erabakien dimentsioa ere modu positiboan garatzen da. Egoera motorretan, ikasleek erabakiak haien gain hartzea bilatzen da, eta arrakasta-aukerak ebaluatzea. Ikasleak egoera errealetan etengabeko doikuntzetan murgiltzen dira, mikroerabakiak etengabe hartuz eta bizitzarako ikaskuntzan lagunduz.
Beraz, HFak Oinarrizko Hezkuntzan duen garrantzia argudiatzeko, ez gara osasunaren dimentsio biologikoan soilik oinarritzen. Noski, osasuna jorratzen da HF saioetan, baina zeharka, beste ikasgai guztietan landu beharko litzatekeen bezala hezkidetza, inklusioa, higienea, elikadura edo lehen sorospenekin batera. HFaren benetako indarra ikaslea bere osotasunean heztean dago, betiere, bere espezifitatetik abiatuz: jokabide motorren hezkuntzatik. Hor dago pisuzko argudioa HFaren presentzia justifikatzeko.
HFko irakasleok ikasleen jokabide motorrak heztea bilatzen dugu, baina ez kirolari profesionalak bihurtzeko, baizik eta beraien garapen integralaren prozesuan laguntzeko. Ikasleek ez dituzte hizkuntzak ikasten gero filologoak izateko, matematika ikasten ez duten bezala matematikoak izateko edo musika musikari profesionalak izateko. Oinarrizko Hezkuntzan, ikasleek konpetentzia motorra garatuko dute beste oinarrizko konpetentziekin batera. Eta gai izango dira esparru motorreko arazo-egoera mota guztiei eraginkortasunez aurre egiteko.
Hala ere, HFaren ekarpen hezigarriak aprobetxatzeko, ikasleek gutxieneko maiztasun batez bizi behar dituzte ekarpen horiek ahalbideratzen dituzten egoera motorrak. Gaur egun, EAEn ditugun HF orduekin (astean 1,5 edo 2 ordu), ezinezkoa da maiztasun hori bermatzea. Entrenamendu printzipioetan bezala, HFan ere estimuluak (egoera motorrak) jarraikortasunez errepikatu behar dira egokitzapenak (ekarpenak) eragiteko.
Ondorioz, azpimarratu nahi dugu HFa ez dela mediku-erremedio bat, ez da denbora-pasa bat eta ez da esfortzu intelektuala konpentsatzeko praktika bat. HFa jokabide motorren hezkuntza da, eta bere zentzua hezkuntza-proiektu globalean zentratzen da, ikasleen hezkuntza-prozesu globalean. Beraz, ez gaitezen HFaz oroitu soilik gizartean eta komunikabideetan obesitate eta antsietate arazoak daudenean. HFa hori baino askoz gehiago da; horregatik, benetan eraginkorra izateko, eskatzen dugu astean gutxienez hiru eskola ordu HF ezartzea hezkuntza-etapa guztietan. Hezkuntza HFa baino gehiago da, baina askoz gutxiago da bera gabe; izan ere, hezkuntzan profesionalak izanik, segurtasun osoz sinesten dugu konpetentzia motorraren garapenik gabe ikaslearen garapen globala nabarmen murrizten dela. Ez dezagun beste behin ere aukera galdu azken hamalau urteotan bezala.