Gure kulturan euskaldun-progresista binomiotik aldentzeak paria bihurtzen zaituela bota zuen Jon Sarasuak Villabonan (Gipuzkoa). Bere ustez, garai bateko euskaldun-fededun paradigmatik egungora egin dugu aldaketa, bere muturreko bertsioan gainera. Horri hiperprogresismoa deitu zion maisuak. Sua piztu zuen Sarasuak Villabonan bai, eta gu garrak horman proiektatzen dituen itzalekin endredatu ginen.
Hegemonien mapa errealitate bat da. Bi kultura politiko nagusi daude euskal zokondoan. Kultura politiko bakoitzak nagusitasuna dagokion tokian erakusten du. Batek erakundeak kontrolatzen ditu; besteak oholtzak. Beraz, plazetan abesten dena ez dator bat bulegoetan agintzen denarekin. Hau berria! Zer espero zuen ba Sarasuak? Kantautore batek soldata minimoa igotzearen kontra abestea? Maisuak inork baino hobeto daki eduki bakoitzak bere esparrua –eta estetika– duela.
Nolanahi ere, arrazoi apur bat badu Sarasuak. Diskurtso hegemonikoek, doinu bakarrean, belardia idortzen dute, alfer-lur bihurtuz. Hori gorabehera, plazan nagusi den kulturakoa banintz, ez nioke gobernuan dagoenari hausporik emango. Gutxienez, haiek bezala, nire familia erdia foru aldundian enplegatu arte. Ezin baita ipurdi bakarrarekin bi aulkitan jarri. Eserlekua aukeratu behar da: frontoian ala despatxuan. Pena da, nola ez, euskaltzain eta unibertsitate irakasle jantzi bat paria sentitzea. Dena den, umiltasun lezio aberasgarria izan daiteke morroiaren zapatetan kilometro batzuk egitea. Lantzean behin bada ere.
Esanak esan, maisuak hau guztia soberan dakien susmoa daukat, eta oharkabean itzalekin nahastu dena ni izan naizela. Zoritxarrez, horretara ohituta nago. Toxoplasmosiak eskumako begian eragin zidan orbainak ikusmena lausotzen baitit gaztetatik. Horregatik, lehen begiradan nekez ikusten dut txantxangorri nabarra: nire gelako sabaian haren itzala besterik ez zait agertzen.
Bi kultura politiko nagusi daude euskal zokondoan. Batek erakundeak kontrolatzen ditu; besteak oholtzak. Beraz, plazetan abesten dena ez dator bat bulegoetan agintzen denarekin
Zer egin, bada, itzalen artean irudi garbiak antzemateko? Alegoriak argia topatzera bideratzen gaitu; eta non argi gehiago Biblian baino? Izan ere, Jesusen mezua doi-doia da «Guztiz ona izan nahi baduzu, zoaz, saldu zeure ondasunak eta eman behartsuei, zeure aberastasuna zeruan izan dezazun; gero, zatoz eta jarraitu niri». Horra argitasuna. Objektua zehaztasunez marraztuta. Irudi zehatza itzalarekin alderatzea krudela da ordea; gabezia guztiak agerian uzten dizkigulako. Zinez, argiak lehengo eta oraingo hegemonien hipokrisia erakusten digu.
Garai bateko euskaldun-fededun paradigma zirriborro zital bat zen. Puritanismo hutsa. Gonen luzeak kezkatzen zuen Txirrita, eta kristaurik ez zuen baserria pobreen artean banatu. Denek zokoratu zuten Jesusen agindurik erradikalena. Alegia, berdin-berdinak garela: jainkoaren seme-alabak.
Euskaldun-progresista binomioarekin berdin antzera gertatzen da. Jatorrizko sozialismotik aparte, egun progresismoa bidegabekerien, berdintasunik ezaren eta morrontzaren aurkako ideologien elkartzea da. Horren atzetik ezinbesteko programa politiko bat letorke: oinarrizko eskubideen defentsa, zerbitzu publikoak, feminismoa, kultura, ekologismoa… Tamalez, ezkerreko ideien promiskuitateak –hiperprogresismo delakoak– jatorrizko helburuei so egin beharrean, irteerarik gabeko bideak hartzen ditu: txikikerietan galdu zein utopian urtu.
Ameskeriari dagokionez, Hobsbawnek adierazi zuen aspaldi: politikak, bere forma iraultzailean ere, jarduera praktikoa behar luke. Aplikazio praktikorik gabe, berarentzat, politika moral gymnastics bilakatzen baita. Hots, onanismo mentala. Huskerien kasuan, hiperprogresismoaren zenbait proposamen aztertuta, kontrol soziala eta morrontza baino ez dakartzatela agerian gelditzen da.
Presook itzalak ditugu begi bistan, mundu errealaren irudikapen nahasia. Hala, Gospodinovek iradoki bezala, mozorroa kentzea da interesa piztu beharko ligukeena. Hainbeste desitxuratze eta arrasto faltsuren artean munduan gertatzen dena ulertzeko modu bakarra delako. Erantziz jantzi. Adi, Glaukon!