Neure hirietatik ateratzeak ezinegona sortzen dit. Hainbeste urte hiztunak besarkatzen, hainbeste ekimen komunitatea sortzen, ez nintzen hirira iritsi garaile, baina ez nuke galtzaile atera nahi. Ni euskara naiz, eta ikus nazaten nahi dut, itsasoaren kresala bezain apartsu eta mendien dotorezia bezain indartsu.
Industrializazioak hiriguneak sortu zituen 50eko hamarkadan Euskal Herrian, eta horrek eman zien itxura eta antolaketa neurri handi batean hainbat eta hainbat hiriguneri. Hori eraldatuz joan da azken hamarkadatan, kulturari, zientziari, teknologiari, ongizateari, kirolari eta hainbat alor ukiezinari leku eman zaio astiro-astiro hiriguneetan. Baina, horrekin batera, eta tupustean, urruneko beste eragin isil batzuk iritsi dira (identitaterik gabekoak, kontsumismoa eta diru erraza helburu dutenak), eta anabasa handia sortzen ari dira. Horiek horrela, hiritarren eta erakundeen eskuetatik kanpo geratzen ari dira hiriak, identitatea eta bizigarritasuna galtzeko arriskuarekin, hain zuzen.
Ingurune urbano garrantzitsua du Euskal Herriak. Udalerrien tamainari begiratzen badiogu, biztanleria osoaren %40 bizi da 50.000 biztanletik gorako udalerrietan. Udalerrien muga administratiboetatik harago jotzen badugu, biztanleria handiko eskualde gutxi batzuetan pilatzen dira hamar euskal herritarretatik sei: Bilbo Handia (%27), Iruñerria (%11), Donostialdea (%10), Arabako Lautada (%8) eta Lapurdiko Kostaldea (%4).
Hirietako soziolinguistikaz hitz egiten dute Bat aldizkariko 132. zenbakiko artikuluek, eta sarreran laburbiltzen dute gaia. Esan daiteke hirietan gertatzen ari direla egungo gizarte globalizatuko aldaketa sozial bortitzenak. Horiek isla dute espazio horietako hizkuntza paisaietan, hiritarrek egiten duten hizkuntza kudeaketetan eta arduradun publikoek inplementatzen dituzten hizkuntza politiketan. Hiriko gizarte sareen birmoldatze sakonek, era berean, harreman sozialak eraldatzen dituzte. Hiztunak egoera horretara egokitzen dira, eta aurrez aurreko harremanak eta harreman birtualak konbinazio konplexuak eratzen dituzte.
Hiriguneen panorama demolinguistikoari erreparatzen badiogu, oro har batez bestekoa baino baxuagoa da euskaldunen portzentajea hiriguneetan. Euskaldunen %35 bizi da 50.000 biztanletik gorako udalerrietan, eta %65 hortik beherako udalerrietan.
Hizkuntza paisaiaren eta testuinguru soziolinguistikoaren arteko harremana noranzko bikoa da, eta ikerketa gai nola bihurtu den kontatzen digute aldizkarian. Alde batetik, hizkuntza paisaiak testuinguru soziolinguistiko jakin bateko hizkuntzen botere eta estatus erlatiboa islatzen du. Bestetik, testuinguru soziolinguistikoaren eraketan esku hartzen du, pertsonek heltzen zaien informazio bisuala prozesatzen baitute eta horrek hizkuntzen estatusari buruz duten pertzepzioan eragin baitezake, baita, ausaz, haien hizkuntza portaeran ere.
Hiriaren konfigurazioan eta identitatean, hizkuntzek paper garrantzitsua jokatzen dute. Horiek horrela, gero eta hizkuntza gehiagorekin partekatzen du euskarak eremua. Zentzu horretan zer diote ikerketek Donostia bezalako kasu batean?Â
Tupustean, urruneko beste eragin ‘isil’ batzuk iritsi dira (identitaterik gabekoak, kontsumismoa eta diru erraza helburu dutenak), eta anabasa handia sortzen ari dira. Horiek horrela, hiritarren eta erakundeen eskuetatik kanpo geratzen ari dira hiriak, identitatea eta bizigarritasuna galtzeko arriskuarekin, hain zuzen
Batetik, euskararen ezagutzak nabarmen egin du gora Donostian 1986tik 2021era. Izan ere, euskaldunak ia bikoiztu egin dira (%26tik %46,7ra) eta ia euskaldunak direnen portzentajea mantendu egin da. Bestalde, Donostiako bizilagunen %14 atzerrian jaioa da, eta, horrenbestez, bi hizkuntza ofizialez gain, beste hainbat hizkuntza elkarrekin bizi dira hirian. Horiez gain, globalizazioaren eta turismoaren eraginez beste hizkuntza batzuk —bereziki ingelesa, baita frantsesa ere— gero eta indar handiagoa hartzen ari dira Donostiako hizkuntza paisaian.
Demagun hizkuntza politikek begirada berezia eskaintzen dietela hiriei. Ziur gaude hirien eraldaketa eta identitatean ekarpen handia egin dezakeela hizkuntza kudeaketa egoki batek.
Hiriko behatokitik begiratzen du hiriak eta bere burua ikusten du, pentsakor, poeta bailitzan. Begiratzen zaitut molla gaineko begiratokitik, ikusten zaitut, makina, pantaila, eraikin, zakur, landare, zarata eta jendearen artean bizirik. Baina, begiratzen zaituzte zu? Abegikor izan nahi duzu, zeure musika, usain eta erritmoan murgilduaraziz. Modernitateak ez du etenik, kaleko paisaiaren bitartez komunikatzen zara zu. Globalizazioak erruki gutxi. Argiak gau eta egun dir-dir. Gorputzak eta hankak azkar doaz lanera harri koskorren artetik, kale artetik, eta trenbidetik; kolore, tamaina eta usain askotarikoak diren hankak. Korrikalaria bere munduan, adinekoa orgatxoari bultzaka, gaztea entzungailuen erritmoan. Poetaren ahotsa zubia zeharkatzen ari da pentsakor. «Baina nik, izkuntza larrekoa, nai aunat ere noranaikoa: yakite-egoek igoa; soiña zaar, berri gogoa; azal orizta, muin betirakoa».