Idazlea

Hirugarren pizkundea

2025eko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larrialdi linguistikoaren aldarria eta hirugarren pizkundearena txanpon beraren bi aldeak dira: euskararen normalizazioarena ez doa ondo; ez dugu lortzen iritzi publikoan ideia hau gailentzea —askoz presentzia gehiago dute: etxebizitzarenak, immigrazioak, genero indarkeriak, segurtasunarenak, eskuin muturraren goraldiak, Espainiako bi alderdi nagusien arteko botere borroka alimalekoak eta geopolitikan Europa Mendebaldearen egoera ahulak, etab.—, eta ea modu positiboan formulatuta, hots, pizkundearen beharrarena lau haizetara zabaldurik, gehiago hedatzen den iritzi publikoan, eta harako bidean jartzen diren alderdiak eta guztiok ere, albait azkarren, geroz eta premia handiagoa dugu eta!

Elkar gaitezen euskaltzale guztiok Bilbon, festa eta ospakizun usainean, eta ea horrela indar eta borondate gehiago biltzen dugun, handia eta sakona nahi genukeen euskararen, euskaldunon pizkunderako! Bultzatzaile nagusia nor den badakigu: Euskalgintza eta ez alderdi politiko abertzale-euskaltzale omen direnak —atxikimendua emango dute—; eta manifestazio handiarena ere Bilbon oso ohikoa dugu. Borondatea garbia da, eta euskaltzale gisa bat egiten dut, noski, borondate eta nahikunde horrekin.

Hirugarren pizkunde hau gauzatzekotan, beste aurreko bien katean beste maila bat izango da; beraz, baliteke erabateko alferlana ez izatea aurreko bi horietara begiratzea, ondorioren bat ateratzeko, betiere jakinik ez gaudela 36ko gerra aurrean, ez eta iragan mendeko 60ko hamarkadan; eta historikotasuna, nahita ere, ezin dela alde batera utzi.

Euskararen lehen pizkundean, gauzak gehiegi laburtuta, indar garrantzizkoena EAJ izan zen. Lizardik, Lauaxetak, Orixek, Aitzolek eta aitortzen zuten Sabino Aranak abian jarritako herri mugimenduari zor zitzaiola nagusiki euskararen eta euskal kulturaren pizkundea eta bi ildo nagusi izan zituen: politikoa eta kulturala. Arlo politikoan, autonomia estatutuaren borrokari lotu zitzaizkion, bost urtean, besteak beste, hitzaldi ugari eginez (Nafarroa Garaian ere), eta aberri egunetan manifestazio handiak; eta, arlo kulturalean, literatura (olerkia, antzerkia, ipuingintza), kazetaritza (euskarazko egunkariaren premia plazaratuz, besteak beste), bertsolaritza; eta hezkuntzan, elebitasuna zabaltzearen beharra eta ikastolena (lehenak martxan jarriaz) aldarrikatuz eta bultzatuz. Halaber, garai hartan sortu zen Iparraldean, Eskualerriaren alde, Lafitteren eskutik. Denok dakigu, bestalde, 1936ko estatu kolpe eta ondoko gerraraino, ez zela autonomia estatutua lortu, eskuin eta ezker espainola uko gogorrean aritu zirelako.

Ideia indartsu bat ere zabaldu zen mugimendu horren guztiaren azpitik eta gainetik: euskaldunok herri berezi bat osatzen dugulakoa, eta eusko gogoari gogor atxikitzen bagintzaizkion, politikoki Espainiako estatuaren menpe egonagatik, aske izango ginela kulturalki, eta lehenago edo beranduago askatasun politikoa ere lortuko genuela, geure herri izaera bereziari naturalki zor zitzaionez gero. Ikuspegi horretan erlijioak leku hautatua zuen, eta alde sozialetik eliza katolikoaren doktrina soziala aldarrikatzen zuten. Artean, bestelako aldarrikapenik ez zen, eta, horrenbestez, iritzi publikoan, beharbada, errazago gailen zitezkeen. Urte gutxikoa izan zen, eta mugatua noski, baina aipagarria.

36ko eta Bigarren Mundu Gerraren ondotik, 50eko hamarkadaren bigarren zatitik hasita, beldurpean eta klandestinitatean maizenik, bigarren pizkundeari ekin zitzaion (beste askotxori ezer kendu gabe, euskararen pizkundeari dagokionez, figura gailena, nire iritzirako, Txillardegi), euskara baturanzko bidearekin (Iparraldeko euskaltzaleen laguntza garrantzitsuarekin), ikastolekin, eta helduen euskalduntze alfabetatzearekin, arlo kulturalean; eta politikoan, ETArekin. Francoren erregimenaren krudeltasunak hauspoturik, ezker eta eskuin abertzale askotarikoek garrantzi handia izan zuten, eta independentziak eta sozialismo iraultzaileak (edo humanistak ere) txanpon beraren aurkia eta ifrentzua zirelako ideia indartsuak lagundu zuen euskararen bigarren pizkundean.

Franco hilik, trantsizio delakoan, erabateko etena gauzatu zen abertzaletasun zahar eta berriaren artean (erakunde armatuak eragina neurri handian, baina erakunde armatuak tirorik bota aurretik zetorrena), eta bi mundu ezberdin sortu ziren, eta hala jarraitzen dute gaur egun ere.

Ezagunak diren arrazoiengatik (indar faktiko espainol-zentralisten tema eta bortxa; erakunde armatuaren porrota; bi alderdi abertzaleen arteko ezin ikusi iraunkorregia, erakunde armatua deseginik ere; teknologia eta sare sozialen indar eta nagusitasuna; indibidualismo materialistaren goraldia; euskaldunon demografiaren beherakada nabarmena; hirugarren etorkin olatuaren eragina...), gauden mende honetan, urardotuak gelditu dira eusko gogoaren eta independentzia-sozialismoaren ideia behiala indartsuak; eta ez da bestelako indar kohesionatzaile-bateratzaile indartsurik sortu; eta, funtsean, aurreko pizkundeetako ideien eta praxien hondakinetatik bizi gara.

Berriki deslotu da alderdi jeltzalea alderdi unionista sozialdemokratatik, euskararen defentsan esan dezagun, puntualki eta herabeki, baina oposizio nagusiarekin koordinatu gabe. Euskalgintza, euskaltzaleok gai izan gaitezke alderdiak, batez ere euskaltzale-abertzale direlakoak zirikatu eta guztion artean iritzi publiko, batez ere erdaldunean, euskararen pizkundearen beharra txertatzeko, hots, eskubidea eta are betebeharra dugulako ideia, eta horrekin bat eginda lege hobeak lortzeko? Zeren, legeak ez dira nahikoa baina bai beharrezkoak, ezta?

Gorabehera eta erresistentziekin bada ere, euskaltzale eta abertzaleon artean euskara batuaren aferan lortu zen batasuna lortu ezean (bistan dago euskararen batasunak zazpi euskal probintzien batasuna irudikatzen eta finkatzen duela, burujabetza politikoaren beharra ere nabarmendurik), pizkundea barik hizkundea izango da, erretorika hutsa(la), eta hain estimatua dugun folkloreak irentsiko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.