2026a askapenaren urtea izango al da? Donald Trumpek Europako prozesu politikoetan interferitzeko asmoa erakutsi du. Europako agintariek jarraituko al dute mingainluze laranjari nazioarteko gailurretan hain alaiki beren irririk artifizialena eskaintzen eta eskua hain modu hipokritan luzatzen? Hurrengoan akaso belauniko jarri eta muin emango diote eskuan, erregea nor den eta basailutza non dagoen argi gera dadin? Karikaturak ñabardurak ezaba ditzake, baina oso baliagarria da ezkutatzen dena agerian uzteko, kontzientziak astintzeko eta kontraesanak areagotzeko.
Makurra dator 2026a. Desinformazioa areagotuko da. Geopolitika eta interes ekonomikoak nagusi izango dira. Herritarren eskubide sozialak eta giza eskubideak, historiaren zakarrontzira. Hizkuntza ez hegemonikoak, periferiara kondenatuak. Totalitarismorantz abiarazten gaituzten seinaleak gero eta begi bistakoagoak.
Norbaitek uste al du —Warner Bros erraldoiaz jabetzeko— Netflix eta Paramounten arteko gerra soilik lehia ekonomikoa dela? Entretenimenduaren mundua eta negozioa dago jokoan. Lehia hori ez da enpresa pribatuen arteko beste gatazka kapitalista bat. Borroka eremu sinboliko oso garrantzitsuan gertatzen ari den liskarra da. Borroka kulturala eta eragin globala daude tartean. Ingurumaria horretan, Trump, bere pisu politiko eta erregulatzaile osoarekin, funtsezko pieza jokatzen ari da. Ez dezagun ahaztu egun entretenimenduak liluratzen gaituela, gure bizitzaren ardatz bilakatu dela.
Datuak oso aldakorrak dira estatu batetik bestera. Joerak, berriz, ez. Toki guztietan sumatzen da bultzada bera. Entretenimenduzko produktuetan bost-sei-zortzi ordu (edo gehiago ere) ematen du batez beste hiritar batek. Albisteak kontsumitzen gero eta gutxiago: batez beste hamar minutu eta ordubete artean. Eta kasu askotan, zero minutu. Egia da entretenimenduzko produktuen artean denetik dagoela: asko eta asko oso interesgarriak direla, dezente pentsamendu kritikoa lantzeko bideratuak direla eta abar. Bai. Ados. Oso ados. Berdin komunikabideen artean. Konforme. Baina, Donald Trump eta enparauak eremu horien jabe ere egiten badira, nola bermatuko da adierazpen askatasuna, pentsamendu kritikoa, giza eskubideen defentsa eta bestelako mundu alternatiboaren aldarrikapena?
Jakina denez, gaur egun eta mundu ia osoan, albisteak kontsumitzeko bide nagusia Internet da. Kontsumo horrek gorakada nabarmena izan zuen pandemiaren aurretik eta pandemiaren lehen fasean, baina 2020-2024 urtaldian egonkortze eta beheranzko joera hartu du. Sarbide handia du oraindik, baina herritarren jakin-mina jaitsi egin da. Populazioaren %40k espresuki saihesten du komunikabide hegemonikoen jarioa, albisteetan sinesten ez duelako edo albistegiek deprimitzen dutelako.
Masa hedabideen inguruko ikerketetan post-irakurleak terminoa zabaltzen ari da. Nortzuk dira? Albisteak jasotzeko euskarri ez testualak kontsumitzen dituzten pertsonak. Ikus-entzunezko eduki edota formatu algoritmiko edo laburtuen bidez informatzen dira. Ez dute periodikoa irakurtzen, ezta beren webgunea kontsultatzen ere. Ez, bestelako bideak erabiltzen dituzte: iruzkinak, laburpenak, sare sozialak, beste erabiltzaile batzuen iritziak edo eratorritako zeharkako edukiak (memeak, esaterako). Eta, jakina, eremu hiperlabur horietan narrazio emozionalak, identitarioak eta sinbolikoak nagusi dira (Toni Aira, MitĂ³logos. El arte de seducir a las masas, 2025).
Garai ilunak datoz. Datorren urterako aurreikuspenak ez dira batere onak adierazpen askatasunaren eta eskubide zibilen arloan. Baina, noiz izan dira onak? Galdegingo duzue. Kontua da orain den-dena maila esponentzialean hazten dela, adimen artifiziala bezala. Ezkortasuna eta geldotasuna ez dira inoiz bidelagun onak izan, baina hemen kieto gelditzeak herioa dakar.
Erronka mundiala da: kulturala, politikoa, ekonomikoa eta soziala. Komunikazioaren bataila geopolitikaren parte bilakatu da. Horregatik, eremu honetan ere, fronte zabalak eta nazioarteko aliantzak behar dira. Erantzunak globala izan behar du, baina tokian tokikotik abiatuta eta artikulatua: monopolio handiak kontrolatzeko politika publikoak defendatuz, algoritmoen opakutasuna argira ekarriz, printzipio etikoetan oinarritutako adimen artifizial generatiboa garatuz, alfabetatze mediatikoa hezkuntza eta gizarte maila guztietara hedatuz, elkartasuna sustatuko duten —eta ez gorrotoa— sare sozialak bultzatuz eta erabiliz… Historian zehar totalitarismoek gauza izugarriak egiteko gai direla erakutsi dute. Gure askapen nahiak, sentimenduak eta mugimenduak mugatu ahal izango dizkigute, baina ezingo dute inoiz gure pentsamendu kritikoa baliogabetu. Beti bilatuko dugu —modu batera edo bestera— hitzaren boterea erabiltzeko aukera bat, zirrikitu bat.
Jorge Oteizak esan zuen duela hirurogei urte baino gehiago —eta Beñat Sarasolak gogoratu du Coca-Cola bat zurekin obra ederrean— hitza beste gudu zelai bat dela. Beste arma bat. Burdina edo aluminioa baino boteretsuagoa eta zorrotzagoa izan daiteke. Balia dezagun. Erabil dezagun. Eta sormena. Kiloka, tonaka sormen behar da gorrotoa, homofobia, matxismoa eta nazio ez hegemonikoen kontrako oldarraldiei aurre egiteko. Erabil ditzagun testu luze, ertain zein laburrak, egin ditzagun meme barregarriak, bideotxo umoretsu eta etikoak. Bataila hau fronte guztietan jokatuko da.
Aditu guztien arabera (Stephanie Edgerly), 2026an albisteen kontsumoak esperientzia emozionala izaten jarraituko du. Estresaren, kezkaren eta antsietatearen erdian poz pixka bat aurkitzea giltzarria izango da. Horregatik, euskarri, formatu eta plataforma guztietan egin behar da lan. Gure esku dago masak limurtzen jarraitzeko gaitasuna. Gure esku dago erresistentziarako gaitasuna lantzea. Arrazoiak, sentimenduak eta planteamendu etikoak era zilegian erabiliz. Hitza etorkizunez zamatutako arma da. Gure arma. Baita zuena ere. Erabil dezagun.