Ilunak oso arnasguneen gainean Siadecoren ikerlanak argitaratuak. 2036rako urardotuak egon daitezke jada lardasten hasiak diren herri euskaldun asko. Agudo eta eraginkor antolatzea eta erantzutea eskatzen digu abaguneak.
UEMA oskoldu eta gotortzeko hizkuntza-politika berria behar du, oroz gainetik, herri honek. Ez diot ekingo arnasguneen garrantzia azpimarratzeari, Zalbidek, Iurrebasok eta abarrek, jada, ederki azaldua baitaukate. Bere baitarako ez ezik, UEMA funtsezkoa da bertatik kanpoko periferia handirako ere, eta, ildo horri jarraika, hizkuntz auziaz pentsatzen dudana azalduko dut. UEMAn, euskara gutxitua badago ere, ez da gutxiengoaren erabilera-hizkuntza, kontrakoa baizik. Horretantxe dago, oraindik ere, UEMAren indargunea. UEMA, bere esparrutik kanpoko EAEko edo Nafarroako herriekin nik pobrearen arrazoia deitzen diodan arrazoi historikoa —herri honen aurkako konkista linguistiko naturaz kontrakoa, nahi baduzue tokiko kolaborazionismoz larriagotua, baina, halatan ere, mendia baino handiagoko egitatea— partekatzeaz gainera, bada nor, gaur-gaurkoz ere, euskal subjektu kulturalki askeari bide emateko. UEMAko udalak murgilduak zeuden aspalditxoan lan horretan eta horren aurka jo du, bete-betean, oldarraldi judizialak. Beraz, bada, argi dago zertan baliatu behar diren indarrak: lege bihurtu behar dugu UEMAn euskara hizkuntza ofizial bakar izatea. Agudo erreakzionatu ezik, UEMAn bertan ere pobrearen arrazoi hutsarekin gera gaitezke konturatzerako: zein ispilutara begiratu behar du egun UEMAk? Flandriara. Oldarraldi judizialekin eta globalizazioaren erronkekin gertatzen ari denaren harira, berebiziko gaurkotasuna bereganatu du, nire iritziko, Txillardegik 1990ean Bat soziolinguistika aldizkarirako idatzi zuen artikuluak, Hizkuntz lurraldetasuna Belgikan izenburua duenak.
Zer egin zuten flandriarrek 60ko hamarkadan Belgikako Estatu Federalean? Hizkuntza-mugak ezarri eta kaltegarri zitzaien elebitasun ofizial zitala paretik kendu, nederlanderaren fabore. Frantsesa —mundu-mailako hizkuntza sendoa, zinez ere—, mehatxu zen flandriar komunitaterako, eta flandriarrek, eskubide kolektiboa aldarrikatuz, bermatu eta betikotu egin zuten beren independentzia linguistikoa. Azaltzen ari naizen hori gure Mendebalde eder honetako herririk zibilizatuenetako batean gertatu zen, xuxen esateko. Flandriar kasik gehienek ez zuten eta ez dute independentzia politikorik nahi, baina aski bermatua daukate hizkuntzaren biziraupena. Gutxi ote? Hortxe dauka Espainiak aurrekari paregabea, bere lurralde sakratua zatitu gabe, gutxienez gure lurraldeko eremu bati independentzia linguistiko erabatekoa, elebakartasuna aitortzeko, eta hortxe daukate aurrekari hori bera euskal alderdi politikoek ere berorren alde egiteko. Pilotan Euskal Selekzioa lortu izana kalterako ote da aurrerakoan kirol gehiagotara zabaltzen joateko? Ezezkoan nago. «Euskararen aldeko hautua herri desegin bat berregiteko hautua da», zioskun, maisuki, zendu berri zaigun Azurmendi handiak. Nola, ordea? Euskal agertoki politikoan abiada ezberdinak daudela ezagutu izan dugun eran, ez ote zaigu komeni hizkuntzarenean ere hala dela ametitu eta, premiaren gorriz, UEMAri, legez, estatus aurreratuagoa aitortzea?
Esan beharrik ez da Belgikako eta Euskal Herriko testuinguruak ezberdinak direna. Bat aldizkariak berak, Kas Deprez eta Armel Wynants adituekiko elkarrizketan, Txillardegik artikulua moldatu eta pixka batera, gure herriak zakurrak isatsa baino itsatsiago daraman dialektika azaleratu zen, berriz ere: euskaldunon ahalmen linguistikoa —ezagutza- zein erabilera-ehunekoak—, batetik, eta zilegitasun historikoa, bestetik. Hauxe Bat aldizkaritik adituei eginiko galdera: «Euskal Herrian badaude mende hasieran hizkuntza hitz egiten zuten lurraldeak baina galdu egin zutenak». Deprezek, ahobizarrik gabe: «Ez da gauza bera mende batez hitz egitea ala urtebetez. Bruselan, adibidez, printzipioa indarrean jartzen badugu, historikoki Brusela flandriarra da, baina, 1963ko errealitatean oinarritu gara eta elebidun izendatuta dago». Wynantsek, diplomatikoago: «Historiaren argudioa erabiltzea korapilatsuago da. Zuek egoera erosoagoan zaudete, Europako lehen Herria zaretenez inork ezingo baitu esan: ‘Bai, baina zein zegoen zuek baino lehenago?’ Baina gure kasuan, pentsa ezazu. Gaur zeltak etortzen badira esanez: ‘A bai, baina zuen aurretik gu geunden hemen’. Eta erromatarrak gure lurretara etorri eta esaten hasten badira... Noraino jo atzera eta zeren arabera?».
Non daukagu guk flandriarrek duten hiztun-nagusitza, inon izatekotan ere? UEMAn. Baina kontuz, aldi berean, ideologikoki behintzat, Flandria izan nahi lukeen Valonia bat daukagu hein handian, nahiz eta, filosofian ikasten denez, desira eta benetako nahia ez diren beti bat. Ideologia aho biko ezpata da, baldinbaitere. Hori aski ez bazen, gure garaiotan eta batik bat hemen hauetan, apenas duen giharrik. Herri batek behar du esentzia minimo bat, eremuren batean jaun eta jabe izate egoskor bat, mudaezina, ideologia guztien gainetikoa. Flandrian muga linguistikoa finkatzeak, besteren artean, etorkinen sozializazio-joerari egundoko iraulia eman zion, frantsesaren kaltean erabat nederlanderaren alde lerratzeraino.
UEMAn, elebitasuna demokraziaren aurka doa buruz buru. Egun, arnasguneetan gaztelaniaz gertatzen diren elkarrizketa asko ezin jo dira naturaltzat azterketa politiko sakonagorik gabe, eta uste dut merezi duela egunen batean neurketa edo landa-lan hau egitea: zenbat dira hautu askekoak? Horra, egiturazko krakatekoa. Eta egiturazko arazo guztiei erantzun politiko-legala zor zaie. Zergatik jartzen du UEMAko herri-sarreretan halako herritan euskaraz bizi gara leloa? Herri horren ideologia praktikoaren, idiosinkrasiaren eta bizimoduaren adierazgarri delako. Hori legez errespetarazi behar da.
Euskararen alde neurri eraginkorrak edota sinbolikoak har daitezke, Conchur O Giollagain-ek berripaper honi ederki adierazi zionez. Euskararen oposizioan daudenek eskubideen esparru labainera bideratzen dute eztabaida: berdin euskara nola gaztelania aukeran jarri, ederki jakinda hautu libre hori faltsua dela. Politikarien egitekoa da tokiko berezko jokabide linguistikoa babestea. Nekeza izango zaigula traba juridikoak eta politikoak gainditzea elebakartasuna lortzekotan? Bai, jakina, baina gutxienez jar gaitezen itsasargi elebakar horri so. Nafarroako agintariek ez zuten, horratik, zalantza-izpirik izan gune erdaldunetan gaztelania blindatzeko! Paralelismo gertuagokorik?!
Bukatzeko, Antxon Narbaizaren hitzok ekarri nahi ditut gogora, Eibarko Euskara: Gutxiespenaren Historia? liburukoak, 1998koak: «Gureari berreutsiz Eibarko euskara hogeigarren mende honetan Gerra Zibilak erakarri zuen etena izan ez balitz, egun, agian, hiri-euskara bizi eta harreman guztietarako egokia —kale, familia eta lantegi besteak beste— ikusiko genukeen. Hasieran deitu dugun bere hiri-izaera gordeaz. Gerraren ondoren etorkin kopuru izugarria —kulturalki irentsiezina— hartu ez balu... frankismoaren mamu beltza ezagutu izan ez bagenu... Baina esaera zaharrak dioen bezala: balizko errotak urunik ez. Edota: urak joanda alperrik presia».
Baldin arnasguneak nahas-mahas egoerara makurtzen badira, bertako euskal komunitateari nahiz kanpoko periferiari oso ere piko jarriko zaie egunerokotasun linguistikoaren malda. Ba al dakizue zein den kolonialisten zuhur-hitz gustukoena? Katuak daraman okela gehiago da berea, ze ez heurea!