Batxilergoko irakaslea

Hizkuntza ekologia

Elene Gonzalez
2026ko uztailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hizkuntza guztiek eta hiztun guztiek eskubide berberak dituztela kontuan hartuta, hizkuntza bakoitzaren garapen jasangarria lortzea du helburu hizkuntza ekologiak, alegia, ekosistema linguistikoak zaintzeko xedea. Horregatik, hizkuntza aniztasuna modu jasangarrian kudeatu eta komunitate guztiekiko errespetua bermatzen du. Hizkuntza bakoitzak mundu ikuskera bat gorpuzten du, hau da, mundua ulertzeko, munduan eragiteko eta munduarekiko esperientzia historikoa gordetzeko modu berezi bat. Hortaz, ondare hori zaintzearen garrantziaz mintzo da hizkuntza ekologia.

Eta, euskaldunok hizkuntza ekologistak gara? Eta, euskaldunak ez direnak? Galdera horiek eta hizkuntza ekologiaren nondik norakoak ulertzea ezinbestekoak dira aspaldian murgildurik gauden aldaketen parte izateko; eta, bide batez, identitateari eutsi ahal izateko.

Zalantzarik gabe, euskarak munduarekiko esperientzia historikoa gordetzen du: hizkuntza aurreindoeuroparra da eta, ondorioz, bizi izan duen ibilbidea paregabea da. Ibilbide luze horretan, ondare horrek ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi bidaiatu du; eta idatziz ere legatu izugarria utzi du. Zentzu horretan, azkenean, Eusko Jaurlaritzak txalotzeko esku hartzea egin du hezkuntza sisteman; izan ere, literaturako eta soziolinguistikako gaiak nagusituko ditu Unibertsitaterako Sarbide Proban eta, ondorioz, atzeranzko kate geldiezinaren antzera, ikasketa maila guztietan gai horiek ganoraz irakasteko joera ahalbidetuko du. Beraz, euskaldunon artean hizkuntza ekologiaren kontzientzia zabaldu da.

Dudarik gabe, euskarak munduarekiko ikuskera gorpuzten du. Hizkuntza horren ekosisteman dauden hiztunek mundua ulertzeko era berezia dute. Berezia eta hurbila. Euskarak euskaldunak batzen ditu, eta bide horretan, euskararen herria zaintzeko pentsamoldea nagusitzen da. Euskararen sorterria eta aberria ulertzeko ikuskera ekologistan eta feministan oinarritzen da, hots, elkarbizitzan eta berdintasunean oinarritzen da. Beraz, bai, euskaldunon artean hizkuntza ekologiaren kontzientzia zabaldu da. Ezinezkoa da zehaztea zenbat hizkuntza bizi diren elkarrekin Euskal Herrian. Ehun bat direla diote adituek. Migrazio mugimenduak direla eta, euskarak beste hamaika hizkuntzekin partekatzen ditu goizeko kafeak taberna batean, metroan izaten diren elkarrizketak, zebra bideetan itxaroten sortzen diren hizketak edota parkeetan haurren arteko jolasetan. Euskara beste hizkuntzekin bizikidetzan da eta errespetuz biltzen ditu. Hizkuntza horien guztien garapen jasangarria zaintzen du. Baina, nola?

Euskarak euskaldunak batzen ditu, eta bide horretan, euskararen herria zaintzeko pentsamoldea nagusitzen da

Atzerriko hiztun horiei euskara ikasteko aukera emanez. Horrela, egun, milioi bat euskal hiztun baino gehiago gara. Zaindu eta zainduak izan. Hori izan beharko litzateke aurretik aipatutako ekologia horren oinarria. Tamalez, euskarak ez du beti beste hizkuntzengandik errespetu eta zaintza bera jaso. Gaztelera, esaterako, hizkuntza hegemonikoaren ikuspuntutik zapaltzailea da eta, hala ere, euskarak hor jarraitzen du. Gazteleradun batzuek, haur berekoiaren antzera, ez dute ulertu nahi izan bere identitatean, latinaz aparte, euskara ere badagoela. Horrenbestez, euskaldunok argi eta garbi hizkuntza ekologistak garela esan dezakegu. Nago beste batzuek ezin dutela berdina esan.

Horretan dago gakoa, alegia, herri moduan sortu nahi dugun komunitate anitz horren barruan ekologismoaren kontzientzia zabaltzeko indarrean; eta, orduan, gutxinaka-gutxinaka besteek ere ulertuko dute prozesu jasangarriaren parte izan behar dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA