Aintzat taldearen izenean

Hizkuntza: osasun arretan gertatzen diren prozesuak baldintzatzen dituen zeharkako faktorea

Unai Larrinaga Torrontegi eta Adrian Unai Zelaia Arieta-Araunabeña
2026ko martxoaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko urrian kazeta honetan argitaratutako artikulu baten osasun langile talde batek historia klinikoa euskaraz idazteko lehiaketa hasiko genuela plazaratu genuen. Proposamen hau 2025eko irailaren 15etik abenduaren 22ra bitartean burutu dugu Mendaroko ospitalean; non sendagile, erizain eta fisioterapeuta ugarik parte hartu duten bilakaera-orri eta txostenak euskara hutsean idatziz. Emaitzei dagokienez, kuantitatiboki euskararen presentzia idatzia nabarmenagoa egin da erregistro ofizialetan; eta, kualitatiboki, zalantzak ageri izan dira erdaraz normalizaturik dauden hizkuntza biomedikoan erabiltzen ditugun zenbait terminologia euskaratzeko orduan. 

Bien bitartean, Osakidetzak bi erabaki hartu ditu. Batetik, Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Garapenetik jakinarazi zaigu ezin dela euskara hutsean idatzi paziente euskaldunen historia klinikoan. Bestetik, Itzulbide izeneko itzultzaile automatiko neuronalaren pilotajea Donostiako ospitaletik gure ospitalera hedatu du. Haren helburua euskaraz dauden testu idatziak gaztelerara automatikoki itzultzea da, norabide horretan bakarrik; eta langile euskaldunak derrigortuta daude huraxe erabiltzera, euskaldunon historia klinikoa sistematikoki ele bitan egon dadin. Adimen artifizial honek erabiltzen duen corpus-a euskaraz idaztea debekaturik duten profesional elebidun boluntarioek elikatu dutenez, idatziotan akronimoak, zerbitzuen espresio propioak eta euskararen estandarizazio falta espero dira. Horrenbestez, badago gaur egun itzultzaileak identifikatu ezingo lituzkeen berba eta esaldiak. Izan ere, Itzulbidek oraindik ez du ebidentzia zientifiko nahikorik hura ezartzeko, eta ez ditu segurtasun eta balioztatze faseak gainditu. 

Euskarafobiaren ondorioz euskara ikasi nahi ez dutenen erabakien ondorioak ez dira euskaldunon erantzukizuna, hizkuntza zapalkuntzaren ondorioz hori barneratu badugu ere. Horregatik, osasun profesional euskaldunei eskatzen diegu ez dezatela Itzulbide erabili

Pazienteek jasotzen duten osasun arretaren kalitateari dagokionez, osasun-emaitza egokiak lortzeko hauengan zentraturiko praktika zientifiko aproposak egiterakoan lortzen dugun arreta bermea da; eta eraginkortasuna, segurtasuna, irisgarritasuna, egokitasuna, ekitatea eta integralitatea dira bere zutabeetako batzuk. Hau da, ahalik eta arrisku gutxienarekin emaitzarik oparoena lortzeko bidean, paziente bakoitzari bere beharrizanen araberako arreta pertsonalizatu eta onargarria eskaintzea aurreikusten duen kontzeptu zabala da. Honek guztiak ez ditu bakarrik erabaki klinikoak baldintzatzen (proba, diagnostiko eta tratamenduak), baizik eta harreman klinikoan parte hartzen duten beste faktore batzuk ere bai: hizkuntza, batik bat. Izan ere, pazientearen eta osasun sistemaren arteko hizkuntza parekidetasuna da arreta klinikoan segurtasun berme handiena eskaintzen duen komunikazio mota (gold-standard izan beharko litzatekeen praktika); berez gertatu beharko litzatekeen praktika desiragarria.

Laburbilduz, lehiaketa arreta klinikoa ahoz zein idatziz euskaraz bermatzen duen desobedientzia ariketa kolektiboa da; eta, gainera, terminologia biomedikoa euskaraz estandarizatzeko bidea zabaltzen du. Horregatik, beste arreta eremuetara hedatzeko asmoa dugu. Praktika honen atzean dagoen arrazoi nagusia pazientearen kalitatea da. Euskaldunok ez dugu osasun arreta euskalduna bermaturik, eta horrek desberdinkeria egoera bat sustatzen du kalitateari dagokionez erdaldunekin alderatzean. Horregatik, ortzi muga langileria osoa euskalduntzea izan behar da. Itzultzaile automatikoa prozesu horren aurkakoa da, langile erdaldun elebakarren erosotasuna mantentzen baitu, eta, hortaz, ez du euskarazko arretaren eskaintzarik bermatzen. Gainera, euskaldunon historia klinikoa ele bitan idazteko arrazoiak inplizituki darama euskararen erabilera eta arriskua kontzeptuen arteko elkartze bat, gaztelera neutrotzat duen paradigma faltsu bat. Euskarafobiaren ondorioz euskara ikasi nahi ez dutenen erabakien ondorioak ez dira euskaldunon erantzukizuna, hizkuntza zapalkuntzaren ondorioz hori barneratu badugu ere. Horregatik, osasun profesional euskaldunei eskatzen diegu ez dezatela Itzulbide erabili.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA