Dirudienez, euskarari Europako hizkuntza ofizialaren izendapena emateko ekimen politikoak ez du oraingoz arrakastarik izan. Atzeratu eta beste baterako utzi dute katalana, galiziera eta euskara Europako hizkuntza koofizialtzat onartuak izan daitezen Europako Parlamentuko bozketa.
Ukazioaren ahaleginean batez ere eskuineko eta eskuin muturreko indar politikoak saiatu dira su eta gar; bereziki, Espainiako PP eta Vox alderdiek bultzatu eta akuilatu dute ezezkoaren mehatxua.
Komunikabideetan behin eta berriro azaldu denez, katalanari egindako ukapenak izan du oihartzunik handiena. Besteak beste, katalanez mintzatzen diren pertsonen kopurua 20 milioitik gorakoa delako. Eta kopuru horri okzitanieraz mintzatzen diren beste hainbeste ere gehitu ahal zaizkielako. Argi eta garbi adierazita gelditu da independenteak diren estatuetako hizkuntzei aitortzen zaiela ofizialtasuna; adibidez malterak (200.000 erabiltzaile), irlanderak (250.000 erabiltzaile) eta abarrek ofizialtasuna lortu dute. Ondorioz eta adibidearekin jarraituz, PPk eta Voxek iraindu, kaltetu eta zapaldu gaituzte, baina independentziaren aldeko argudio gaindiezinak ere eman dizkigute.
Eskuin muturraren jokoa ez da bakarrik itsumenak eta ezjakintasunak eragindakoa, baizik baita ere gorrotoak. PP eta Vox ez dira bakarrik zapaltzaile eta atzerakoi bezala gelditzen, baizik baita ere irrigarri. Gabriel Arestik idatzi zuen —eta erdaraz idatzi ere, alajaina—: «No es buen español el que no sabe las cuatro lenguas de España». Voxek eta PPk ez digute irain, kalte eta zapalketa soilik Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herrikooi egin, baizik baita ere espainiar, frantziar eta europar zentzuzkoei. Eskuin muturrekoen patriotismokeriak, giza eskubideen kontrakoak eta atzerakoiak izateaz gainera, irrigarriak dira.
Egiazki, gaur egun Europako hizkuntza franko edo komunaren hobia ingelesak betetzen du. Edozeinek ikus lezake Europar Batasuneko agintariak ingelesez mintzatzen direla gehienetan. Eta hori gertatzen da, nahiz eta ingelesa lehen hizkuntza ofizialtzat daukan estaturik ez dagoen jada EBn, Erresuma Batuak brexit-a erabaki zuenez geroztik. Ingelesa koofiziala da Irlandan eta Maltan, baina agerian dago hizkuntzarik erabiliena eta hizkuntza frankoaren papera betetzen duena dela Europa osoan, baita EBtik at ere. Horregatik, askok esango lezakete, erabilpenari begiratuz gero, hizkuntzarik europarrena ingelesa dela.
Baina jatorriari begiratuz, ordea, eta hizkuntzalariek eta hizketako filosofoek egin —eta eztabaidatu— ohi dituzten Europako hizkuntzen familiak ikusita, lau zuhaitz egiten dira: hiru guztiz anitzak eta adar ugaritakoak, indoeuroparrak, uralikoak eta kaukasikoak; eta bestalde, euskara. Nahiz eta izan diren eta badiren euskara beste hizkuntza batzuekin ahaidetu dutenak ere (iberiera, zeltera, tamazih, indoeuroparra bera, hizkuntza dene-kaukasikoak, eta abar). Baina, laburbilduz eta jatorriari begiratuz, euskara da hizkuntzarik europarrena. Eta hara non euskararen kontra agertzen diren horietako asko —eskuin muturrekoak bereziki— Europaren ideiaren eta egitasmo politikoaren kontrakoak diren... Guri Europak samina egiten digu —Ortega y Gasset parafraseatuz—; baina horrek esan nahi du maite dugula.
Euskara jatorriz hizkuntzarik europarrena dela aitortzea, ordea, ez da doan egiten den aldarria. Baieztapen horrek esan nahi du euskara Europaren nortasun ezaugarrietako bat dela. Hau da, Europa definitzeko beste nortasun ezaugarriez gainera, aintzat hartu eta erabili beharrekoa. Hortik ezagutu daitezke bere garrantzia eta etsaien gorroto eta xede maltzurrak.
Izan ere, euskara Europako hizkuntza ofiziala aitortzeak, hemen bertan hain zitalki eta ankerki murrizten, oztopatzen eta zapaltzen duten koofizialtasun egoera aldatzeko astindu indartsua emango luke. Koofizialtasunak berdintasuna esan nahi du; eta hizkuntzen ezberdintasun konstituzionala, legala, estatutarioa eta judiziala giza eskubideen zapalketak dira. Inposizioa soilik hizkuntzen estatuseko ezberdintasuna da. Hemen —Iparraldean, Nafarroako Foru Erkidegoan eta EAEn, hiruretan ala hiruretan— espainolaren inposizioa dago ezarrita... ertzaina izateko espainola obligatorioa baita eta euskara ez. Eta berdin beste arlo guztietan.
Egia da, ordea, guk euskaldunok ere aldatu egin beharko genituzkeela geure euskararekiko aldarrikapenak, estrategiak, leloak eta argudioak. Europako beste nazio eta herrialde guztietan bezala, Euskal Herrian ere, elebidunak edo ele-anitzak izango dira eta izan beharko dute etorkizunekoak. Eta inposaketarik gabeko egoera bat soilik benetakoa izango da hizkuntza koofizialak berdintasunean daudenetik aurrera.
Gertu-gertutik eta familian bertan euskaldun elebakarren sufrimendua ezagutu dugunoi benetako iseka eta iraina egiten zaigu euskaren eta beste hizkuntza propioen gezurrezko inposaketaz egiten diren aipamenak entzutea. Inposaketa bakarra eta betidanikoa eta krudela espainolarena eta frantsesarena izan da eta jarraitzen da izaten. Araudi autonomikoen edo/eta estatutuen aldaketan benetako koofizialtasuna, hau da, bi hizkuntzen berdintasuna bermatuko duen araudia izan behar du apustu eta xedea.
Horren kontra eman diren eta aitortu diren sententziak eta sindikatu eta epaitegien erasoak nola gobernuen ahuleziak salatu beharko dira. Baita ere, ordea, euskararen zaintzarako leudekeen Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Kontseilua eta abar, dagoeneko zaharkituak eta eraginkortasunik gabeak aurkitzen direnak. Ez da aski euskaraz bizi eta horrelako leloez aritzea baldin eta hizkuntzen estatusak ezberdinak izaten jarraitzen baldin badira.
Guzti horregatik eta batez ere teoria mailan zen hain garrantzitsua Europako Parlamentuaren ustezko aitorpena... Badirudi Frantzia bezalako estatu zentralistak ere prest zeudela alde bozkatzeko behingoan, eta ezezkoa eman duten eskuin eta eskuin muturrekoak izan dira beren axalkeria —baina batez ere beren gorrotoa— erakutsi dutenak.