Joxe Manuel Odriozola.
Euskaltzalea

Identitate borroka Nafarroan

2024ko urtarrilaren 4a
05:00
Entzun

Nafarroa Garaiko nazio identitateak zertan diren jakin nahirik, azterlan bat egin dute oraindik orain: Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan: euskara eta nazio identitateak. Txoli Mateos, Amaia Nausia eta Julen Zabalo dira egileak. Eusko Ikaskuntzaren baitan kokatzen da azterlana. Beren lanaren azalpena BERRIAn eman ziguten: Hitz egin dezagun Nafarroaz eta nafarrez (2023-08-09).

Nafarroan nagusi diren nazio identitateen arteko talkan zer gertatzen den jakin nahi dute egileek. Identitate nagusi eta gailen horien arteko borrokan «benetako nafartasunaren» auzia omen dago tartean. Nazionalismo espainolaren ustez, euskal abertzaleen nafartasuna euskal nazionalismoaren baitako osagai ideologiko bat litzateke. Euskal abertzaletasunaren irudiko, berriz, nabarrismoaren osagai ideologikoa nazio identitate espainolaren ezpaleko ezaugarria. Egileek diotenez, «elkarri zilegitasuna kentzen diote», eta galdera hau gaineratzen dute: «Non dago nafartasuna?».

Gaur egungo nafartasuna edo nafarra izatearen sentimendua identitate kolektibo lokal bat dela esango nuke. Ez luke zerikusirik behinolako nafar erresumaren identitate politiko askearekin. Gaur egungo nafarren identitate lokalek —nafartasuna, tartean— gainjartzen zaizkien nazio identitate nazionalen arabera funtzionatuko lukete, beraz. Hartara, batetik, nazio euskaldunaren mendeko identitate geruza bat litzateke abertzaleen nafartasuna; eta, bestetik, nazio espainolaren mendeko jarrera ideologikoa litzateke nabarrismoaren espresioa.    

Esan dezagun tokiko nortasun nafarraren eta bi nazio identitateen arteko harreman horietan, identitate nazional bat hegemonikoa izateaz aparte, hegemonista dela, espainiar nazionalismo espantsionistaren sokakoa denez gero. Bestea, Nafarroan bizi diren euskal abertzaleena, nazio identitate zapaldu eta ukatu baten nafar izaera denez, burujabe ez den nazio baten identitate lokaltzat jo dezakegu. Nolanahi ere, batzuen zein besteen tokiko nafartasunaren eragin indarra eta ahala espainiar estatu nazionalaren botere hegemonikoak konfiguratzen du funtsean. Hortaz, identitate lokal eta erregionalen kasuan ere nazio identitateen arteko estatus eta botere harremanak dira aztertu beharrekoak, tokiko eta nazio identitateen arteko artikulazio horretan indarrak zertan diren jakin nahi izatekotan.   

Azterlanaren egileek diotenez, nafar sentimendua sendoa da: «Jendea harro sentitzen da nafarra izateaz». Hori bai: nafartasuna «ia beti Espainiari zein Euskal Herriari lotua» ageri da. Horiek horrela, zer inplikazio eta ondorio ditu identitate lokal eta nazionalen arteko uztardura horrek nafarren bizitza politikoan eta soziolinguistikoan? Zeren eta, egileen ustez, arazo bat sortzen da identitate nazionalen arteko harreman gatazkatsu horretan: «Bizikidetza demokratikorako oztopoak argiak dira: bi ideologia edo sentimendu horiek zilegi dira demokrazian, baina nola eztabaidatu Nafarroari buruz, beste aldea ez dela benetan nafarra uste badugu?».

Ez dakit identitate kolektiboen arteko borroka horretan oso egokia den benetakotasun kontuak hizpide hartzea. Identitate nazionalen arteko gatazkak azken buruan botere kontuak badira, hots, kasu honetan, bi nazioen arteko botere harremanen emaitzak, identitateen arteko talkan botere hegemonikoak izango du azken hitza. Izan ere, Nafarroak Espainiako Estatu nazional espantsionistaren arabera funtzionatzen du bere egiturazko ardatz politiko eta kultural esanguratsu guztietan. Badago noski euskal nafar abertzaleen nolabaiteko erresistentzia, baina erresistentzia horrek ez du ahalmenik dagokion helburu nazionalaren araberako identitate soziolinguistikoa eta politikoa egituratzeko. Egungo nafar errealitate politikoa eta soziolinguistikoa berez mintzo dira: hala, Espainia bere naziotasuna eta hizkuntza ezartzeko gai da Nafarroan horrek berekin dakartzan identitate harreman asimetriko zapaltzaileekin, eta, bestetik, Euskal Herriak ezin ditu bere nazio nortasunaren praktikak eta egiturak erakundetu.

Identitate nazionalen arteko antagonismoa nabarmen azaltzen da azterlan honen ondorioetan: «Espainiar eta euskal nazionalismoek hizkuntzari ematen dioten berebiziko garrantziak bide itsura garamatza». Alegia, nazio identitateak ez dira bateragarriak, estatu nazional espantsionistaren estrategia juridiko eta politikoetan estatu plurinazionalen proiektua asimetrikoa eta bidegabea delako. Estatu plurinazionalen antolamenduan, izan ere, nazio hizkuntzen eta kulturen arteko antagonismoa dago; bestela esanda, nazio hizkuntzen eta kulturen estatusa nazio baten aldekoa eta bestearen kontrakoa da.

Hala ere, euskal komunitate nazional zapalduari aniztasuna eta jokabide demokratikoa eskatzen zaio, espainiar nazionalismo espantsionistak arnasa hartzea ere ukatzen dion arren. Demokraziaren eta aniztasunaren izenean, etnozidioa estaltzen eta zuritzen dute nazionalismo espainolaren inguruko bertsio guztiek, progresistek barne. Progresisten nazionalismo espainola bereziki da arriskutsua, elkarbizitzaren eta eskubide sozialen izenean, asimilazio nazionalaren politika sartzen digulako ezari-ezarian atzeko atetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.