Identitate faltsuak

2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Unibertsitateko ikastaro bat dut gogoan zeinetan irakasle batek postmoderno gisa aurkeztu baitzuen bere burua entzuleen aurrean, eta identitatea ez dela existitzen esanez hasi zuen eskola. Ez bakarkakoa, ez taldekoa. Filosofiak, psikologiak, soziologiak, humanitateek eta Zeruko Gorteek demostratzen dute. Ondotik, gizarte munduaren interpretazioaz azalpen bikaina eskaini zuen bere feminista eta lesbiana ikuspegitik.

Europarrak garela, inork ez du zalantzan jartzen. Espainiar nazionalitatea gurekin batera daramagula, objekzio guztietatik at dago. Pasaporteak, tribunalek, zergek, errege katolikoak eta bisigodoek, guardia zibilek (eta haiek inolaz ere nahi ez dituzten Gibraltarreko biztanleek) horren lekukotasuna ematen dute. Homosexual edo lesbiana izan daiteke existentzia-baldintza gisa, eta unibertsoa ikuspegi horretatik ulertu... Nago existitzen ez den identitate bakarra, desmuntatu eta disolbatu daitekeena geurea dela. Euskalduna. Ez daiteke euskalduna izan garaiko pentsamenduaren (izpirituaren) edo Entzutegi Nazionalaren kontra delitua egin gabe. Kasu honetan, eta salbuespen moduan, bai. Baten bat arduratuko da errudunaren euskal nazionalitatearen bertutea nabarmentzeaz, xehetasun arduratsuaz gainera.

Paper faltsuak

Idoia Arrieta historialariak, berriki, gordeta, desagerrarazita zegoen dokumentu bat aurkitu du; gaur Gipuzkoa deitzen duguna Alfontso VIII.aren tropek konkistatu zutela berresten da hartan (Historialariek ezkutatu digutena: Donostiaren konkistaren dokumentua, Nabarralde). Lurralde hau Nafarroaren parte zen, beste euskal populazio toki batzuekin batera, 1200eko inbasioa arte. Mendeetan zehar eztabaida izan da lurralde hori Gaztelara hitzarmenez ala konkistaz bildu ote zen. Arrieta doktorearen aurkikuntza ikusirik, gerra erakusten duten dokumentuak desagerrarazi dituztela baieztatu dezakegu. Eskuz idatzitako apunte batek ohartarazten du paper-sortaren bazterrean: «Kasu, konkistaz ari da» (sic). Ez dago zalantzarik. Bazekiten zer esan nahi zuen, ze balio zuen, eta ongi jakinda ezkutatzen zuten. Orain dela urte batzuk transkribatu zuen historialari ofizialak dokumentuaren izenburua faltsutu zuen inor ohartu ez zedin.

Quim Monzok Eiffel dorrea saldu zuen maula-egilearen kasua kontatzen du, zeinak, antza denez, dorrearen mantenuak eskatzen zuen neurrigabeko kostuaren berriak altxatu zuen zalaparta aprobetxatuz —gaur alarma sozial deituko genukeena— saldu baitzuen dorrea (La edad de los metales. La Vanguardia). Kexuen eta iskanbilaren artean, artistak Korreo eta Telegrafoen Ministerioaren paper ofiziala faltsutu zuen, metalaren merkatari batzuekin egin zuen harremana, eta dorrearen pagotxa eskaini zien pisura, kiloa zentimotan, enkante gisara. Eskaintza enpresari anbizio handiko eta erneenak hartu zuen, eta hura ordaintzeaz gain, iruzurgilea erosteko eskupeko goxoa eman zion gainera.

Munduan dugun tokiak iruzur baten pausuak jarraitzen dituela uste dut maiz. Herriko kaikua ailegatzen da hirira, eta liluratuta, Brooklingo zubia eskaintzen diote, Eiffel dorrea, edo, agian, Donostiako Kontxa hondartza bera ere. Zer gara? Euskal identitatea existitzen da? Ez dakigu, zehazki, zatika desmuntatu daitekeen, salgai dagoen edo txatarra den, merke zorrian ematen zaigun balioa baino ez dugula.

Ziria sartu digute; mendeetan zehar iruzurtu digute historia. Paper ofiziala banatu dute bulego eta ministeriotan gure identitatea ausarkeria handiena duen tranpatiaren esku izan dadin errazteko. Gero ez garela existitzen diote; gure errealitatea faltsua dela, fantasia, balio gabeko kezko dorrea, eta edozeinek aurki dezake ferian haren kopia, edo erosle onenari saldu... eta Kontxa erosi zuen tontoaz irri egiten dugu halere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.