Errenterian berriki ezagutu diren indarkeria matxistako kasuek eztabaida bizia piztu dute horiek lantzeko moduaren inguruan. Ausardiaz eta baldintza alderdikoirik gabe heldu behar diogu eztabaida horri, lotura estua baitu lehentasunezko gai batekin: emakumeen duintasunarekin eta askatasunarekin, alegia. Seinalamendurik gabe, liskar politikoak sortzeko borondaterik gabe, baina erantzukizunetik eta kritika eraikitzailetik abiatuta. Betiere eta kasu guztietan, indarkeria horren biktimenganako errespetu eta errekonozimendu osoa dugula oinarri; izan ere, haien premien eta ongizatearen babesa, haien duintasuna eta autonomia izan behar dira erakundeen eta gizartearen lehentasuna. Baita kasu honetan ere. Hala adierazi nahiko nuke.
Udalak jakinarazi duen informazioaren arabera, hedabideen arreta osoa hartu duten bi kasuak desberdinak dira, akusazioen larritasunari dagokionez. Hala ere, ez doa oharkabean haien inpaktua askoz handiagoa izan dela batera gertatu direlako; bietan ala bietan botere posizio batean dauden gizonak izan direlako, beren arloetan erreferente direnak; eta modu pribatuan kudeatu direlako.
Sortutako kezka dela eta, salatzeko elkarretaratzeak egin dira Zigorgabetasunik ez lelopean. Hala ere, isiltasunaren legea nagusitzen denean, hain justu kontrakoa gertatzen da. Zigorgabetasuna. Eta ez da bidezkoa. Gure herritarren bizitza hobetu nahian gobernatzeko zeregina hartu dugunon erantzukizunetik, oso serio hausnartu behar dugu ea hori den zoritxarrez hain ohikoa den indarkeria matxistaren errealitateari aurre egiteko bidea. Galdera egokiak egin behar ditugu, antzeko egoerarik berriz ez gertatzeko behintzat. Gertatutakotik ikasi.
Oso kezkagarria iruditzen zait, halako gertaerak direnean, gardentasun falta, partekatu gabeko diagnostikoa eta gestio partikularra nagusitu ahal izatea, bermeak ematen dituen bitartekaritza instituzionalizaturik gabe. Gauzak horrela, zilegi da galdetzea ea bide horretatik joan behar duen bortizkeria matxistei erantzuteko arreta publikoak. Biktima potentzialak babesteari utzi al zaio? Emakumeen eskubideen gainetik jarri al da akusatuen kolektiboaren prestigioa? Zerikusirik izan al du haien botere eta erreferentzialtasunak? Non geratzen da prozesu justu baten bermea?
Oso kezkagarria iruditzen zait, halako gertaerak direnean, gardentasun falta, partekatu gabeko diagnostikoa eta gestio partikularra nagusitu ahal izatea, bermeak ematen dituen bitartekaritza instituzionalizaturik gabe.
Azken urteotan, biktimei laguntzeko sare instituzional nabarmena ehundu eta indartu dugu, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta, mugimendu feministarekin elkarrizketan betiere. Hobetzeko esparruak badauden arren, protokoloek, pixkanaka, erdigunean jarri dute biktimen erreparazioa, zertarako eta haien duintasuna, autonomia eta parte-hartze aktiboa aitortuko dituen erantzun integral, feminista eta komunitarioa sustatzeko. Hala, indarkeria matxistari aurre egiteko politika publikoetan identifikatzen ziren premietako bati erantzuten zaio. Izan ere, erakunde guztion artean, biktimei babesa ematen zaiela eta prozesuak haien erreparazioan laguntzen duela bermatzeko lan egin behar dugu.
Azken aste hauetan gertatutakoak gauza bat uzten du agerian: nahiz eta ikuspegi asistentzialista eta judizial hutsek beharbada mugak dituzten erreparazio prozesu horretan laguntzeko, prozesu horietan alde batera uzten bada alor instituzional, asistentzial eta judiziala, litekeena da erasotzaileentzat zigorgabetasuneko espazioak sortzea. Bermerik gabeko espazioak. Alor horretan denok dugu erantzukizun berezia, eta erakunde publikook nagusiki. Izan ere, biktimei babesa eta laguntza emateaz gain, gure zeregina da, zigorgabetasunaren eta birbiktimizazioaren aurrean, halakoak errepikatzen ez direla eta gizartean biktimak aintzat hartzen direla bermatzeko lan egitea.
Ikuspegi hori erreparazio prozesuetan txertatu gabe uzteak —Errenterian eta beste kasu batzuetan ikusi izan dugun bezala— indarkeria matxistari erantzuteko sistema paralelo bat antolatzea ekarri lezake, erakundeen protokoloak eta azken urteetan abian jarritako arreta eta laguntza bide ugariak saihesten dituena. Azken asteetan entzun diren ahotsen arabera, joera horrekin batera datoz bide instituzionalen deslegitimazioa eta, ondorioztatzen denez, erasotzailearen ingurune sozialaren arabera aktibatzen diren erreparazio akordioen defentsa. Ikuspegi demokratikotik onartezinak izateaz gain, jarrera horiek ez dute bermerik ematen —ikusi dugun bezala— eta haustura soziala dakarte.
Euskal erakundeek hamarkadak daramatzate arreta zerbitzuak aktibatzen eta indartzen, hain zuzen ere, biktimei laguntzeko eta haien ondoan egoteko, haiek berriz biktima bihurtu gabe, erantzun koordinatu eta eraginkorra emateko ahaleginean, zigorgabetasuna prebenitu eta geldiarazi nahian. Erakundeen betebeharra da, halaber, gaitzespen publikoa eta justiziarekiko konpromiso irmoa erakustea.
Gipuzkoan, adibidez, aholkularitza juridikoko zerbitzuez, laguntza psikologikoko zerbitzuez eta biktimentzako harrera baliabideez gain, Hariberria zerbitzua jarri da martxan, hau da, sexu erasoen biktimei arreta integrala emateko foru zerbitzua. Donostian eta Arrasaten ditu arreta emateko guneak eta, laster, baita Lazkaon ere.
Urteak daramatzagu indarkeria matxistaren aurkako borrokan. Atzerantz garamatzaten joera negazionisten aurrean, erakundeen eta mugimendu feministaren arteko lankidetza estuan oinarrituz jarraitu behar dugu borroka horretan lanean. Aspalditik diogu indarkeria matxista gizarte osoaren arazoa dela. Gizarte osoak inplikatu behar duela hura desagerrarazteko. Egin dezagun, bada, elkarrekin lan, bide paralelorik sortu gabe, bide koordinatu eta gardenak baizik, biktimei laguntzeko orduan elkarren osagarri izango direnak.
Ildo horretan lan egitera gonbidatu nahi ditut inplikatutako eragile guztiak, eta indar politiko, elkarte feminista eta arduradun instituzional guztiei luzatzen diet eskua, Errenteriakoaren moduko kasuetatik zer ikas dezakegun hausnartzeko. Horrela bakarrik egin ahal izango baitugu aurrera emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko lurralde bat eraikitzeko helburuan. Batzen gaituen helburu bat da, eta etorkizunean ere hala izaten jarraitu behar du. Biktima guztiei eta gizarte osoari zor diegu hori.

