Nafar Ateneoko Euskara saileko eledun ohia eta egungoa

Ilargiraino eta buelta maite zaitut, Futura

Josu Jimenez Maia eta Ines Castiella Imaz
2025eko abuztuaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1985en berpiztu zenetik, Ateneo Navarro / Nafar Ateneoak berrogei urte bete ditu udaberri honetan. Berriki Nafar Ateneoaren irudia edo marka berritzeko erabakia hartu zenez gero, Antonio Eslavaren logo txuri-beltza, 1985ekoa, aldatzeko beharra planteatu zen, Nafar Ateneoaren irudi korporatiboa eguneratzeko eta gaurkotzeko xedez, webgunearekin berarekin egin den gisara.

Nafar Ateneoaren logo berria nominatiboa da eta letra tipo aukeratua, Futura Pro Black, indar handikoa, kutsu modernoa eta lerro geometrikoak dituena. Futura Pro Black Paul Renner tipografo alemaniarrak 1927 diseinatutako Futura letra-tipoaren aldaera bat da, trinkoa eta irmoa, argia eta garbia. Hori horrela, irakurterraza eta erakargarria izanik, lehen begi-kolpean ezagutzen da, eta ezagugarri horiek guztiek transmititzen duten sendotasuna Nafar Ateneoari ederki ematen diote. Oinarrizko trazuz egina da letra-tipo hau: marra zuzenez, triangeluz, karratuz eta zirkuluz osatutako letrak ditugu; Bauhaus mugimenduaren eragina antzeman dakioke aise.

Laster mende bat beteko duenez, Futura letra-tipoa aukeratzeak bide ematen dit gogoratzeko 1931tik 1936ra kultura eta zientziaren alde lanean aritu zen Nafar Ateneoa hura. Gaurko Gazteluko plazan bertan zeukan egoitza. Errepublika garaian Errepublikaren Plazan, Cafe Suizo mitikoaren eta Izquierda Republicana alderdiaren egoitzaren gainean. Hantxe zegoen jatorrizko Nafar Ateneo zaharra, 1936ko karlistek eta falangistek bortxaz okupatu eta arpilatu zuten arte, errepresio frankista eta diktadura urte luzeen atariko. Gure historiaren zatia da eta ez dezagun ahantzi, zeren eta aipu ezagunak dioenez, bere historia ezagutzen ez duena errepikatzera kondenatuta baitago.

Bestalde, ele biz doan Ateneo Navarro / Nafar Ateneoa testuak badu bi hizkuntzen arteko detaile tipografiko moderno bat, erdarazkoaren eta euskarazkoaren arteko paragrafo-sinboloa txertatu delarik.

Sans-serif motako Futura tipografia hau oso erabilia da. Izan ere, historia luzeko eta etorkizun handiko letra-tipoa da, eta historian badu beste ezein letra-tipok aldarrikatzen ezin duen zerbait: NASAk baliatu zuen Futura letra-tipoa Apollo 11 espazio-ontziaren bidaian eta Ilargian estreinakoz gizakia pausatu zelarik, bertan utzitako plakaren testua Futura letra tipoz idatzita baitago. Gizakiaren historian ez ezik, tipografiaren historian ere, berebiziko mugarri. Futura, beraz, Ilargian dago oraino, baina haraino joan beharrik ez dugu, Nafar Ateneoaren markak berak tipografia hori bera baitarama. Ilargiraino eta bueltan maite zaitut, Futura.

Bestalde, Futura letra tipoaren sortzaile Paul Renner, tipografoa, diseinatzailea eta margolaria izateaz landara, giza eskubideen aldeko ekintzailea ere izan zen Alemanian; baita errepresaliatua ere, Nazien politika kulturala gogor kritikatzeagatik, besteak beste, Kulturbolschewismus? liburuaren bidez. Argitaratze haren kontrako jazarpena areagotu eta urtebete igarota, Gestapok hartu zuen atxilo, horren ondoren eta ondorioz irakasle-postua utzi behar izan zuelarik. Tipografia orok, bistan da, historia oso bat darama bizkar-zorroan.

Amaitzeko, oso gustagarriak diren kolore beltz eta urdin dotore horiek indar komunikatibo handia ematen diote Nafar Ateneoaren marka berriari; izan dezala bide luze eta oparoa, Ilargiraino eta bueltako bidea bezain luzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.