Imanol Larzabal, Idoia Aierbe 'in memoriam'

2018ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Duela gutxi bi gertaera izan ditugu Euskal Herrian, itxuraz elkarren artean zerikusirik ez dutenak baina, funtsean, arazo orokor eta zabalago baten zati direnak: Idoia Aierberen heriotza eta Imanol Larzabal abeslariarengan oinarritutako Fakirraren Ahotsa Harkaitz Canoren liburua argitara eman izana. Itxuraz zerikusirik ez duten gertakariak diren arren, lotura sakon eta tristea dute biek: euskal gatazkak sortutako heriotza, sufrimendua, tortura, bakardadea eta ahaztura bidegabea ezagutu zituzten bi pertsona horiek: Idoia Aierbek eta Imanol Larzabalek. Ondoren, bien zertzeladak azalduko ditut, esan nahi dudanaren muina ahalik eta ondoen adierazteko.

Jende askok jakin ere ez du egingo Idoia Aierbe nor zen. Hitz gutxitan esateko, Euskal Herriko neska gazte bat zen, Mikel Zabalza izan zenaren bikotekidea. Historia ikasten ari zen Donostiako EUTGn 1985ean, agian bistaz ezagutuko nuen, ez naiz gogoratzen. Urte horretan atxilotu eta gogorki torturatu zuten. Geroztik, oso informazio gutxi izan dut neska horri buruz baina, BERRIAn publikatutako gutun baten bidez jakin dudanez, Intxaurrondokoa jasan eta gero, zama handia zeraman, bere bihotza penaz beterik geratu zen eta gaixotasun larri bat pairatu zuen, azkenik heriotzara eraman duena. Honaino gertatutakoa. Hemendik aurrera, ordea, nire hausnarketa eta kezka sakonak plazaratzen hasiko naiz: gaia ezagutzen ez duen jende askok pentsatuko duenaren kontra, esan al daiteke Idoia Aierberen heriotza gaixotasun batek bakarrik eragin zuela? Neska horri bizitzan gertatu zitzaiona dakigunok, hain erraz esan al dezakegu heriotza horrek beste konnotazio batzuk ez dituela? Pertsona horren prozesu osoan sartu nahi izan gabe, ezagutu ez dudalako, argi dagoena hau da: gertatu zitzaiona gertatu ondoren, izugarri sufritu zuen eta ez da sufrimendu gogor eta bidegabe horrek eragindako heriotza izan zela inolaz ere baztertu behar; areago, dudan informazio apurraren arabera, eta gutunak argudio gehiago ematen dizkit, gauzak horrela gertatu zirela ematen du. Beste ideia bat aipatu nahi dut: Euskal Herriko hainbat eta hainbat pertsona bezala, bakardadean eta minez joan zaigu Idoia eta, hori esaten dudanean, herri eta komunitatea garen aldetik Idoia bezalako pertsonak bide bazterrean utzi ditugula esan nahi dut. Ez ditzagun, mesedez, gauzak nahastu: maila pertsonalean denok geure harreman-sareak ditugu: familia, lagunak... eta, Idoia Aierbek azken unera arte izan zuen familiaren eta gertukoen maitasuna, beti zaindu dutenak eta haren ondoan egon direnak. Herri edo komunitatea garen aldetik, ordea:ez ote ditugu pertsona horiek eta euskal gatazkak eragindako oinazea eta heriotza ezagutu dituzten hainbat eta hainbat bakardade gorrian utzi? Galdera kezkagarria da, ni, behintzat, asko kezkatzen nauena eta, zoritxarrez, ez dut neure inguruan horri buruzko kezka handiegirik ikusten.

Imanol Larzabal, ordea, denok dakigu nor zen. Abeslari handia zen, Euskal Herriaren askatasunaren, euskararen eta euskal kulturaren alde erruz lan egindako pertsona. Atxiloketa, kartzela eta erbestea izan zituen haren konpromisoaren ordaina. Erbestetik etorri zenean, Euskal Herriaren alde lan egiten jarraitu zuen euskaran eta kulturan, kantagintzan bereziki. Hasieran Euskal Herriko jendeak asko maite zuen, baina egun batean, bekatu larri bat egin zuen Imanolek, euskal gizartearen sektore baten ustez: ETA erakunde armatuaren kontra jarri zen eta, Yoyes hil zutenean, haren aldeko jaialdi batean parte hartu zuen. Hortik aurrera hasi zen haren sufrimendu handia: lehenago maite zuen jende asko haren kontra jarri zitzaion, jende askoren ustez traidorea izatera pasa zen, ez zioten kasurik egiten, pertsona batzuk haren kantaldiak boikotatzen hasi ziren... Adibide triste bat emango dut, portaera horren adierazgarri: 1989aren bukaeran, Aita Barandiaranen omenez kantaldi erraldoi bat egiteko asmoa izan zen Ataunen. Euskal kantari askok hartu behar zuten parte, Imanolek besteak beste, baina, Imanolek kantatuko zuela jakin zutenean, hainbat eta hainbat kantarik uko egin zioten parte hartzeari. Oso tristea eta gogorra izan zen. Azkenik, oso kantari gutxiren parte-hartzearekin egin zen kantaldia, nortzuek abestu zuten ez naiz gogoratzen, baina gutxi izan ziren. Hortik aurrera, egoera gaiztotu besterik ez zen egin: irainak pairatu behar izan zituen, mehatxuak egin zizkioten... Azkenik, gehiago ezin zuela, Euskal Herritik kanpora bizitzera joan behar izan zuen. Orihuelan (Alacant) zegoen, gaixotasunez hil zenean. Egia da gaixotasun batek eragin ziola heriotza, ez dut hori inolaz ere zalantzan jarriko, baina ziur al gaude gaixotasun horretan Imanolek pairatutako tristurak eraginik izan ez zuela? Nik ez nuke hori hain ziur esango eta guztiz segurua dena hau da: tristuraz beterik utzi behar izan zuen Imanolek hainbeste maite zuen herria, euskalgintzak eta kulturgintzak, arrazoi ideologikoengatik, ez diote merezi duena aitortu , bakarrik, triste, erbestean eta haren herriko jende askoren maitasunik gabe hil zen eta, nik dakidanez, euskal gizarteak eta, batez ere, euskalgintzak ez dute oraindik haren izena aldarrikatzen, salbuespenak salbuespen.

Bukatzeko, eta ondorio gisa, hau esan nahi dut: jarri ditudan bi adibide horietatik ondoriozta daitekeenez, hainbat motatako sufrimenduek eragindako zauri sakona du euskal gizarteak, ETAren borroka armatuaren bukaerarekin inolaz ere desagertu ez dena, eta, zoritxarrez, euskal gizarteak, are gutxiago alderdi politikoek, ikusi nahi ez duena. Beste errealitate batean gaudela ematen du, lehen gertatutakoa jazo izan ez balitz bezala. Estatutu berri bat lortzeko asmotan ari dira EAJ eta ezker abertzalea lanean, pentsiodunen egoera eta feminismoa omen dira gaurko euskal gizartearen kezka nagusiak eta ematen du Euskal Herrian gertatu diren hilketak, torturak, mota guztietako giza eskubideen urraketak, jendea desberdin pentsatzeagatik bide bazterrean uztea... bezalako arazoak oso jende gutxiri axola zaizkiola. Kontuz, ez dezala inork nik esandakoa gaizki interpretatu: oso inportanteak iruditzen zaizkit emakumeen eta pentsiodunen kezkak eta haien alde egiten ari diren mobilizazioak, estatutu berriarena ez dut batere garbi ikusten, baina ez naiz horretan sartuko. Esan nahi dudana hau da: herri eta komunitate gisa aurrera joan nahi badugu, dugun zauri sakona, mota guztietako sufrimenduek eta giza eskubideen urraketek eraginda, denon artean sendatu behar dugu, herri honetan jende askok izan dituen bakardadea eta maitasun falta betiko gaindi ditzagun. Horregatik, bihoakizue artikulu hau zuei, Idoia eta Imanol, in memoriam, herriaren oroimenean betiko iraun dezazuen eta ez dezagun inoiz ere itxaropena galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.