Gallardonek dimititu egin du. Emakumeon eskubideen kontrako gurutzada ez da dimisio honekin amaituko, baina zerbait bada. Hamarkadak, edo mendeak dirauen guda zentzugabe honetan, espazioa irabazten ari gara. Mugimendu feminista 1, Gallardon 0. Zorionak modu batera edo bestera, gure eskubideen alde, kalean zein etxean, lanean ari zareten guztioi. Garaipen hau inorena bada, zuena da.
Trantsizioa deitutako aldi politiko hartan, diktaduratik demokraziara botere transmisio hutsa egin zutenean, ez ziren gogoratu emakumeon eskubideez. Ez ziren harrituko ordurako mila pankartaren ostean egondako haiek: gure arazoak beti konpontzen dira arazo handiak konpondu eta gero, denbora eta gogoa baldin badaude. Horrela, abortatzearren eta abortatzen laguntzearren Basauriko 11 emakume atxilotu zituzten 1976ean eta 1981-82 urteen artean epaitu zituzten. «El fiscal mantiene su solicitud de penas que oscilan entre los sesenta años de cárcel, para la mujer que provocó los abortos, y seis meses y un día de prisión y once años de inhabilitación especial para las abortantes», idatzi zuen El País-ek, 1981eko ekainaren 16an.
Euri asko egin du harrezkero, baina gauzak ez dira gehiegi aldatu: 1985ean, PSOEk balizkoetan oinarritutako erdipurdiko legea onartu zuen, eta 2010era arte lege horren azpian bizitzera kondenatuta egon ginen. Orduan, berriz ere PSOEk, legea aldatu zuen: balizkoen legea utzi eta epeetan oinarritutako legea onartu zuen. Emakumeoi erabakitzeko eskubidea aitortu zigun lege horrek nolabait (ez erabat), haurdunaldiaren lehenengo hamalau asteetan. Hala ere, libre, doan eta osasun-sistema publikoan abortatzeko oraindik ere pauso batzuk falta dira. Dena den, 70eko hamarkadatik 2010era arte mugimendu feministak egindako pedagogia-lanak erraztu egin zuen 2010eko legearen onarpena. Emakumeak izan dira ahoz aho, espazioak konkistatuz, militantzian zein politikan aurpegia emanez, abortua gai sozial bihurtu dutenak. Duela 30 urte heriotza edo aipatu ezineko tabua zen hori, naturaltzen doa gure artean.
Gallardonen dimisioak gozotik adina dauka garratzetik, halaber, PPk eta eskuin muturrak ez baitute etsiko emakumeon gorputzak eta portaera kontrolatzeko ahaleginean. Ustez bizitza defendatzen duten sektoreen diskurtsoa ez da baretu. Aitzitik, Espainiako Justizia Ministroaren dimisioaren ondotik, gogortu egin da. Legea argitaratu eta onartu ez den arren, Espainiako Kongresuan izandako mozio, legez besteko proposamen zein ahozko galderatan lotsagarria izan da PPren diskurtsoa.
Argi erakutsi digute krisi garaietan eskubide sozialak murrizten direla lehenengo, eta orain ere majo aprobetxatu dute krisi ekonomikoa atzera egiteko. Abortuaren kontrarreforma adibide bat baino ez da: ez dugu ahaztu behar, genero indarkeriaren legea ere aldatu egin nahi dutela eta, jakina, aldaketak ez dira emakumeen mesedetan egingo. Argi dago betikoen azken helburua emakumeak espazio publikotik desagerraraztea dela, eta onartutako kontrarreforma eta legeak horretara bideratu dira. Gure eskubideen kontrako gurutzadak lubaki asko ditu zabalik, zoritxarrez; ezin dugu dimisio bakarrarekin lasaitu.
Dena den, Gallardonen aurrean egoten jakin dugu. Emakumeok, beste behin ere, geure eskubideak defendatu ditugu gure zapalkuntza bermatzeko legeak idazten eta aldarrikatzen dituzten gizonen aurrean. Bilduta indar handia daukagu, eta Gallardonek abortuaren kontrarreformaren inguruko lehen imintzioa egin zuenetik, asko elkartu gara han eta hemen. Esango digute PPren barne-eztabaidek eragin dutela dimisioa, edo inkestek; baina bakoitzak badaki pankartaren zein aldetan egon den. Ez bakarrik Gallardon Ministerioan egon den urteetan: 1981ean, 1976an, 1936tik 1939ra, 1931n zein 1640an hor egon ginen. Balio diezagula honek indar-berritzeko, eta libre onartuko gaituen mundua eraikitzeko. Gure mototsa eta gure alua, gure arrazoia eta gure desioa, gure burua eta gure gorputza, gure plazera eta gure bizitza geureak dira: ez diezazkigula inork lapurtu.

Indarberritu eta ekin, gure gorputzen jabe izan arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu