Idazlea eta historialaria

Inoizko Korrikarik euskalnafarrena

2026ko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pello Reparazek 2026ko Korrikari jarritako kanta eta musika lehen aldiz entzutean, ezin izan nuen saihestu halako zirrara bat gorputzean barrena igarotzea. «Xiberutikan mendebaldera». Zenbat oroimen. Lehenengo Korrika hura, Oñatitik Bilbora, Xiberuan barrena izan zen. Oraingoa, berriz, Xiberutikan mendebaldera, Bilbora, baina aurrenekoaren ifrentzua.

Lehenengo Korrikan, 1980ko azaroaren 29an, irteera ofiziala baino pare bat edo hiru ordu lehenago geunden bilduta Oñatiko udaletxean, AEK-ko Batzorde Nazionaleko kideok Eli Galdos anfitrioi zela eta Jose Maria Satrustegi aita ponteko lanetan. Orduan, sortu baino gehiago sendotzen hasitako AEK ezezaguna zen ekimen erraldoi baten aurrean jarri zen: Korrika.

Bizkaia zen ikasle-irakasle kopururik handiena eta ekonomia indartsuena zituena. Bilbotik etorri zen proposamena. Onartu, eta bertan jarri genuen egoitza nagusia. Garaiko Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundea zazpi probintzietan zegoen antolatuta, Iparraldeko hirurak batera. Erronkak oinarrizkoak ziren: gau eskola eta euskaltegi sareak aktibatzea, gehien-gehienak ziren irakasle boluntarioentzat irakasteko materiala sortzea eta banatzea, euskarazko jardunak lehenestea (gero kopiatu genien Eibarkoei «euskaraz eta kitto» esaldia), ikasleentzako motibazio kanpainak denok batera egitea eta Koordinakundea bultzatzea. Eta nola? Egurrezko lekuko bat ikurtzat hartu eta batak besteari pasatuz Euskal Herri osoa itzulinguratuz. Eta kitto!

Eta hantxe geunden gu, Xabier eta biok Oñatiko plazan. Ez genuen hasiera ikusi. Ordu erdi bat lehenago auto txiki bat hartu eta bidea egiteko ardura genuen, lekukoa hartu eta bere txanda egiteko ea jenderik ba ote zegoen ikustera. «Eta ez badago?». «Nahi duzuen bezala konpondu», horixe izan zen erantzuna. Zubillagatik behera Elorregira. Dena ondo. Handik Musakolara. Arrasatera iristen ari ginela kristoren jende piloa zegoen, gaueko hamabiak aldera izango zen eta elur maluta batzuk auto gainean erortzen zirela atera ginen handik. «Hau da hau!», esan genuen. «Baina Arrasatetik Elgetara? Bueno… hemen bai, hemen ez dakigu, hemengoak etorriko dira, bai, bai, lasai, etorriko dira…»

Elgeta sarrerara iristen ari ginela, jendea pilotariz jantzita, aizkolariak, segalariak eta hara! Harri biribil batekin beroketak egiten gizon bat kamiseta zuri tiranteduna sorbaldan. Elurra mara-mara. «Zer da hau?», galdetu genien. «Lasai! Hemendik eramango dugu plazara eta han exibiziyua egin». «Ez, ez, ez; Korrika ezin da gelditu». Bestela sekula ez ginen iritsiko. Bertan geratu behar izan genuen eta tiraka atera behar izan genuen lekukoa.

Bidean talde asko aurkitu genituen, halako txokoan gertakari latzak izan zirelako oroimen geldia egin nahi zutenak edota herriko pertsona ospetsu baten etxe aurrean pixka bat gelditzeko eskatzen zutenak. Lekukoarekin zer egin behar zen eta Korrika ez dela gelditzen azaltzea oso maiz argitu behar izan genien.

Irunera ere heldu ginen, ez dakit zer ordu izango zen, baina Korrika etorri aurretik ordu bat lehenago hantxe ginen Polizia Nazionalarekin eta jendarmeekin hitz egiten. «Sí, porque ahora viene la Korrika y tenemos que pasar para continuar la carrera por Francia…» (orain Korrika dator, eta muga igaro behar dugu ibilbidearekin Frantzian zehar jarraitzeko). 1980a zen. «Ah, sí. Algo hemos oído. No hay problema, cuando lleguéis os identificamos y ya está» (bai, egia, bagenekien zerbait horri buruz. Ez dago arazorik, iristen zaretenean identifikatu egingo zaituztegu, eta kito). Hortxe zetozen San Tiago zubiaren lehenengo kaxetara bostehun edo seiehun lagun. «Alto! Póngase en fila con el carnet en la mano» (geldi! Jar zaitez ilaran eta erakutsi karneta). «¿Y usted, qué lleva en ese palo?» (aizu, zer dago makila horren barruan?). Bien bitartean jendea gainean, alboetatik, hesiaren azpitik… «eh, eh, paren, paren» (aizue, aizue, geldi egon). «Tranquilo, tranquilo, pero Korrika ezin da gelditu» (lasai, lasai, baina Korrika ezin da gelditu).

Jada ez dut gogoratzen zer gertatu zen non; eta batzuetan, ezta noiz gertatu zen ere. Gogoratzen ditut Iparraldeko zeharkaldi luzeak, jende gutxirekin. Jende gutxi, nahiz eta inguruan bizi ziren Hegoaldeko batzuk egoera baliatu zuten hilabeteetako zuloetako itxialditatik aterata bisita egiteko eta sekulako txutea hartuta berriro zulora itzultzeko. Autobusa bidali behar izan ziguten Bilbotik. Beste lagun batzuk Eibarren, Donostian eta Irunen hartu, eta Zuberoara. Autobusa aurrera, eta jendea falta zen tokietan autobusetik bikoteka jaisten ginen, txanda egin eta itxaron autobusak berriro jasotzeko. Agian ez zen hori kontatu behar, baina tira!

Horrela iritsi ginen Garazira. Ondo, baina Ibañetako gaina itxita zegoela esaten ziguten. Bideko tarte askotan elurretan etorri ginen eta Arnegi-Luzaideraino ere iritsi ginen, zer aurkituko genuen oso ondo jakin gabe. Orduan ez ziren telefono mugikorrak existitzen. Aurrera egitea erabaki genuen, korrika ez bazen ere oinez jarraituko genuen, baina Korrika ez zen geldituko. Hara non ikusten ditugun Luzaiden Sagrario eta Lurdes elurtutako bideak irekitzeko Nafarroako Diputazioaren makina baten atzetik. Makinak buelta eman eta bulldozerraren atzetik igo ginen denak, jendea eta autoak. Karlomagnok ikusi izan bagindu esango zukeen «arraioa!, baskoi hauek ez dira geldirik egotekoak», eta Akisgraneko urrezko hilkutxan sartuko zatekeen berriro.

Nafarroa Garaia zeharkatu, eta Errioxara iritsi ginen. Stop. Guardia Zibila. «Hau ez da ez Navarra ez País Vasco». «Hemendik ez zarete pasako». «Nafarroa Euskadi da», hasi ziren batzuk ahapeka. Nik orduan ez nekien Euskadi (EH) zela Nafarroa, hantxe Errioxako mugan. Itzuli handiago bat ez egiteagatik eta soroetan barrena ez sartzeagatik egin behar genuen kilometro pare bat bakarrik Errioxan. Guk, berriz baietz, bagenuela baimena. Haiek irrati bidez gobernadore zibilarekin kontsulta batzuk eginda, aurrera. Lekukoa aurrean jarrita, ondo eskoltatuta egin genuen bidea.

Bilbora iristea ikaragarria izan zen. Auzoak eta kaleak jendez beteta. Oraingoan eskualde askotatik antolatu ziren autobusak. Bilbo hiriko igarobideak Korrikaren aldeko jendez lepo zeuden eta jendearen aldarriak era guztietakoak ziren, garai hartakoak, Euskal Herrian euskaraz bezalakoak eta talde bakoitzak bereak. Gaztelaniaz Feria de Muestras de Bilbao zena, gaur Bilbao Exhibition Centre dena, euskaltzalez lepo bete genuen. Badugu lana oraindik. Festa handia izan zen eta AEK euskalgintzaren mugimendu indartsu eta erreferentziazkoa bihurtu zen. Herri oso baten autogestioaren ondorio izan zen batez ere, eta hari esker gaur egun arte gelditu ez dena.

2026ko Korrikak, 24.ak, izan dezala erabateko arrakasta. Gainditu ditzala 46 urte geroago Irunen eta Errioxan lehenengoari jarri zitzaizkion hesiak, baita euskaldunon barnekoak ere. Mundua biribila da, eta Ipar eta Hego poloak izan ezik, dena da zerbaiten iparraldea edo hegoaldea, mendebaldea edo ekialdea. Aurtengo kantak dioen bezala, izan dadila Xiberutikan (azkeneko ekialdeko muturretik) mendebaldera (azkeneko txokoraino) euskalgintzan ari garenon bateragile. Izan dadila inoizko Korrikarik euskalnafarrena. Eta eskari zuzen bat: eraman ditzala lekukoak ibilbide osoan gaurko Euskal Herria irudikatzen duen ikurrina zein euskalnafar guztion katerik gabeko Nafarroakoarena, EH ere barne duena eta batu behar gaituen historikoa. Biak ala biak gureak dira eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA