Inpunitate frankistaren eredua: lotuta eta ondo lotuta

Josu Ibargutxi
2023ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroako Probintzia Auzitegiak eta Iruñeko instrukzioko epaitegiek, Valentziako 13. Instrukzioko Epaitegiak, Gernikako Instrukzioko 2. Epaitegiak... uko egin diote diktadura frankistan egindako gizateriaren aurkako krimenak ikertzeari, joan den maiatzean eta ekainean salatutakoak.

Batzuek eta besteek, auzitegiek eta instrukzioko epaitegiek, Espainiako Estatuko lurralde osoan, ez dute onartzen udalek zein biktimek aurkezten dituzten salaketa eta kereila kriminal ugariak ikertzeko eta epaitzeko ahalegin oro. Hitzez hitz errepikatzen dira Auzitegi Gorenaren Zigor Arloko Salak 2012ko otsailaren 27ko eta 2021eko otsailaren 17ko epaietan izandako argudioak: delituen preskripzioak, legezkotasun-printzipioak eta Amnistiaren legeak krimen frankistak ikertzea eta epaitzea eragozten dutela.

Hori guztia, nahiz eta Memoria Demokratikoaren Lege berria duela zortzi hilabete baino ez indarrean jarri; eta Lege horren bidez, frankismoaren biktimentzako babes judizial eraginkorrerako oztopoak desagertu zirela ponpoxo iragarri.

Zalantzarik gabe, ebazpen judizial horiek ikusita (eta oraindik etorriko direnak...), beste behin ere, honako ondorio hauek ateratzen ditugu:

1.- 1977ko Amnistiari buruzko Legea aldatu edo indargabetu beharra.

2.- Zigor Kodea aldatu beharra, legezkotasun-printzipioa Nazioarteko Zuzenbidearen ikuspegitik sartzeko.

Gogoratu behar da Memoria Demokratikoari buruzko Lege berriak —Kongresuan izapidetzeko garaian guk proposamen argiak egin arren— ez duela Amnistiaren legea aldatzen edo indargabetzen. Halaber, legegintzaldi honetan, Diputatuen Kongresuak baztertu egin zuela Zigor Kodean legezkotasun-printzipioa sartzea Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen ikuspegitik.

Bi legegintza-ekimen horiek ezinbestekoak dira Espainiako Estatuan egun indarrean dagoen zigorgabetasun eredua iraultzeko.

Horregatik, hurrengo hauteskundeetan legebiltzarrean ordezkaritza lortzen duten talde politiko guztiak interpelatu nahi ditugu, behingoz jarrera irmoa har dezaten, diktadura frankistan eta trantsizioan giza eskubideen urraketa zigorgarri larriak jasan zituzten pertsona guztiei eta haien senideei zigor-arloko jurisdikzio-ordenan babes judizial eragingarria izateko eskubidea zalantzarik gabe aitor diezaieten.

Era berean, botere judizialari interpelatzen diogu ematen dituzten ebazpen judizialak Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen aplikaziotik eratorritako eskakizunetara egokitu daitezen, Nazio Batuetako Giza Eskubideen Kontseilua bezalako nazioarteko erakunde oso garrantzitsuek aspaldidanik eskatzen dioten bezala.

Era berean, Estatuko Fiskaltza Nagusiari eta Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren Fiskaltzari eskatzen diegu fiskalei instrukzioa eman diezaieten, krimen frankisten jurisdikzio-ordena penalean ikerketa judiziala irmoki babes dezaten.

Azkenik, Frankismoaren Krimenen aurkako Euskal Plataformak, CEAQUA Estatuko Koordinakundeak bezala, Espainiako Estatuaren zigorgabetasun-eredua salatzen jarraituko dugu maila guztietan, Nazioarteko Zuzenbideko hain krimen larriak ikertzea eta epaitzea eragozten baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.