LAB Cardiffen izan berri da, Eskoziako ordezkaritza batekin batera, Galesko UNDEBek antolatutako topaketa batean, azken honek gonbidatuta. Plaid Cymru alderdi independentistaren sindikalisten sarea da UNDEB, eta modu aktiboan parte hartzen du mugimendu sindikalak bultzatzen dituen borroketan; nagusiki, eskubide parekidetasunaren alde eta faxismoaren eta arrazismoaren aurka.
Cardiffekoa ez zen nazioarteko topaketa soil bat izan. Errealitateen arteko desberdintasunak gorabehera, aukera eman zigun oinarrizko hausnarketak partekatzen ditugula ikusteko; alde batetik, burujabetza eta eraldaketa soziala uztartzeaz, eta, bestetik, sindikalismoak eraldaketa politiko nahiz sozial sakonak bultzatzeko duen ahalmenaz.
Plaid Cymru alderdia Galesko gobernuan dago egun, baina testuinguruk ez du zerikusirik Eskoziako independentismoak 2007an eta 2014ko erreferendumean inguruan izan zuen itxaropenezko giroarekin. Zerbitzu publikoen krisia, aurrekontuen murrizketa, ezinegon soziala eta eskuin muturraren gorakada ditu ezaugarri nagusi, baina baita ezker subiranistaren hazkundea ere, lehen aldiz lehen indarra baita Galesen, Eskozian eta Ipar Irlandan.
Galesen, independentismoak bere nortasun politikoa ardaztu du burujabetzaren, Galesko kulturaren eta hizkuntzaren defentsaren eta ezkerreko proiektu baten arteko konbinazioan. Hizkuntza mugimenduaren muineko elementu politikoa da, topaketan ikusi ahal izan dugunez. Galesaren erabilera normalizatuak burujabetza kulturala berreskuratzea ere langile klasearen emantzipaziorako baldintza dela erakusten zuen.
Hizkuntza, identitatea, burujabetza eta eskubide sozialak ez dira esparru bereiziak. Aitzitik, herrialde burujabe bat eraikitzeko prozesuak lotuta egon behar du bertan bizi diren pertsonen lan eta bizi baldintzen inguruan erabakitzeko gaitasunarekin. Era berean, lan eskubideen eta zerbitzu publikoen defentsak tresna politiko eta ekonomiko propioak behar ditu, gizartearen beharrei erantzuten ez dieten estatu egiturek ezarritako mugak gainditu ahal izateko.
Galesen subiranismoak egungo testuingurua ezin hobeto ulertu du, auzi nazionala auzi sozialarekin uztartuz herrialdeko indar politiko nagusia bihurtzeraino
Topaketak proiektu subiranisten eta mugimendu sindikalaren arteko harremana ere jarri du mahai gainean. Galesen ez dago sindikatu subiranistarik, eta sindikalismoa oso lotuta egon da egun lur jota dagoen laborismoari. Horregatik, klase sindikalismo subiranista indartzea funtsezkoa da, prozesu politikoari eduki sozial sendoa emateko eta lan eta bizi baldintza duinak bermatuko dituzten politikekin lotzeko. Galesen subiranismoak egungo testuingurua ezin hobeto ulertu du, auzi nazionala auzi sozialarekin uztartuz herrialdeko indar politiko nagusia bihurtzeraino.
Eskoziako ordezkaritzaren hausnarketak ildo berekoak izan ziren. Topaketan adierazi zuten SNP urteetan gobernuan izateak ekarri duela alderdian gero eta eragin handiagoa izatea enpresa-lobby nagusiek eta politika neoliberalek, eta, beraz, auzi nazionala ezin dela kudeaketa instituzionalera mugatu.
Subiranismoak gehiengoak mobilizatu, eguneroko arazoekin konektatu eta politika neoliberalen aurrean alternatiba sinesgarriak eskaini behar ditu. Horregatik, proiektu subiranistek gai izan behar dute eskubideak bermatzeko, zerbitzu publikoak indartzeko, lan baldintzak hobetzeko, aberastasuna birbanatzeko eta gizarte justuagoak eraikitzeko.
Hiru herrien arteko harremana bereziki baliotsua da. Alde batetik, sindikalismo subiranisten arteko zubiak eraikitzen dituelako; bestetik, iaz Bartzelonan sortu zen Herrien Sare Sindikala indartzen ari garelako; eta, azkenik, Erresuma Batuan eta, beraz, Eskozian, Galesen eta Ipar Irlandan jada ezer ez dela berdina izango lehen pertsonan egiaztatu ahal izan dugulako.
Estrategia komunak artikulatzea ez da ereduak kopiatzea edo errealitate guztietan errezeta berbera erabiltzea; kontua da, bide desberdinetatik, zerbitzu publikoen ahultzearen eta lan eta bizi baldintzen prekarizazioaren aurrean, gure herrietan autodeterminazio eskubidearen aldeko gehiengo sozialak eraikitzeko ditugun esperientzietatik ikastea da.
Urteetan, Eskozia erreferentea izan da bertze mugimendu subiranista batzuentzat, eta gaur egun Galesek gako berriak eskaintzen ditu. Klase sindikalismo independentistaren begiradatik, hausnarketa nagusi bat dakarkigu: ez dagoela burujabetza nazionalik eraldaketa sozialik gabe, eta ez dagoela eraldaketa sozialik burujabetzarik gabe; eraikuntza nazionalak eta sozialak batera egin behar dutela aurrera. Euskal Herri burujabe, sozialista, feminista eta euskalduna amesten dugunok horretan segiko dugu, sindikalismoa horretarako tresnatzat hartuta.