Kaixo, Irakasle. Joan den udaberrian egunkari honetan bertan idatzi nuen gaiari berriro heltzea pentsatu dut kurtsoa hasi berri dugun honetan eraginkorragoa izan daitekeelakoan. Garrantzitsua iruditzen zait lerrootan aurkezten dudan hausnargaiari irakasle bakoitzak gogoeta erdi bat, behintzat, eskaintzea.
Irakaskuntzan esperientzia apur bat duen edonor ohartuko zen gero eta ohikoagoa bihurtzen ari dela ikasleak irakasleengana erdaraz zuzentzea. Kezkagarriena, baina, ez da hori, ezpada irakasle askok hori normaltasunez hartzen dutela.
Utzidazue azaltzen zergatik den hori irakasleok zeharkatzen utzi behar ez genukeen marra gorrietako bat.
Gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da ikasleak irakasleengana erdaraz zuzentzea. Kezkagarriena da irakasle askok hori normaltasunez hartzen dutela
Gizakiok, funtsean, hitza gara. Hitzaren bidez adierazten dugu pentsatzen duguna, dakiguna, sentitzen duguna, garena alegia. Hitza zenbat eta finago gobernatu, orduan eta askeagoak izango gara, eraginkorragoak eta, dudarik gabe, erakargarriagoak.
Horraino ados bagaude, ikasleei ezin diegu inola ere gurekin erdaraz hitz egiterik onartu. Hori egiten dugunero, kalte besterik ez diegu egiten.
Zenbat aldiz entzun diegun ikasleei: «Badakit zer esan nahi dudan, baina ez dakit nola». Bada, horregatik, hain zuzen ere, hitz eginarazi behar diegu euskaraz, hori gerta ez dakien. D ereduan ari dira ikasten gure ikasle gehienak eta euskara da ikasgai gehienetan erabili behar duten hizkuntza. Zenbat ikasleri gertatzen zaie Historia ikasgaian, adibidez, ikasi beharrekoa jakin eta adierazten ez jakitearren euren emaitzek behera egitea?
Gogora dezagun edozein hizkuntza ikasteko lau direla landu beharreko trebetasunak: entzumena, idazmena, irakurmena eta mintzamena. Azken horri dagokionez, ikasle asko eta askorentzat, tamalez, irakasleok gara euren euskara bidezko mintzakide bakarrak. Guk ere euskaraz hitz egiteko aukera ukatzen badiegu, ez diegu mesederik txikiena ere egingo. Eta ez dezagun erratu: gure egitekoa ez da ikasleei euskara inposatzea, euskara oparitzea baizik —alde ederra modu batera ala bestera formulatu—. Gaitu egin behar ditugu. Eta horretarako egin egin behar dute euskaraz.
Batek baino gehiagok esan izan dit ikasleak adierazkorragoak direla erdaraz ari direnean, eta euskaraz eginarazten badiegu urrundu egingo zaizkigula. Barkaidazue, baina hogeitaka urte daramatzat irakaskuntzan eta ausartuko nintzateke esatera arrazoi horregatik behintzat ez zaidala ikasle bat bera ere urrundu. Maitasuna, gertutasuna erakusteko modu asko daude. Beraz, abilidadea libre.
Hori bai, kontuz nola eginarazten diegun euskaraz. Bai, gakoa eginarazteko moduetan dago. Ez da gauza bera «hitz egidazu euskaraz» modu bertikal-serioan agintzea edo beste formula batzuk erabiltzea; esaterako: «Mesedez, hitz egingo didazu euskaraz?» edo «badakit kostatzen zaizula, baina saia zaitez euskaraz esaten, mesedez. Hitzen bat ez badakizu, nik lagunduko dizut» edo «ez dakizu ze polita den zu euskaraz entzutea». Nire aholkua honako hau da: maitasunez, baina irmo eskatzea. Bateragarriak dira, ala? Badakit pazientzia handia behar dugula, baina zor diegu, punto.
Eta, bide batez, beste kontutxo bat. Ez dezagun ahaztu guztiok garela euskara irakasle. Hau ez da euskara irakasleon betebeharra, maisu-maistra guztiena baino. Badakit irakasle asko adierazkorragoak izango zaretela erdaraz, ulertzen dut, nola ez. Baina denok lortu behar dugu gure ikasleekin beti euskaraz hitz egitea. Bai, beti; beti.
Ez dezagun erratu: gure egitekoa ez da ikasleei euskara inposatzea, euskara oparitzea baizik. Gaitu egin behar ditugu. Eta horretarako egin egin behar dute euskaraz
Gerta daiteke irakasle guztiek bat ez egitea esandakoarekin. Jo dezagun ez dutela ikuspuntu hau ulertzen edo ez dutela ulertu nahi. Bada, nik uste dut zuzendaritzaren betebeharra dela haiekin hitz egitea. Onena irakasle profil hori dutenekin —egon badaude eta— hitz egitea eta konbentzitzen saiatzea litzateke, baina modurik ez balego, legea erakutsi beharko litzaieke. Legeak zera dio: «Ikastetxeak ekosistema lagungarria eskaini behar du ikasleek euskaraz egin dezaten, ikasleek gaitasuna lor dezaten, bestela ez dute egingo». Eta beste hau ere badio legeak: «Hezkuntza legea eta hizkuntza proiektua loteslea da (baldin eta proiektuak jasotzen badu ‘irakasleek euskara izango dute lan hizkuntza eta ikasleekin beti euskaraz arituko dira’ bezalako adierazpen bat)».
Bukatu aurretik, nago ikasleen maila gero eta eskasagoaren atzean dagoen arrazoi nagusia linguistikoa dela. Ulertzen ez duten eta adierazten ez dakiten ikasleen maila ezin da inondik inora ona izan.
Eta bukatzeko, anekdota bat. Nire bikotekideari gertatu zitzaion. Klasea ematen zegoen batean, ikasle bat hurbildu zitzaion esanez: «Profe, ¿puedo ir al baño?»; alegia, ea komunera joan zitekeen. Eta nire bikotekideak: «Zer?». Ikasleak berriro: «¿Puedo ir al baño?». Eta nire bikotekideak berriro: «Zer?». Eta ikasleak: «Que si puedo ir al baño». Eta nire bikotekideak: «Eskatuko didazu euskaraz, mesedez?». Eta orduan ikasleak: «Ah, eeeee....komunera joan... mmn... naaai-teke?». Eta nire bikotekideak: «Bai, noski; zoaz». Eta ikasleak marmarka: «Joder, lo que cuesta mear con esta profesora»; hots, irakasle horrekin asko kostatzen zitzaiola txiza egitera joatea.
Hor dago gakoa, txiza egitera ere euskaraz joan behar dute. Zor diegu. Eskertuko digute etorkizunean.