Berrikuntzako eta kulturgintzako eragilea

Irakurri, gustu baduzu

2026ko apirilaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Liburuaren Eguna hurbiltzen ari da eta, urtero bezala, liburu-dendak, eskolak eta kaleak istorioz beteko dira. Halaxe baita: istorioek eusten gaituzte. Garena, izan ginena eta izatera irits gintezkeena ulertzen laguntzen digute. Dena berehalakoa eta iheskorra dirudien garai honetan, irakurtzea denbora geldiarazteko modu bat da oraindik ere. Irakurtzea, ororen gainetik, gozamena baita. Plazer intimoa, isila, ia ikusezina. Irakurtzea ordu batzuetan desagertzea da, beste bizitza batzuetan bizitzea, munduari beste begi batzuetatik begiratzea.

Irakurzaletasunari buruzko liburuetan, istorioek sendatzeko duten indarra aipatzen da, eta Xeherezade bihurtu da adibide sinboliko. Hark emakumeen traiziopean bizi zen Xariar erregeen erregea bere asmo suntsigarrietatik desbideratzeko irmo sendoa azaldu zion aitari. Xeherezade haren jauregira joaten denerako, beregana eraman dituen 1.000 emakume gazte hil ditu; emaztea barne, hura desleiala izan zitzaiolako. Burugogor jarraitzen du erregeak. Baina, mila gau eta bat gehiagotan, ipuinen munduan murgilarazten du Xeherezadek. Era horretara, erregearen asperdura uxatzeaz gain, heziketa morala eman zion; bizirik ateratzearekin batera.

Oso pertsonala da irakurtzearen ariketa, Xeherezade, adibidez, ipuinez haratago ainguratzea da nire esperientzian, haserrea irudimen bihurtzeko aingura metaforikoa. Erasotzen nautenean, hura ekartzen dut gogora eta horrela defendatzen dut neure burua, istorioek duten indarra gorpuztuz. Zaurgarritasunari bide ematen diot, inoiz erakutsi ez didatena; boterearen erreinura bidaia egiten dut, Ali Babaren kobazuloan banintz bezala, nahi dudana urre bihur dadila eskatzeko.

Bat-batekotasuna nagusi den mundu honetan, non arreta joaten baitzaigu jakinarazpen, bideo labur eta izenburu iheskorrekin, irakurketak leku paradoxikoa hartzen jarraitzen du: inoiz ez da hainbeste sarbide izan testuetara eta, hala ere, sekula ez da hain zaila izan sakonki irakurtzeko ohiturari eustea. Irakurtzea jada ez da liburu bat irekitzea bakarrik. Pantailetan irakurtzen dugu, sare sozialetan, ia konturatu gabe kontsumitzen ditugun testu labur horietan. Irakurketa zatikatu hori motelagoa eta sakonagoa den beste batekin batera bizi da, denbora eta kontzentrazioa eskatzen dituenarekin. Oreka ezegonkor horretan, euskarak hainbat erronkari egin behar die aurre: irakurleak ugaritzea ez ezik, espazio digital berri horietan presentzia izatea.

Eguneroko keinuetan diraute hizkuntzek, hautaketa txikietan. Eta irakurtzea izan daiteke garrantzitsuenetako bat. Agian galdera ez da ea euskarazko liburu nahikoa dagoen, baizik eta prest ote gauden horiei aukera bat emateko

Hala ere, irakurketa ez da desagertu, eraldatzen ari da. Audioliburuak eta formatu digitalak ugaritu egin dira, irakurketa eguneroko bizitzan txertatzeko aukera ematen baitute. Aldi berean, paperezko liburuak eutsi egiten dio. Euskararen kasuan, paperean edo edozein formatutan irakurtzea ez da hautu praktikoa bakarrik, kulturala ere bada. Horiek horrela, benetako erronka ohitura da oraindik ere. Jende askok daki euskaraz, baina askok ez du irakurtzeko aukeratzen. Sarritan eskolari edo betebeharrari lotuta geratzen da, aisialditik urrun. Ideia hori iraultzea gakoa da. Izan ere, irakurtzea plazera bada, euskaraz ere halaxe izan beharko luke.

Joera berriek, ordea, aukerak eskaintzen dituzte. Gero eta liburu gehiago daude, gero eta egile gehiago, eta gero eta genero gehiago. Gainera, irakurle komunitateak eta sareetako gomendioak euskarazko literaturari ikusgarritasuna ematen eta publiko berriengana gerturatzen laguntzen ari dira.

Nahikoa da aurtengo nobedadeei erreparatzea, eskaintza erakargarria eta askotarikoa dela ikusteko. Idoia Fraileren Arranoaren luma, Jabier Muguruzaren Café Mokka edo Joxean Agirreren Mio marito deitzen zion lanek narratiba garaikide eta plurala erakusten dute. Horiez gain, Yurre Ugarteren Harakinaren alaba edo Xabier Montoiaren Bakea, bakea bezalako izenburuek gai sozial eta unibertsalak jorratzen dituzte egungo begiradetatik. Maddi Ane Txoperenaren Zaldi bat, Juan Garziaren Erbeste ere hor ditugu. Egile izendunek lan berriak ekartzen jarraitzen dute, hala nola Miren Agur Meabe, Eider Rodriguez, Bernardo Atxaga eta Yolanda Arrietaren argitalpen berriak (gaztelaniazko bertsioan, euskal literaturara hurbiltzeko modua ere bai baita hori); aldiz, Urtzi Urkizuren Streaming aroa bezalako proposamenek mundu digitalaz dihardute. Poesiak ere bere tartea du Gari errearen urrina, Zerua hemen edo Zainetatik zilarra bezalako tituluekin, eta euskarazko literatura askotarikoa dela berrestera datoz.

Haur eta gazteen generoan ere titulu erakargarriak daude. Besteak beste, Ardi eta Behi – Abenturak ziztu bizian, Harroxko, Aran txan txan, Robinen neba-arrebak eta beste hainbatek adin gazteetan entretenimendutik begiratzeko aukera ematen dute; irakurtzeko ohiturak sortzea hain garrantzitsua den adin horietan.

Liburuaren Eguna hurbiltzen ari den honetan, une egokia izan liteke gure ohiturak birpentsatzeko. Euskarazko istorio bat aukeratzetik has gintezke. Garenaren parte ere badiren autore, ahots eta kontakizunak deskubritzeko. Eguneroko keinuetan diraute hizkuntzek, hautaketa txikietan. Eta irakurtzea izan daiteke garrantzitsuenetako bat. Agian galdera ez da ea euskarazko liburu nahikoa dagoen, baizik eta prest ote gauden horiei aukera bat emateko.

Seguruenik irakurketaren etorkizuna ez dago hainbeste formatu edo joeren menpe, baizik eta kontzentrazio espazio hori kaosaren erdian babesteko dugun ahalmenaren menpe. Azken finean, etengabeko distrakzioaren garaian ere, liburu bat irekitzeak mundua ulertzeko —eta geure burua ulertzeko— modu eraginkorrenetako bat izaten jarraitzen du, baita euskaraz ere. Liburuaren Egun on bat opa dizut, irakurle.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA