Irudiek baino gehiago esaten duten hitzak

Sara Bujanda Bujanda
2015eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Arabako Aldundiaren Tolerantzia 0 izeneko kanpainak, irudi jakin batzuen bitartez, gure gizartean onartu ezin diren hainbat jokaera salatzen ditu: fanatismoa, ablazioa, indarkeria matxista, homofobia eta nagusienganako tratu txarrak. Irudi batek mila hitzek baino gehiago adierazten omen duelakoan, oraingoz 100.000 euro baino gehiago gastatu dituzte probintzia osoan argazki horiek zabaltzen. Arabako talde feminista gehienek publikoki errefusatu dute kanpaina hori, eta horrek Alderdi Popularra gogaitu du, batez ere Gizarte Zerbitzuen diputatu Marta Alaña. Hark gure jarrera adierazteko hainbatetan eskatu digunez, ondorengo lerroetan azalduko ditugu kanpaina hau samingarritzat jotzeko arrazoiak:

Fanatismoa salatzeko, PPk nikab edo belo integrala erabiltzen duten emakume basati horien erretratua egiten du: euren senar, kultura eta erlijioaren kontra ez egiteagatik estigmatizatzen ditu, eta, aldi berean, autobus batean sartzeko debekuaren bidez, babesten omen ditu. Kontrara, ez zaie bururatu ere egiten abitu osoa janzten duten mojak erretratatzea. Ezbairik gabe, zenbait doktrinak aldarrikatutako belo integrala eta mendetasuna eztabaidatu beharreko gaiak dira, baina betiere emakumeen jabekuntzatik eta Mendebaldetik ezarritako errezetarik gabe. Emakumeen aurka egindako Koranaren interpretazioak eta emakume musulmanen eskubideak defendatzen dituen feminismo islamiar bat existitzen da. Paradoxikoki, ez dago jabekuntza hau bultzatzen duen foru proiekturik, ez jatorrizko herrialdeetan ezta hemen ere, eta horrek adierazten du ezin hobeto euren benetako interesa jatorri desberdinetako emakume gasteiztarren eskubideen defentsan. Izan ere, agintaldi honetan immigrazio eta kulturartekotasunerako aurrekontua %78 murriztu da, foru aurrekontuaren %0,01 bat baino ez izatera iritsi arte.

Ablazioa emakume eta nesken eskubide sexualen, ugaltze eta osasun eskubideen aurkako krimena da, zalantzarik gabe. Hala ere, Aldundiaren jakinarazpenak adierazten duen moduan, Araban ez da arazo bat. Hori horrela izanda ere, etorkizunean izan daitekeela azpimarratzen du, jatorri jakinetako etorkinen hazkundea dela eta. Hori manipulazio xenofoboaren adibide bat da, desberdina eta ezezaguna denarekiko beldurra sustatzen baitu. Are gehiago, irudiak erlijio jakin bat seinalatzen du asmo txarrez —neska belo islamiarra jantzita agertzen da—, ablazioaren ohitura gehiengo kristaua duten herrialdeetan —Etiopian, kasurako— mantentzen bada ere. Horrez gain, kontrajarritako irudiak ez du islatzen gaiari heltzeko modurik eraginkorrena, hau da: kultur tradizioak babestu, baina nesken bizitzari eraso egiten dion alderdia ezabatuta. Alabaina, ezin da gehiago eskatu, azken lau urteotan kooperaziorako aurrekontua %54,5 jaitsi baita, %0,03 lotsagarri batera iritsi arte.

Homofobiari dagokionez, a zer hipokrisia parez pare jartzea lurralde urruneko urkatzeak eta mendebaldeko bikote zoriontsuak! Batez ere kontuan hartuta Alderdi Popularreko gobernuak oso gutxitan ematen diela asilo politikoa arrazoi horiek direla-eta euren herrialdeetatik ihes egin behar dutenei. Gainera, irudiak bi errealitate ezkutatzen ditu: batetik, hemen ere homofobia existitzen dela —PP sekula zentsuratzen ez duen Eliza katolikoak horren adibide onak eman ohi ditu— eta, bestetik, agintaldi honetan Aldundiak ez duela ezer egin arazoari aurre egiteko. Aitzitik, homofobiaren aurka borrokatzeko aurrekontua %100 murriztu du, zehazki 0 eurotan utziz, beraz.

Indarkeria matxista kondenatzeko, Aldundiko organo parte-hartzailean bertan landutako gomendioak alde batera utzita, odola eta ubelduren irudiak nabarmentzen dituzte, biolentzia horri aurre egiten dioten emakumeak indartzen dituzten tresnak islatu beharrean. Horrez gain, parez pare bikote zoriontsu heterosexualaren irudia jartzen dute, biolentzia matxistaren arrazoietako bat maitasun erromantikoa dela jakin badakigu ere. Baina, berriz ere, datuek —eta ez irudiek— Aldundiak berdintasunarekiko duen benetako konpromisoaren berri ematen dute: agintaldi honetan berdintasunerako aurrekontua %30,6 murriztu dute, %0,02 penagarri batera heldu arte.

Azkenik, tratu txarrei buruzko argazkiek emakumeak behin eta berriro kokatzen dituzte familia esparruko zaintzaile-eginkizunetan, zaintzak lan bereziki femenino eta pribatu gisa naturalizatuz. Jarrera hori, matxista izateaz gain, hipokrisiaren mukurua da: bai hemen bai estatu osoan, PPk Mendekotasunaren Legean eskandaluzko murrizketak egin ditu, eta, ondorioz, emakume asko etxeko esparrura itzularazi ditu nagusiak eta umeak zaintzera, baita hamaika pertsonari dagozkien diru-laguntzak ukatu ere. Hori bai tratu txarra.

Laburbilduz, irudi xenofobo eta matxistak izateaz gain, Aldundiak berak eskainitako datuekin alderatuz gero, agerian uzten dute zenbateraino diren hipokrita eta oportunistak. Zenbaitetan, irudiek ez dute hitzek baino gehiago esaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.