Irudimena eta sentimena gara gu

Iñaki Iñurrieta Labaien
2023ko azaroaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Felipe Gonzalezek aspaldi egin zion men Estatu Arrazoiari, esan nuen aurrekoan. Ez da beti horrela izan, ordea. Duela hamarkada batzuk, berak ere onartzen zuen Espainiako Estatua osatzen duten nazionalitateen autodeterminazioa.

1974an, Felipe Gonzalez PSOEko idazkari nagusi egin zuten kongresuan (Frantziako Suresnes-en) onartu zuen alderdi horrek ebazpen hau: «Espainiar Estatua osatzen duten nazionalitateen arazoa behin betiko konpontzeko, haien autodeterminazio eskubidea erabat onartzetik abiatu beharra dago, eta horrek berekin dakar nazionalitate bakoitzak libreki erabaki ahal izatea zer-nolako harremanak izango dituen Espainiar Estatua osatzen duten beste herriekin».

Hori, 1974an, Franco hil aurreko urtean. Bi hamarkada geroago ere, artean posible zen pentsabide hori Espainian. Hara zer idatzi zuen Antonio Escohotado pentsalariak 1991n euskaldunoz: «Jende haiek —dio Escohotadok, gaztelania dotorean— beren tradizioei, mahai inguruko festa eta jan-edan ondrosoei, ahaidetasun jai-girokoari dieten eraspenak ez du ia berdinik Espainiako beste aldeetan. Horrek ez du esan nahi, noski, euskaldunak hobeak direnik, esan nahi du komunitate ondo eta zehatz osatu bat direla. Komunitate ondo eta zehatz osatua diren aldetik, gerra zibila ekar lezakeen barne-tentsiorik gabea, autodeterminazio asmoa justifikatzen duten osagai guztiak dituzte».

Pasarte hori jasotzen duen liburuari saiakerako Anagrama saria eman zioten urte hartan. Epaimahaiko kideen artean zen Fernando Savater. Gaur egun, ez Escohotadok (bizi balitz) ez Savaterrek onartuko lituzkete hitz horiek. Zertxobait aldatu dira gauzak ordutik hona. Non dira behialako espainiar intelektual iraultzaile, akrata, progre, liberal, hedonista haiek guztiak? «¿Qué se fizieron?» (Zer bilakatu dira?), esango luke Jorge Manriquek.

Pasarte horretan, modurik xuri-gorrienean deskribatzen gaitu Escohotadok: tradiziozale, mahaiaren bueltan bat eginik, ahaidetasun sentipenak eta borondate onak elkartuta... Aldeak alde, Wilhelm von Humboldt-ek duela berrehun urte baino gehiago agertu zigun miresmenaren arrastoa suma liteke hitz horietan.

Humboldt

Humboldt, Berlingo Unibertsitatearen sortzailea, antropologoa, hizkuntzalaria, itzal handiko jakintsua Kant, Goethe eta Hegel-en garaiko Alemanian, euskaldunok eta euskarak sortutako jakin-minak ekarri zuen Euskal Herrira, egonaldia egin zuen hemen euskara eta euskaldunak (gure geografia, jendea, foruak, ohiturak...) aztertzen, eta, guztiaren ondoren, bere miresmena eta esker ona agertu zizkigun.

Hala ere, bere miresmena eta guzti, ez zen oso baikor gure patuaz. Gainbehera ikusten zituen euskaldunon tasun nazionalak, atzeraka euskara, alde guztietatik jazarria. Ehun urte barru, zioen, baliteke euskara desagertua izatea. 1801ean idatzi zuen hori. Gauza bera esango zuen Unamunok handik ehun urtera. Beste ehun urte ere joan dira harrezkero, eta oraingoan Gonzalezek iragarri du gure galera, baina hemen jarraitzen dugu oraindik, gu gu garela aldarrikatzen; geure izatean iraun nahian, izan badiren beste izaki guztiak bezala.

Kulturaren bilakabideak eta aurrerapenak zekarten nazio txikien galera, uste zuen Humboldtek. «Giza espirituak ez lituzke eginak bere aurkikuntzarik sublimeenak, giza botereen arteko talka eta borroka unibertsal hori gabe», idatzi zuen. Hegelen garaikidea izaki, Espirituaren aurrerabide geldiezina ikusten zuen munduaren martxan.

Hala ere, Humboldtek ez du itsu-itsuan bat egiten Hegelen arrazoibidearekin. Munduaren martxa horrek ez al lituzke bere mugak izan behar?, galdetzen du; galdetzen du ea hezkuntza ez ote daitekeen plantea halako moldez non arrazoimena garatzea eta noranahi zabaltzea bezain beharrezkoa litzatekeen irudimena eta sentimena ondo babestea, zertarako eta gizarte jakin batek (euskaldunoz ari zen) bere sormen eta kemen berezkoak gorde ditzan, horiek gabe ez bailuke emango fruitu jatorrik.

«Irudimena eta sentimena», dio Humboldtek. Esan nahi baligu bezala: zaindu horiek, bestela Arrazoimen hutsak bere munstroak sortzen ditu eta. Alegia, babes ditzagun komunitate gisa ditugun ahalmen estetikoa eta afektiboa, jar ditzagun lanean, halaxe agertuko baitira gure humanitatea eta ahal sortzailea, zeinak inhibiturik baititugu geure larruan xakituriko historia politikoaren eraginez, geure gorputzetan inskribatutako botere-egituren eraginez, portaera eta jokaeretan hezurmamituriko instituzioen eraginez.

'Estatu Arratoimena'

Hegelen arabera, Espirituaren aurrerabidean Estatua da Historiaren emaitzarik gorena. Estatua eta arrazoimena berdinduta, ordea, Estatu Arrazoimena dugu, edo Estatu Arratoimena, arrazoimenaren munstro hori, zeinaren izenean suntsi baitaitezke herriak; palestinarrak, demagun, Hamasen aitzakian; edo euskaldunak, katalanak, galegoak, demagun, Espainiaren kinka existentzial larriaren aitzakian.

Iruditeria horretan daude hala Gonzalez eta Aznar nola Abascal eta Voxen diskurtsoa zurkaizten duten ideologo hipernazionalistak, behialako inperio espainiarraren mira dutenak. Una España Una, alegia, modurik toreroenean esanda.

Una España Una-ren eragile organiko guztien arrazoibideen azpian, judizio bikoitz sinple hauxe dago: «Gu bagara; zuek, ez». Esan nahi baita: «Zuek, izatekotan, ez izatera bidean zaituztegun heinean zarete, gure gu-an ezabatzen ari zareten heinean». Logomakia bihurrienen bidez nahiz sistema filosofiko itxuraz zorrotzenaren baitan ezkuta daiteke, baina azpi-azpian horixe dago, nazionalismorik ukatzaileena: «Gerra Espainiaren kontra doan edonori».

Nor doa noren kontra, ordea? Gu gure gu-an iraun nahi dugun herria gara, derragun berriro. Nor gara gu? Gu gu gara. Jo dezagun oinarri-oinarrira, utz dezagun agerian tautologia hori ukatzearen desarrazoia. Are gehiago oraingo honetan, Espainiako nazio aniztasunaz eztabaidatzeari ekingo omen dioten legealdiaren aurrean. Baina ez naiz orain hasiko hari horri tiraka, nahikoa luzatu naiz eta. Hurrengo artikuluan beharko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.