Iruña-Veleiako ebidentzia materialen azterketa

Koenraad Van den Drieds
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Orain dela urtebete Gasteizko 1. Epaitegiak, Eliseo Gilen eta Lurmenen defentsaren eskariz,Iruña-Veleiako «ezohiko aurkikuntzen» azterketa analitikoak egitea agindu zuen, antzinakoak ala berriak diren erabaki ahal izateko. Guardia Zibilak egin behar zituen. Urtebete igaro da eta, guk dakigunez behintzat, azterketa horiek egin gabe daude.

Azterketa hori oso erraz ulertzen den irizpide batean oinarritzen da: piezaren gainazalean karbonatozko mineralak agertzeak antzinatasuna adierazten du arkeologian. Beraz, inskripzioen ildoen gainean karbonato geruzak aurkitzen baditugu, horrek esan nahi du lurpean egon direla luzaroan eta, ondorioz,antzinakoak direla. Ziurtasun osoa izateko, konprobatu behar da piezen gaineko eranskinak eta inskripzio-ildoen barrukoak mota berekoak direla.

Orain galdera sortzen da, probak egin ahal badaitezke, zergatik ez dira egiten?

Auzibideak oso luze jotzen dutenez (ez dezagun ahaztu Egunkariaren auzian absoluzioak zazpi urte itxaron behar izan zuela), duela bi urte Arabako Foru Aldundiak Eliseo Gilen aurkaaurkeztutako kereilak, piezak faltsutzea egotziz, heriotza profesionalera kondenatu du arkeologoa. Kereila instrukzio fasean artxibatuko balitz ere, kaltea eginda legoke. Gogoan izan behar dugu delitu ekonomikoak leporatzeko asmoz jarritako beste bi kereilak instrukzio fasean artxibatu zituela epaitegiak eta, beraz, ez dela inolako akusaziorik egon balizko delitu horiengatik.

Akusatzen duenak du frogaren karga, hala ezartzen du Espainiako zuzenbideak. Kasu honetan, administrazio batek, Arabako Foru Aldundiak, hiritar bat akusatu du inolako frogarik gabe. Batzordeko peritu batzuek esateak inskripzioak ez diruditela edo ezin direla izan erromatarren garaikoak ez du esan nahi Lurmenen indusketa garaikoak direnik. Espekulazioak besterik ez dira, inolako froga materialik gabeak. Izan ere, ustezko krimenaren alderdi materiala ez baita sekula aztertu, hau da, kereilaren objektu den materiala ez da analitikoki ikertu (ez gara orain Batzorde Zientifiko Laguntzaileak eginiko ikerketaren xehetasunetan sartuko). Eta gaur egun ez dakigu delitu baten aurrean gauden ala ez (erromatarren eta Lurmen-en artean 1.700 urte igaro dira, eta tarte horretan hainbat ordena erlijiosok okupatu dute Iruña-Veleia).

Aurreko foru gobernuak 40.000 euro baino gehiago gastatu zituen grafologia txostenetan, baina ez zuen ustezko krimenaren froga material bakar bat ere aurkeztu. Gure iritziz, txosten horiek ez dute ezer frogatzen; izan ere, inskripzioak idatzita dauden letra larri hori hain da bereizgarri gutxikoa, non gisa honetako peritu-txosten batek oso ibilbide laburra izango lukeen ustezko krimena frogatzeko auzitegi baten aurrean. Gainera, esan behar dugu geure neurketak egin ditugula, oso zehatzak, gainera, eta letra-aniztasun handia aurkitu dugula idazkunetan. Eta ez da ahaztu behar grafologoek ez dutela inolako esperientziarik erromatar inskripzioetan eta zeramikan egindako grabatuetan.

Arabako Foru Aldundiak beharrizan morala du (eta prozesala, noski) froga materialak aurkezteko, frogatu nahi baldin badu Iruña-Veleiako inskripzioak faltsifikazio berriak direla eta, beraz, delitu baten aurrean gaudela. Eta hori ezin badu egin, ondarea faltsutzea egotzizEliseoren aurka jarritako kereila erretiratu egin behar du. Esan beharrik ez grafologia-txostenen laurdena kostatzen diren ikerketahoriek nazioarteko ospea duen eta guztiz inpartziala den erakunde batek egin behar lituzkeela. Lehenago ere jakinarazi dugun bezala, SOS Iruña-Veleiak eskuan du arkeometrian esperientzia zabaleko geologia erakunde europar baten azterketa proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.