Sanferminak hasi baino pixka bat lehenago irakurri nuen zure artikulu-gutun pastoral bat, bertako zenbait egunkari eta hedabide digital katolikotan argitaratua. Bertan honakoa adierazi zenuen: «San Fermin kentzen badugu, zer geratzen zaigu? Bestarik gabe geldituko gara, ez zaigu deus gelditzen!». Egia errateko, nik kontrakoa pentsatzen dut. Hau da, sainduaren presentzia zarakar baten antzekoa dela, absolutismo erlijiosoaren mendetako historiak gure bestei atxikia utzi duena eta, kenduz gero, ez zela gauza handirik gertatuko. Azalduko dut.
CIS Ikerketa Soziologikoen Zentroaren arabera, 2000tik 2024ra bitarte, Estatu osoan, bere burua katolikotzat duten pertsonak populazioaren %84,7tik %54,5era pasatu dira eta kopuru hori %35,4ra jautsi da gazteen artean. Joera hori emendatzen ari da, belaunaldi zaharrak, sinestunagoak, desagertzen diren heinean haien tokia belaunaldi berriek, sinesgabeagoek, hartzen baitute.
Eta Nafarroaz, zer erran? Bada, misio lurra, sotanez jantzia, meza, arrosario, bederatziurren eta prozesioez jositako hartatik, pertsona ez-erlijiosoren portzentaje handiena (%54,7) duen Estatuko komunitatea izatera pasatu garela, 2018an. Hots, ateoak, agnostikoak edo fedegabeak gehiengoa dira bere burua katolikotzat hartzen dutenen aurrean (%38). Azken kopuru horretatik, gainera, bi herenak ez ziren praktikanteak. 2024an, Nafarroan, populazioaren %13 joaten zen igandeko mezatara, ez bertzerik, haur bataiatuen portzentajea %45,6koa zen eta ezkontza zibilak erritu katolikoenak halako hiru ziren. Horrekin batera, bokazio erlijiosoak maldan beheiti joan dira. Gaur egun, Nafarroan, 303 apaiz diozesiar soilik gelditzen dira, horietako 188 jubilaturik direla.
Honakoa diozu: «Ez gaitezen engaina, San Fermin ez da gure bestetako apaingarri bat, ezta lasterka egiteko, dantzatzeko edo topa egiteko aitzakia. Gure hiriaren arima espirituala, gizatiarra eta soziala da». Ba, ez. Bere burua katolikotzat ez duen eta bere errituak praktikatzen ez dituen populazioaren gehiengorendako, bere seme-alabak bataiatzen ez dituen horrendako, zibilez ezkondu edo arrimatzen denarendako eta egunero, gurdizainen gisara, birao egiten duenarendako, saindu beltzarana ez da Elizak mendetan zehar monopolizatu duen egutegitik erakarritako istripu hutsa baino.
Nire irudiko, gure bestak arakatzeko baliatzen duzun behatoki arkaiko horrek (apezpiku-jauregian kokatua, XVIII. mendekoa, 3.000 metro koadro azalera eraikia), egun horietan duzun ekitaldi erlijiosoen agenda estuarekin batera (bezperak, prozesioa, mezak, zortziurrenak...) galarazten dizu sanferminak zertan diren antzematea. Hori erraten dizut zeren ez baitzaitut imajinatzen karrikan edo elkarte batean arrautzak txistorrarekin hamarretakoa egiten, txaranga baten erritmora dantzatzen, ahotsa galdu arte dena ematen, sotanarekin edo gabe entzierroa korritzen edo, gaupasa luze baten ondoren Pamplonesaren dianetara joaten.
Egia erranda, nik ez dut aunitz ulertzen arimez, baina bat bilatzekotan, batez ere miatuko nituzke Jarauta, Carmen, Kaldereria, Nabarreria karrikak, O plaza, Herri Sanferminen esparrua, Iruñeko hamazazpi peñetako edozeinen egoitza, Gaztelu plazako, Konpañia karrikako, Herrikoko kontzertuak... atzendu gabe, noski, Gaztelu gibeleko belaiak, Gotorlekuko lubanarroak edo Argako hegiak, horiek baitira gustukoen tokiak, txupinazo moduan, gauez larrutan egiten dutenendako, saindu zaindariari topa eginez, botagile eta ardogileen kofradietako zaindaria ere den horri, portzierto.
Gutxiagorako izan ez zitekeenez, uztailaren 7ko prozesioa aipatzen duzu bestetan sainduaren presentzia espiritualaren non plus ultra gisa. Alde Zaharreko karriketan barna pasatzen denean jende andana biltzen dela ezin ukatuz, egia da ere prozesioari Udalak oparitzen dizkion elementuak (Erraldoien, zaldikoen eta kilikien konpartsa, La Pamplonesa musika banda, udal dantza-taldea, mazeroak, klarinete-jotzaileak, tinbalariak eta udaltzainak gala-jantzian, bai eta udalbatza bera ere) kenduko bagenizkio, zertan geldituko litzateke prozesioa? Benetan, zure irudiko zenbat pertsona joanen lirateke segizio arkaiko hori ikustera bakarrik sainduaren irudia, katedraleko kabildoa, zu zeu, Pasioaren ermandadea eta Andre Mariaren kongregazioa izanen balira, hori guztia gurutze, estandarte, sotana eta kasulla parafernalia oparoaz apaindurik?
Zure artikuluaren goiburua hauxe zen: «San Fermin kentzen badugu, zer gelditzen zaigu? Deus ere ez». Nagusia ukatzen dut. Ez litzateke gauza handirik gertatuko. Adibide gisa aipatuko dut Donostiako Salberen prozesioaren kasua. 1994an, udalak besta programatik kentzea erabaki zuen, Koruko Ama Birjina hiriko patroiaren ohorean egiten zen tradizio handiko prozesioa. Aurrerago, 2014an, EAJk proposatuta, berreskuratzea planteatu zen. EAJk berak eta PPk aldeko botoa eman zuten, eta EH Bilduk, PSEk eta Irabazik kontra botatu zuten. Hortaz, ez zen onetsi. Hala izanda ere, Donostiak bizirik dirau. Yahvek ez dio inolako izurriterik igorri. Are, bertako bestak gero eta parte-hartzaileagoak dira, herri mailan in crescendo doazen ekitaldiekin, Kontxako hondartzan egiten den lehorreratze pirata, konparazione. Eta zer esan Bilbori buruz, non Begoñako Ama Birjina bere zaindaria den arren, jaietako eta bere ekitaldietako erregina ofiziala Marijaia den.
Liturgia katolikoaren arabera, prozesioak ekintza erlijioso, publiko eta hotsandikoak dira, sinestunen fedea eta debozioa adieraztekoak. Ba, hala bedi. Uztailaren 7an, Iruñean, udalbatzaren eta gehigarrien presentzia ofizialak ez du inolako zentzurik, sinesmen eta ez-sinesmenen aniztasuna ez baitu errespetatzen eta egun existitzen ez den iragan zahar batean ainguraturik baita. Bertan parte hartzea ez da tradiziorik errespetatzea, gaindi daitekeen eta gainditu behar den anakronismoa baizik. Eta zu, artzapezpiku jauna, ez kezkatu bestarengatik, hori gurea baita. Jostuna jostera!