Iruñera (Etxera) sanferminetarako

2023ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
«APamplona hemos de ir, con una media y un calcetín», halaxe dio mundu osoan kantatzen den sanferminetako himno ezagunak. Izan ere, hurbil ditugu egun horiek, gure Iruñea berriz ere munduko hiriburu bihurtzen den garaia. Festa, musika eta dantza egunak, brindisak egiteko eta milaka unetxo edo momentico bizitzeko egunak. Elkartzeko, besarkatzeko egunak, Iruñea mundura irekitzeko eta munduak bere buruari Iruñean begiratzeko egunak. Eta halaber, kalean pankartak dantzan ibiltzeko egunak, kantatzen eta borrokatzen duen eta, horretxegatik, sekula hilko ez den herri baten gogo kolektiboen alde. Abiadura bizian doan bizitzak pankartak ere aldatzen ditu; halatan, nabarmenenak sentituenak dira, urgenteenak, gureenak. «Sorionekuak», diote irribarrez batzuek; eta «Kaleak, eta gaua, gureak dira» oihukatzen dute festan dagokien tokia eskatzen dutenek biztanleen erdientzat, emakumeentzat alegia.

Sarek eta Etxeratek antolaturik, ekainaren 30ean arratsaldeko 20:00etan Sarasatetik abiatuko den kalejirarekin, Iruñeko kaleetan zehar egin ohi den dantza hori aurreratu nahi izan dugu, kalea utzi eta gure herriaren memorian betiko iltzatuta gelditzeko tokia eskatzen ari den pankarta batekin. «ETXERA» da datorren ostiralean dantzaraziko dugun pankarta hori, ilusioarekin eta gogo biziekin, paseoan atera behar dugun azken aldia izan dadin.

Zinez pentsatzen dugu badela garaia hura kentzeko. Bada garaia «ETXERA» erreibindikazio bat izatetik denon lorpen izatera pasatzeko. Aurrerapauso bat, denok pozik sentiaraziko gaituena, denok irabazle eginen gaituena. Bai, denok gara irabazle eskubideen urraketa bukatzen denean; denok gara irabazle salbuespen eta mendeku politikak bukatzen direnean; denok irabazten dugu ekuazio politikotik kanpo sufrimendua uzten dugunean, atea zabalik utzita elkarbizitzaren agertokietara, memoria inklusiboaren agertokietara, berriz elkartzeko agertokietara.

Festaren magian murgiltzeko gogoa badugu ere, hori ez da traba jabetzeko tentsio politiko handiko eta krispazioz beteriko uneak bizi ditugula, eta, halaber, zalantzak daudela etorkizunak ekar dezakeenaz. Jakin badakigu oraindik ere indar handikoak direla sufrimendu eta gatazkako iraganera eraman nahi gaituzten inertziak, iragan horretatik neke handiz atera ondoren. Sanferminetako irudi bat erabiltzea zilegi bada, esan dezakegu entzierroan ez duela balio atzeraka laster egiteak. Aurrera joatea da alternatiba bakarra eta plaza, azken helmuga denontzat. Plaza, elkartzeko gunea. Gure gizarteak gainditu egin du jada gatazka gordinenaren aldapa; ia irristadarik gabe biratu eta elkarbizitzara eta konponbide demokratikoetara daraman bidea hartu du, antzematen du orain plazako atea, ideiak indarkeriarik gabe eta inoren eskubideak zapaldu gabe eztabaidatzeko tokia. Baina presoen etxeratzea modu artifizialean mantsotzearren salbuespenez baliatzen den espetxe politikak entzierroa korritzen ez dakitenek bezala egiten du. Lasterketaren normaltasuna oztopatzen dute eta arriskua sortzen dute, zauriak, alferrikako sufrimendua eta, behin baino gehiagotan, kalte konponezinak eraginda. Salbuespen politika hesietatik kanpora atera beharra dago, lehenbailehen atera ere, hamaiketakoa zain daukagu eta.

Denak etxera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.