Gure Haurrak Ere Badira-ko kidea

Isilik geratzea politika egitea da

Markel Elortza
2026ko martxoaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko bigarren hezkuntzako institutu batean irakaslea naiz. Aldi berean, Gure Haurrak Ere Badira ekimeneko kidea ere bai. Ekimen horren bidez, aukera sortu zait Batxilergoko ikasleekin mahai inguru bat egiteko Defense for Children International – Palestine GKEko kideekin, Paz con Dignidad erakundearen laguntzari esker. Helburu sinple eta hezitzaile batekin: ikasleek erakunde horren jarduna ezagutzea eta Palestinan haurrek bizi duten egungo egoeraren berri zuzenean jasotzea.

Institutuko zuzendaritzak, ordea, ezezkoa eman dio proposamenari. Ez soilik ikasle guztientzako jarduera gisa, baizik eta baita Gaur egungo gatazkak eta errealitateak IKT eta prentsaren bidez irakasgaian lantzeko aukerari ere. Arrazoia? Guraso batzuen kexak egon izan direlako iraganean, jarduera politikoak antolatzeagatik. Erabaki hori, zintzotasunez, tamalgarria iruditzen zait. Ez delako hemen eztabaida politiko bat planteatzen ari. Ez delako alderdi, bandera edo ideologia jakin bat sustatzeko ekimena. Hemen hizpide duguna giza eskubideak dira, haurren eskubideak, zehazki. Askotan ahoa betetzen zaigu konpetentzia eta halakoen inguruan hitz egiten: pentsamendu kritikoa, informazioa kontrastatzeko gaitasuna, ikuspegi globala, herritartasun aktiboa… Baina horiek ez dira testuliburuetako definizioekin lantzen, praktikan jartzen baizik. Nahiz eta batzuetan halako errealitateak gogorrak eta deserosoak izan…

Badirudi gatazka batzuk onargarriak direla ikasgelan lantzeko, eta beste batzuk, aldiz, arriskutsuak edo desegokiak balira bezala tratatzen direla

Nazio Batuen Erakundeak berak ohartarazi duen moduan, genozidioa sufritzen ari den herria da Palestina, eta horren errealitatea ezagutzea aukera pedagogiko baliotsua da, pentsamendu kritikoa ez ezik enpatia ere lantzeko. Zintzoak bagara, galdera deseroso bat egin behar dugu: gauza bera gertatuko litzateke Ukrainari buruzko jarduera bat proposatuko balitz? Zaila da sinestea. Badirudi gatazka batzuk onargarriak direla ikasgelan lantzeko, eta beste batzuk, aldiz, arriskutsuak edo desegokiak balira bezala tratatzen direla.

Palestinaren kasuan, aurreiritzi ugari pilatu dira urte luzez, eta horietan guztietan sionismoaren eragin mediatiko eta politikoak pisu handia izan du. Horrek ez du esan nahi ikasleei diskurtso bakar bat eman behar zaienik. Kontrakoa, hain zuzen: informazio iturri desberdinak ezagutzea, nazioarteko zuzenbidea zer den ulertzea, giza eskubideen urraketak identifikatzen ikastea. Defense for Children International bezalako erakundeek, NBErekin lankidetzan, ekarpen horixe egiten baitute. Eskolak ez luke beldur izan behar errealitate gordinaz. Are gutxiago, beldur horrek isiltasunera eta autozentsurara eramaten badu.

Hezkuntzaren funtzioa ez da ikasleak burbuila batean babestea, baizik eta mundua ulertzeko tresnak ematea. Eta mundu hori, gustatu ala ez, gatazkaz betea dago. Giza eskubideak lantzea hezkuntzaren parte da. Horiek ez lantzea, ordea, politika egitea. Isilik geratzen garenean edo egoera bat salatzen ez dugunean, erabaki politiko bat hartzen ari gara. Eskolak, baldin eta gizarte justuago bat eraikitzeko tresna izan nahi badu, ezin ditu begiak itxi Palestinako haurren sufrimenduaren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!