Politologoa

Isilpeko zapalkuntza: euskara zalantzan jartzen duen sistema

Ekain de Olano
2025eko azaroaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen aldeko borroka ez da soilik hizkuntzaren erabileraren auzia: botere harremanen muina da. Ez da lege debeku baten bidez gauzatzen, baizik eta presio sozial eta normatibo sotilen bidez, hizkuntza beti bigarren mailan jarriz eta gutxietsiz. Debekurik gabe, baina askatasunik gabe: mendekotasun linguistikoaren forma sotilena.

Horrek hizkuntza ohituretan baino gehiago eragiten du. Gure barnean ere arrasto sakonak uzten ditu: lotsa, erruduntasun sentimendua, zalantza etengabea. Euskaraz aritzean geure burua justifikatzera behartuta sentitzen gara eta horrek segurtasun falta eta autozentsura sortzen ditu. Haurren esperientzietan ere ikus daiteke: ikastolan euskaraz ikasten dute, baina handik irtetean dena erdaraz bizi dute. Euskara ikasgai bihurtzen zaio, ez bizi esperientzia. Horrek sortzen duen disonantzia emozionala sakona da: ardura edo betebehar baten forma hartzen du, ez askatasunarena. Hortxe zapalkuntzaren lehen arrastoa. Zer gertatzen da haur batek bere hizkuntza munduan ez dela entzuten ikasten duenean? Euskara bere hizkuntza dela esan diote, baina mundua beste hizkuntza batean dator. Hitz egingo dugu horrek gure gogoetetan eta emozioetan uzten duen arrastoaz?

Gauza hauek egunerokotasunean gertatzen dira eta identifikagarriak dira: taberna batean zerbait eskatzeko orduan, edota administrazioan tramite bat euskaraz egin nahi dugunean. Ez dira kasu bakanak, baizik eta botere egitura baten sintomak. Euskaraz bizitzea horma garden baten aurrean hitz egitea bezala da: zuk zure ahotsa entzuten duzu, baina ez da beti beste aldera iristen. Euskaldunok ez gara entzunak: hizkuntza hegemonikoek duten erosotasuna ez da neutraltasuna, pribilegioa da. Haien hiztunek ez dute inoiz beren identitatea azaldu behar, ezta beren hizkuntza hautua justifikatu ere. Guk, aldiz, bai.

Eta nork ordaintzen du egoera horren kostua? Ez digute euskara debekatu, baina beti zalantzan jartzen da. Espainola edo frantsesa, aldiz, inoiz ez. Hori ere pribilegioaren seinale garbia da. Hizkuntza hegemonikoak ez du inoiz azalpenik behar. Erdaldunak gure lurraldean pribilegiatu hutsak dira; gu, ordea, marjinatuak.

Gipuzkoako PSEko idazkari nagusiak, Joxe Inazio Asensiok, adierazi zuen «euskararen inposizioa» eta «lehen eta bigarren mailako euskal herritarrak sortzea» saihestu behar dela. Horrek erakusten du nola erabiltzen den berdintasunaren diskurtsoa ezberdintasuna mantentzeko. Ez da hizkuntzaren defentsa, pribilegioaren defentsa baizik: hizkuntza hegemonikoaren erosotasuna babesteko, eta euskara berriz bazterrean uzteko. Gauzak horrela, ez dute euskara debekatu behar, nahikoa daukate euskara bidegabekeria bat bezala aurkeztearekin.

Agerian geratzen da zapalkuntza sotila. Hizkuntza eskubideak ez dira eskubide gisa ulertzen, arrisku gisa baizik; eta euskara, babestu beharrekoa izan beharrean, inposizio baten sinbolo bihurtzen da. Euskararen alde egitea ez da ulertzen justizia ariketa gisa. Hori da, hain zuzen, botereak erabiltzen duen diskurtsoaren garaipen sotila.

Sistema bera erdaraz funtzionatzeko diseinatuta dago: administrazioa, zerbitzuak, bizitza publikoa… den-dena espainolez edo frantsesez. «Ez dut ulertzen, mesedez espainolez» esaten denean, eskubide baten aldarrikapena dirudi, baina, funtsean erosotasunaren inposaketa da. Izan ere, euskaldunok espainolez edo frantsesez moldatzen gara; erdaldun askok, ostera, ez dute euskararik ikasi. Espainola edo frantsesa praktiko eta moderno bezala aurkezten dira; euskara, berriz, sentimental edo folkloriko gisa. Hizkuntzen balorazio hierarkia horien atzean dagoen botere harremanen araberakoa da. Eta kostua? Ezinbestean, euskaldunok ordaintzen dugu: gure hizkuntza hautua justifikatzera, gure identitatea etengabe zalantzan jarrita. Galdera, beraz, ez da bakarrik nori dagokion erosotasuna bermatzea; galdera da: prest al gaude euskaldunok pribilegio horien normaltasuna zalantzan jartzeko?

Nahikoa da! Gure hizkuntzaren duintasuna ez da negoziatzen. Euskara ez da soilik komunikazio tresna; gure mundua ikusteko eta izendatzeko modua ere bada. Arazoa ez da bakarrik erabilera. Arazoa botere harreman batean dago; eta harreman hori gure herriaren barrenetaraino txertatuta dago. Euskararen erabilera ez da aukera libre bat, baizik eta menpekotasun politiko eta kulturalaren ondorio zuzena, euskaldunok etengabe erabakitzera behartzen gaituena.

Ezin argiago esan. Pentsa ezazue: inoiz galdetu al diote espainol edo frantses bati zergatik egiten duen espainolez edo frantsesez? Ziur aski, ez. Beraien normaltasuna da. Hor dago pribilegioaren muina, hizkuntza hegemonikoak ez du inoiz justifikaziorik behar.

Etengabe zalantzan jartzeak epistemizidio linguistikoa dakar, alegia, hizkuntza batekin batera mundua ulertzeko era baten desagerpena. Hizkuntza bat ez da naturalki desagertzen, ez delako erabiltzen edo ikasten. Hizkuntza galtzen da botere egitura batek sistematikoki baztertzen duelako. Gure lurraldea lapurtu ziguten euren banderak ekarriz, eta jarraian hizkuntza kentzen saiatzen ari dira. Eta hori, askotan, modu naturalizatu batean egiten da: gauzak horrelakoak dira esanez, euskararen galera justifikatzen da. Horrelaxe kentzen digute euskara, gure eskubidea ikusezin bihurtuz.

«Euskaraz ez da ulertzen, itzuli behar da» esaten digute. Eta, gezur hori sinetsi dugu. Gure artean txertatu dute, gure bazterketa eta gure hizkuntzaren desagerpena normalizatzeko. Euskaldunon kontrako zapalkuntza ez da iraganeko oroitzapen bat; gaur egun bizi dugun botere egitura da. Horregatik, euskaraz bizitzeko eskubidea ez da errespetatzen. Ez da mesede bat, ezta tolerantzia ariketa bat ere: justizia da. Duintasuna da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.