Islandia, gure iparra: iraupen bereko gurasotasun baimenak

2016ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Haurrak haztea ez da erditu eta kantari ibiltzea; ez da hondartzan eguzkitan etzatea. Jaioberriak zaintzeak lan intentsiboa eta etenik gabea eskatzen duelako ditugu, besteak beste, haurrak zaintzeko gurasotasun-baimenak. Baimen horiek, ordea, ez dira neutroak. Hamasei asteko amatasun-baimenak ditugu, haurrak zaintzeko, eta bi asteko aitatasun-baimenak, haurren zaintzan «laguntzeko»; zaintza partekaturako oinarri eskasa, inondik ere.

Europan badago eredu alternatiborik, ordea. Aitatasun-baimena 14 astera luzatu zuten Norvegian 2012an eta, urte berean, gurasotasun-baimenak parekatu zituzten Islandian, guraso bakoitzari hiruna hilabeteko baimena aitortuz, gurasoen artean banatzeko hiru hilabeterekin batera; eta, pixkanaka, pertsonako seina hilabeteko baimen-eredurantz doaz. Emaitzek erakusten dute gurasotasun-baimenak parekatzeak eragin positiboa duela gizonek haurren zaintzan duten inplikazioan eta haurren zaintzan hasieran ezartzen diren rolek indar handia dutela gerora ere.

Horregatik, Euskal Herria Bilduk uste du gurasotasun-baimenak parekatu egin behar direla eta horiek sei hilabeteko iraupena izan behar dutela; hau da, pertsona bakoitzak, guraso izateagatik, sei hilabeteko baimena behar duela izan, haurrak zaindu ahal izateko; besteak beste, haurren zaintza ez delako emakumeen ardura soilik, gizonek ere haurren zaintzan inplikatu behar dutelako eta pertsonak zaintzeari lehentasuna emango dieten politika publikoak behar ditugulako. Gurasotasun-baimenek izan behar dute iraupen bera, %100ean ordainduak eta transferiezinak, esperientziak erakutsi digulako baimenak guraso batetik bestera pasatzeko aukera dagoenean, gizon gehienek emakumeei pasa izan dizkietela baimen-egunak. Horixe pasatu izan da Suedian, hain zuzen.

Jakin badakigu Madrilek ez digula baimen hauen izaeraren inguruan erabakitzeko eskumenik aitortzen, baina mugetan kateatuta geratu ordez, aukerak bilatzea eta baliatzea proposatzen dugu. Posible da, esaterako, Jaurlaritzaren agintepeko sail edo erakunde batean baimenak parekatzen hasteko proiektu pilotu bat abiatzea eta, ondoren, emaitzak aztertuta, erreforma zabaltzen joatea. Antzeko zerbait egin zuten Islandian. Lehenik eta behin Reykjiaviceko udalean parekatu zituzten baimenak, eta, ondoren, Islandia osora zabaldu zuten erreforma.

Asmo orokorretatik konpromiso zehatzetara etortzeko garaia da. Izan ere, parekidetasunaz eta kontziliazioaz asko hitz egiten da, baina zaintza eta kontziliazioa emakumeen gain uzten jarraitzen da oraindik ere; eta gaur egun kontziliazioa ezinezko bat da, kezka iturri handi bat, ondo bizi ezina, eta ezin dugu gehiago. Horregatik, beharrezkoa eta urgentea da sei hilabeteko gurasotasun-baimen parekideetara iristeko bidea egiten hastea. Izan ere, gaur egungo zaintza-sistema injustua da eta ez da jasangarria. Pertsonak zaintzeak lehentasunezko estatu-arazo behar lukeenean, familia-arazo (edo, zehatzago, emakume-arazo) bihurtzen dute. Erakunde publikoek pilota herritarron teilatuan jartzen dute eta errudun senti arazi pertsonak ondo zaindu ezin ditugulako. Bitartean, pertsonak zaintzeko zerbitzu publikoak gutxi garatu dira, eta lan-merkatuan muturreko bi egoera nagusitzen dira: batzuentzat (batez ere gizonak) lanaldi oso luzeak; eta, besteentzat (batez ere emakumeak) lanaldi partzialak, prekaritatea eta lan-merkatuan etenak.

Horregatik guztiagatik, politika publikoak egin behar dira norabide berri batekin eta parekidetasun klabean, eta iraupen bereko gurasotasun-baimenak politika horien pieza garrantzitsu bat dira. Horrekin batera, haurrak zaintzeko zerbitzu publikoak garatu behar dira, eta haurreskolak guztiontzat, publikoak, doakoak eta kalitatekoak behar dute izan. Gaur egun, Jaurlaritza kontrako norabidean ari da, ordea. Haurreskolak doakotasunetik urrun daude, eta logika patriarkalari erantzuten dieten kontziliazio politikak nagusitzen dira; besteak beste, haurrak zaintzeko lanaldi murrizketak eta eszedentziak hartzeko diru-laguntzak. Laguntza horiek, eskasak izateaz gain, ondorio garbi bat dute: haurrak zaindu ahal izateko emakumeak (laguntza horien erabiltzaileen %92) lan-merkatutik erretiratzen dira. Era berean, ez dago gizonen erantzunkidetasuna sustatzeko neurririk. Nolako politikak, halako emaitzak. Horregatik, ez da justua, politika horien emaitzak herritarrei leporatzea: gizonei, egiten ez dutelako eta, emakumeei, beraiek egiten dutelako.

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Jada ez digu balio parekidetasunaren alde hitz egiteak, gizonek zaintza-lanetan izan behar duten inplikazioa goraipatzeak, emakumeen sakrifizioa aitortzeak, aitatasun-eredu berriei buruzko jardunaldiak egiteak... Ziklo hori agortuta dago. Ez da nahikoa. Politika publiko eraginkorrak garatu behar dira, parekidetasun klabean. Horregatik, Jaurlaritzari proposamen zehatz eta egingarri bat egin diogu: gara dezala proiektu pilotu bat gurasotasun-baimenak modu progresiboan parekatuko dituena. Alegia, marketinaren zikloa itxi eta praktikaren zikloa garatzen hasteko eskatu diogu. Gure proposamenari, ordea, errezeloz begiratu dio EAJk, eta ate guztiak ixtea izan da bere lehenengo erreakzioa. Egun batzuen ondoren, ordea, Islandiaz hitz egiten entzun dugu Jaurlaritzako Politika Sozialetako goi-arduradun bat. Beraz, has gaitezen politika berriak egiten gaur, eta ez bihar; urratsak ematen, gauza berriak probatzen... Politika zaharren emaitzak ezagutzen ditugu eta ez gaituzte asebetetzen. Emaitza berriak eta hobeak lortzeko politika ausartak egiteko unea da. Islandia da gure iparra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.