Europako lau presidente gudazaleek (Emmanuel Macron, Keir Starmer, Friedrich Merz eta Donald Tusk), maiatzaren 10ean 30 eguneko su etena exijitu zioten Vladimir Putini. Errusiako presidentearen erantzuna: «Maiatzaren 15ean has gaitezen bakea negoziatzen Istanbulen».
Bi planteamenduak arras ezberdinak ziren. Gudazaleek Ukraina berriz armaz ongi hornitzeko eta armada berrantolatzeko aukera bilatzen zuten. Errusiak, berriz, 2022an Istanbulen Biden eta Johnsonek zapuztu zuten errusiarren eta ukrainarren arteko bake-akordioa berreskuratzea.
Bi proposamenak bateraezinak ziren. Gudazaleek guda hauspotu nahi zuten, Errusia mendean hartzeko. Honek, berriz, gudari amaiera negoziatua ematea nahi zuen, tiroak hastea piztu zuten arrazoiak epe luzerako desaktibatuz.
Abiapuntuak argi erakusten zuen 2025eko Istanbuleko bileratik ezin zuela aurrerapausorik atera. Eta hala izan zen. Lortu zen milana preso trukatzeko urrats txalogarria tarteka adosten duten zerbait da, aurretik dagoeneko gutxienez beste bi aldiz egindako ekintza humanitarioa delarik. Istanbuleko bileran ez da beste lorpenik izan.
Porrot gisa hartu behar al da ekimen hau? Inola ere ez. Aurrerapauso bat eman baita. Otsailean hiru urte bete zituen Ukrainako guda mingarri honek. Denbora tarte luze honetan ez da bakerako negoziazioez hitz egin. Oraingoan, aski izan da Vladimir Putinek bakearen aukerari atea zabaltzea bi aldeak mahai inguruan esertzeko. Eta «ondoko gelan», Donald Trump, Emmanuel Macron, Keir Starmer, Friedrich Merz eta Donald Tusk, AEBak, Frantzia, Erresuma Batua, Alemania eta Polonia ordezkatuz. Aurreratutakoa garrantzitsua da.
Gudazaleek tranpa bat jarri nahi izan zioten Vladimir Putini. Hala egin zuten Minsken bi aldiz, 2014-2015ean eta Istanbulen beste behin 2022an. Baina honetan negoziazioak seriotasunez garatuko dira eta, su etena adosteko, aurrez eduki garrantzitsuen inguruko lehen akordioa sinatu beharko da. Ondoren etorriko da mamiaren inguruko gainerakoak adosteko armak isiltzeko aukera.
Hiru urte hauetan publikoki esan direnei erreparatuz gero, gutxienez puntu hauetaz hitz egin beharko dute: Ukraina eta NATO, Ukraina eta Europako Batasuna; Ukrainaren desmilitarizazioa; Ukrainaren desnazifikazioa; Ukrainaren lurraldetasuna; Errusieraren eta kultura errusiarraren normalizazioa; eta Ukrainaren marko juridiko-politiko berria.
Hori dena mahai gainean dagoela, inolako aurreakordiorik gabe su etena exijitzeak ez du zentzurik. Zentzurik ez duen bezala guda galtzen ari denak aise irabazten ari zaionari kaltea besterik ekarriko ez dion urratsa eman dezan exijitzea.
Puntuz puntu, negoziatu beharra eskatzen duten talka hauek ikus litezke egungo egoeran:
1. Ukraina eta NATO. Ukraina eta EB. Errusiak ez du Ukraina EBn sartzeko eragozpenik jarriko. Baina guda osteko gobernu berriak sartu nahiko ote duen ezin da jakin orain. Ukraina NATOn sartzea Errusiak ez du sekula onartuko. Hori izan da OMB operazio militar berezi hau abiarazteko lehen arrazoia.
2. Ukrainaren desmilitarizazioa.Europako gudazaleek Ukraina ariete bezala darabilte Errusiari ekiteko. Eta bide horretatik jarraitzeko dirutza handiak inbertitzekotan dira hurrengo urteetan. Aurrerantzean halako egoerarik errepika ez dadin, etorkizuneko Ukrainak armada txiki bat besterik eduki ez dezan proposatzen du Errusiak.
3. Ukrainaren desnazifikazioa. Naziak gutxiengoa dira Ukrainan. Baina AEBek emandako diru laguntzei esker, boteretsuak egin ziren 2014ko Maidango estatu-kolpearen garaian. Geroztik haiek sostengatzen dituzte Ukrainako Gobernuak eta haiek finkatzen diete gobernuei beren ildo politikoa. Ukraina berrian demokrazia izan ahal izateko, Errusiak nazismoa legez kanpo uztea proposatzen du.
4. Ukrainaren lurraldetasuna. Guda osteko Ukraina, Maidango estatu-kolpearen garaikoarekin alderatuta, desberdina izanen da. Mendebaldean, Poloniak Galitzia aldarrikatzen du berarentzat eta oso litekeena da historikoki bereak izan diren lurrak erreklamatzea Hungariak eta Errumaniak ere. Ekialdean, Errusiak dagoeneko bere Konstituzioan txertatuak ditu Krimea, Luhansk, Donetsk, Zaporizhia eta Jerson eskualdeak. Zelenskik denak Ukrainaren zati direla dio eta Errusiak lur horietatik alde egin behar duela. Mendebaldean ere ez du deus aldatzeko asmorik.
5. Errusiera eta kultura errusiarraren normalizazioa. Errusiera debekatuta dago. Ukrainan gehien hitz egiten den hizkuntzak ofizialtasuna ukatua du, ukrainarren hiru laurdenek errusiera ongi menderatzen duten arren. Errusiak ukrainar guztien hizkuntz-eskubideak babestuta egon daitezen eskatzen du.
6. Ukrainaren marko juridiko-politikoa. Zein izanen da Ukraina berriaren marko juridiko-politikoa? Lehenik, hauteskunde demokratikoak egin beharko dira. Horretarako, gaur egun debekatuta dauden alderdi politiko, sindikatu eta komunikabide guztiak legeztatu egin beharko dira. Baita Eliza Ortodoxoa ere. Kartzelan den preso politiko andana etxeratu egin beharko da. Hau gertatuko den zerbait da, Errusiak guda irabaziko duelako. Gobernu berriak erabaki beharko ditu gainerakoak.
Sei puntu hauetaz gain, gerra-krimenei lotutako guztia geratzen da. Basakeria guztien informazioa zabaltzea, Zelenski eta gainerako arduradun politiko eta militarren epaitzea, eta abar.
Lurraldetasunarekin lotuta, bada beste afera bat mahai gainean azal litekeena. 2022an oraindik Ukraina zirenak eta egun Errusian txertatuta dauden bost eskualdeak (oblastak) autodeterminazio erreferendum banaren bitartez txertatu ziren Errusian. Odesa, Nikolaiev, Dnipropetrovsk, Jarkiv… oblastek ez al dute aukera bera eskatuko?