Duela hamarkada gutxi arte, euskal arrantzale bati pentsua arrantzatzera joango zela esan izan balitzaio, ez zukeen sinistuko. Hobe esanda, ez ziokeen inongo zentzurik hartuko. Azken urteotan, ordea, arrantzaren zurrunbiloak euskal kostaldea jo du: gero eta itsasontzi gutxiago daude, belaunaldi berriek ez dute itsasoratu nahi, kofradiak desagertzen ari dira, matxinaden berri eman dute komunikabideek, eta zimarroiak oiloak balira bezala kaioletan hazten ari dira. Â
Jakina denez, aurtengo udan Getaria parean zimarroien haztegi bat jarri dute martxan. Proiektuaren atzean euskal erakunde publiko bat eta nazioarteko beste enpresa handi bat daude, Azti eta BalfegĂ³. Proiektua benetan gauzatu nahi bada, euskal arrantzaleek zimarroia harrapatzeko kuotei uko egin eta kuota horiei esker zimarroia kaioletan sartuko da, gizentzeko. Proiektu esperimental gisa aurkeztu dute, ea eramangarria den aztertu eta etorkizunean errealitate bihurtzeko asmoz.
Ehun egun kaioletan egin ondoren, duela gutxi atera zituzten zimarroiak. 50 pieza guztira. Orain, hazkuntzaren errentagarritasuna aztertzen arituko dira. Hori da gakoa: errentagarria izatea. Baina errentagarri izan dadin, kuotak bereganatu eta denona den itsasoaren zati bat behar du proiektuak, besteak beste. Eta honekin, beste zalantza bat sortzen da: errentagarria suertatzen bada ere, gizarteak bere elikaduran arraina jateko eskubidea galdu behar al du? Non jarriko da lehentasuna?
Izan ere, zimarroi kilo bat gizentzeko, 13 eta 15 kilo arrain behar dira. Aipatutako 50 zimarroi horiek, ehun egunetan, egunean 700 kilo arrain irentsi zituzten. Eskaini zitzaien menuan sartu zaizkie, besteak beste, sardina, berdela, txitxarroa edota antxoa. Bertan arrantzatu eta jaten ditugun arrain horiekin gizendu dira Getaria pareko zimarroiak. Azken helburua, gainera, zimarroiak Japoniara eta Ameriketako Estatu Batuetara esportatzea da.
2026rako, kaioletan mila zimarroi sartzea aurreikusten ari dira. Hiruko erregelak emaitza argia uzten du: 50 zimarroik 700 kilo arrain jan badituzte, 1.000 zimarroik zenbat jango dituzte? Egunean ia 14.000 kilo arrain! Eta proiektua egoki badoa, lau igerileku handi jarriko dituzte, beste bi mila zimarroiri jaten emateko, eta, beraz, beste 28.000 kilo arrain eskaini. Nondik aterako dute hainbeste arrain? Arraina gizentzeko arraina erabiltzen bada, euskal kostaldean zer jango dugu?
Hori gutxi balitz bezala, Itsasoaren Esploraziorako Europako Kontseiluaren arabera (ICES), besteak beste sardina, txitxarroa eta berdela oso egoera kaxkarrean daude. Berdelaren kuota, adibidez, %70 jaitsi beharko da datorren urtean. Alegia, 2026an aurten baino arrain gutxiago arrantzatu ahal izango da gure kostaldean, baina, aldi berean, milaka kilo gehiago beharko dira zimarroiei jaten emateko. Horrek, ziur asko, arrainaren prezioa are gehiago garestituko du, eskaintza gutxituko delako. Antzeko prozesuak bizi dituzten herrialdeen adibideak ugariak dira: Afrikako estatu askotan, Senegalen, Mauritanian edota Gambian, esaterako, beren kostaldeetako arraina pentsua egiteko harrapatzen dute, gero, pentsu horrekin elikatutako arrainak europarrok jan ditzagun. Hemen, japoniarrak edo estatubatuarrak elikatuko dituzten zimarroiei eskaintzeko pentsua arrantzatzera aterako dira gure arrantzaleak.
Zimarroi haztegiak jartzeko eman diren arrazoi nagusietako bat horri esker lanpostu berriak sortuko direla izan da. Baina hori ere ez da egia, egun arrantzatzen diren zimarroi kuotak 2008an banatu ziren berberak baitira, eta kuota horiek ez ziren ondo banatu: betidanik zimarroia artisau arrantzaren bidez porturatzen zuten itsasontziak banaketatik kanpora utzi zituzten, ez zitzaien ezer eman. Beraz, gutxi batzuen eskuetan egon dira baimenak, eta oraindik eta esku gutxiagoren artean banatuko dituzte etorkizunean.
Gure ustez, soluzioak bestelakoa behar luke. Betidanik arrantza horietan aritu den azpisektorea indartu behar da, desagertu ez dadin, eta hor diharduten arrantzaleen jarduna bultzatu: artisau arrantzaren aldeko apustua egin behar da, lanpostuak sortzen dituelako, naturarekin errespetu handiagoa erakusten duelako eta bertakoa delako. Gainera, harrapatutako arraina euskal kostaldeko kofradietan salduko litzateke, bertatik bertara, itsasotik mahaira.
Baina politikariek hartzen dituzten erabakiek beste norabide bat markatzen dute: kuotak pribatizatu ziren, eta orain itsasoaren zati batzuk pribatizatu nahi dituzte. Gutxi batzuen eskuetara pasako dituzte itsaso zatiak. Hori gutxi balitz bezala, Euskal Herrian elikadurarako hain garrantzitsuak izan diren arrainak erabiliko dituzte kaiolatan sartuko dituzten zimarroiak gizentzeko. Eta zimarroi horiek hemendik milaka kilometrotara dauden mahaietan jango dituzte. Proiektuaren abantailez konbentzitu nahi izango gaituzte, baina, arrantzale ohi baten ikuspuntutik, ez dauka inongo zentzurik.