EHUko irakaslea

Itxarongelan

Unai Belaustegi
2024ko otsailaren 29a
05:00
Entzun

13:30. Urgentzietako itxarongelan nago eta negarrez ari naiz. Goizeko bostetan jo digu iratzargailuak baina ordurako esna geunden biok. Urduri. Herenegun jaso genuen deian gaur etortzeko agindu ziguten. Zergatik aldaketa? «Porque lo ha dicho el cirujano».

Goizeko zazpietarako bertaratu gara. 482. gelako pertsianak igo ditugunean, oraindik ilun zen. Bakarrik gaude. Gero asko eskertuko dugu, baina orain hutsa sentitzen dugu gela. Hurrengo bost orduetan jende asko pasatuko da hemendik, bakoitza bere azalpenak emanez. Guk denei azaldu diegu, puntuz puntu, etxetik prestatuta ekarri dugun erditze plana. Ahalik eta erditzerik «naturalena» izatea nahi dugu, gure txikiaren denborak errespetatuko dituena.

12:25. Zeladorea etorri da gelara eta Miren eraman du. Nik atzetik jarraitu diet. 12:33ean igogailutik irten eta pasilloaren erdian, zera bota dit: «Dile adios». Mirenen sabela erditik ebakiko duen bisturiak bezala zeharkatu nau aginduak. Zehatza, zorrotza eta hotza. «Gero arte laztana» esanez agurtu dut, presaka. Dardarka geratu naiz. Ez dakit ondo entzun didan, urduri dago bera ere.

12:40. Itxarongelara joan naiz. Bakarrik nago. Aurrean telebista bat daukat, behin eta berriro iragarki berbera botatzen duen telebista bat. Hotzikarak sentitzen ditut gorputzean. Denbora oso motel doa eta amorruak ez dit itxaronaldia errazten. Hotsak entzuten hasi naiz inguruan. Norbait eseri da aldamenean. «Qué lindo es despertarse por la mañana y darle las gracias a Dios por un día más». Mugikorrak behin eta berriro egiten dio salto. Ez ditut bere mezuak entzun nahi, baina ezin dut ekidin. Etxeko ugazabarekin arazoak ditu. Bere senarra izan zenarekin ere bai. Azken honi esan dio ez dela bere «txuloa» eta ez diola onartuko horrela tratatzea. Bikoteen artean «gauzak» («cosas») gertatzen omen dira.

13:00. Urduri jarraitzen dut. Irakurtzen saiatu naiz baina orriak pasatu arren, ezin dut arretarik jarri. Nire aldamenekoak tuper bat ireki du eta jaten hasi dira. Usaina gela osoan zabaldu da. Goragalea etorri zait. Eta hotzikara gero. Bitartean itxarongelara jende gehiago etorri da. Tartean, bi neska gazte. Batak zera esan dio erizainari: «He venido a la ecografía y me han dicho que tengo el cuello del utero muy pequeño y que el bebe puede nacer en cualquier momento». Berehala eraman dute barrura. Beste neska gaztea ere bakarrik etorri da. Laster, bikotea jarri zaio hurbil, baina bakarrik jarraitu du. Nik itxarongelan egin dudan denboran, ez diote elkarri hitzik egin. Haurdun daude.

13:15. Neska gaixoak utzi duen lekuan beste familia bat bildu da. Zaratatsuak dira eta hauek ere janaria ekarri dute, baina McDonald’s poltsatan. Giroa jasangaitza egiten ari zait, eta ezin dut inora joan, badaezpada. 45 minutu inguru iraungo zituela esan ziguten. Laster behar du.

13:30. Erizain bat hurbildu da itxarongelara: «Ekhi?», «Bai!» erantzun diot. «Ha nacido bien, pero tienes que esperar un poco para entrar». Gorputza aulkira erori zait, ziplo. Negarrez hasi naiz. Aldamenekoak «Enhorabuena» esan dit. Beste familiako amak zera galdetu dit: «Pero, ¿por qué estás aquí y no dentro?».

Ez dakit zer erantzun. Zesarean, bikotearen presentziak amari eragiten dizkion onurak aski ezagunak dira eta horregatik, gure erkidegoko ospitale batzuetan bikotea kirofanora sartzen da. Baina hemen ez. Hemen, pasilloan agurtzeko eskatzen dizute. Guk baino zorte gehiago daukate haiek. Ziur asko, diru gehiago ere bai. Erditze planean jaso dugu nik ere presente egon nahi nuela, baina ez digute kasurik egin. Gero jakingo genuen ez zutela erditze plana irakurri ere egin.

Egoera ulertzen saiatu naiz. Kirurgia handia izanik, ezin dute kirofanora edonor sartu. Amaren eta haurraren osasuna zaindu behar dira. Eta profesionalek lana ondo egiteko girorik aproposena eduki behar dute. Baina beste lekuetan uzten badute, hemen zergatik ez?

13:40. Erantzuna pentsatzen ari nintzela, berriro entzun dut: «Ekhi?». Korrika joan naiz erizainarengana. Orduan, itxarongelan txaloka hasi dira. Denak poz-pozik jarri dira: «¡Enhorabuena papa!». Ez dut atzera begiratu ere egin. Ez diet eskerrik eman baina euren animoek lagundu naute semearengandik banatzen ninduten metro gutxiak egiten.

Atea ireki eta karenka aurkitu dut Ekhi. Beste gela batera eraman gaituzte. Ebakuntza konplikatu egin da eta ama beranduago ekarriko dute. Emaginak neure gainean etzan du Ekhi. Bat-batean, sekula sentitu ez dudan goxotasun batek bildu nau.

Kolore morea dauka eta hotz sentitu dut. Arnasa hartzea asko kostatzen ari zaio. Baina ari da, poliki-poliki ari da. Berotasuna ematen saiatzen ari naiz. Bera animatzen ere bai. Alaznek, Elisak, Iratik eta Annek erakutsitakoa gogoratu dut. Neure burua lasaitu, pultsazioak jaitsi eta arnasa sakon hartu. Aupa Ekhi! Ama ere ekarri dute guregana. Ekhi besarkatu du. Ekhi amak besarkatu duen moduan besarkatzea gustatuko litzaidake.

Emaginak asko lagundu nau. Digu. Ekhi animatu du, eta gu lasaitu. Gure aldamenean egon da, arretaz, zaindari, laguntzaile. Gero, gelara igotakoan ere, laguntza ikaragarria jaso dugu. Norbaitek esango luke, emagin izateko, enpatia eta lasaitasuna ikasgaiak gainditu behar dituztela. Gainontzeko ofizioetan ere ikasgai horiek sartu beharko genituzke. Magali, Nahikari, Edurne, Leire, Anne berriro, Cata erizaina, Maite erizaintzako laguntzailea eta izenik jaso ez ditugun beste hamaika langile. Ospitaletik eurengandik jaso dugun babesarekin irten dugu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.