Itzuliz usu begiak/mundua

Iñaki Sarriugarte Irigoien
2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Azken urte biotan—pandemia tarteko— ezohiko formatuetara egokitu eta gero, berriro dator letren plazako postontzira Bilboko Azkuna zentroak urtero antolatu ohi duen Gutun Zuria. Udaberri betean datorkigunez, hitzezko lorez beteko dira alondegi zaharberrituko zutabe-arbolak eta hitzezko txirlorak izango dira idazleen sormen-sua elikatuko dutenak.

Gutun Zuria Bilbao Letren Nazioarteko jaialdiaren aurtengo edizioa martxoaren 28tik apirilaren 2ra bitarte luzatuko da, eta goiburu nagusia, Itzuliz usu mundua, Anjel Lertxundi idazlearen Itzuliz usu begiak (2019) saiakera bikainean oinarrituta dago. Lertxundik itzulpengintzaz dihardu bere saiakeran, maisuki jardun ere, eta izenburua jartzeko J.B. Elizanbururen Solferinoko itsua olerkiaz baliatu zen, non gazte euskaldun bat gerrara baitoa (Italia, 1859), itsuturik bueltatzeko: Armen hartzera deitu ninduen/ gazterik zorte etsaiak;/ urrundu nintzen herri alderat/ itzuliz usu begiak,/ itzuliz usu begiak. Olerkiaren lelo horri begira, honakoa diosku Lertxundik: «Hizkuntza atzerritar batetik euskarara itzuliz usu begiak egiten dute lan itzultzaileek, hizkuntza biziberrituz gai eta aire orotarikoez, sorkuntza aberastuz, euskarak inoiz imajinatu ez dituen egoerak eta munduak izendatuz, sistema literarioa indartuz».

Itzulpena literaturatik haratago doan jardueratzat hartu nahiko luke Itzuliz usu mundua jaialdiak, etengabe itzultzen eta lekualdatzen ari den mundu bat (esperientziak, kulturak, identitateak...) ardaztzat harturik. Egitarauari bagagozkio, aurtengo eskaintza aberats ere aberatsa eta askotarikoa da: U. Elorriaga, T. Kallifatides, J. Lahiri, M.A. Meabe, S. Mesa, K. Navarro, B. Shehu, K. Uribe... Ahots euskaldunak, erdaldunak, han-hor-hemengoak, elkarren ondoan, elkarren bizigarri eta aberasgarri.

Topaketon harira, idazle-itzultzaile bikain bezain nekagaitz bat ekarri nahi genuke lerrootara, Luis Baraiazarra Txertudi meñakar karmeldarra, 2016an Santa Teresa Jesusena. Idazlan guztiak itzulpenari esker Espainiako Itzulpen Sari Nazionala irabazi zuena, ereinotz-koroa handik ordu batzuetara —arrazoi tekniko batzuk tarteko— era lastimagarrian kendu bazioten ere (ikus: Karmel, 296, 71-78). Luis Baraiazarra izatez eta sentsibilitatez olerkaria da, lirikoa, eta bere zizel-mailuek hamaikatxo txirlora hitzezkori eman izan diote arima poetikoa. Haren prosazko lanak ere azpimarragarriak ditugu, baina itzulpengintzaren baranoan gaudenez, arlo horrixe erreparatuko diogu, itzulpena izan da-eta azken urteotan meñakarrak bereziki landu izan duen arloa.

Arnas luzeko hainbat itzulpen-lanetan jardun eta gero, Teresa Jesusenaren (1515-1582) jaiotzaren V. mendeurrena bazetorrela-eta, proiektu erraldoi bati oratu zion karmeldar nekaezinak, asmo jakin batekin oratu ere: Betor gure baratzera/ haren goitiko ihintza,/ euskal letrak gozatzera;/ isur bedi goi-jakintza,/ Teresanetik gurera. Lau urte eta erdiko lana, 1.852 orrialde... «Lana kontuz-kontuz eta maitasunez egina da —dio egileak—. Artisautza lana. Hitzezko harri bakoitza poliki-poliki landuz, kolpe txikiz eta ukituka bakoitza bere tokian ezarriz, eraikia»: Neugan bizi gabe biziz,/ hain nago goi-bizi minez,/ hiltzen bainaiz hil ezinez. 2015ean argitaratu ziren santa Teresaren idazlan guztiak eta lorpen hori poz-iturri berdingabe bihurtu zen egilearentzat.

Horrekin konforme ez, eta sariaren inguruko aferak kinatuta, Luis Baraiazarrak beste lan titaniko bati heltzeko kemena izan zuen, hots, Joan Gurutzekoren (1542-1591) idazlan guztien euskal edizioa prestatzea, kasuon efemerideen estutasunik gabe, askeago. Hola, mundu osoan ezagunak eta ederretsiak diren mistiko bien lanak, santa Teresa eta san Joan Gurutzekorenak, txertatuta geratuko ziren euskalletretan. Ezin idoro egitasmo erakargarriagorik karmeldar anai-arrebak eta euskal-letrak, bitzuak, bihotzaren erditik maite dituenarentzat.

San Joan Gurutzeko. Idazlan guztiak 1.051 orrialdeko liburuak iaz, 2021. urtean, ikusi zuen argia, eta, harrezkero, san Joanen olerkiak hegaka dabiltza Euskal Herrian zehar Gontzal Mendibil abeslariak atondutako doinu-sorta bikainari esker. Olerki mistiko goren horiek itzultzean, arreta berezia jarri zuen Baraiazarrak euren baitako esanahi sakon eta espirituala ez ezik, ahapaldien eskema metrikoak—errimak barne— ere gordez. Urregile-lana, zilargin-beharra, zinez. XVI. mendeko mistikoaren gaztelania zaharra XXI. mendeko euskara batuaren soinekoz jantzi zen, dotore jantzi ere: Gau ilun batez barnea/ maitasunetan sutan zegoela,/ oi zorion unea!/ inork ez nakusela/ irten naiz nire etxea bakez zela.

Zertarako itzuli obra erraldoi horiek gaztelaniatik euskarara? Luisentzat Teresa bezalako emakume hain handi eta hain harrigarria eta Joan Gurutzeko olerkari mistiko gorenetakoa —XVI. mendea oso-osorik hartzen dute bien artean— euskal letren plazara ez agertzea hutsune larria zatekeen. Era berean, Baraiazarrarentzat itzulpena sorburu-hizkuntzatik xede-hizkuntzara pasatzea baino askoz gehiago da; izan ere, holako autoreak euskalduntzea, geurera ekartzea, erdal urak euskal ur bihurturik, gure uharkara eta gure moldeetara bideratzea da. Uharka zabaldu, ur-emaria aberastu: «Euskarari egiten zaion ekarpena da, nire ustez, gako nagusia: barne-munduaz, psikologiaz, barruan gertatzen denaz, Jainko-maitasunaz (azken batean, giza maitasunaz) inork ez du hark [Joanek] bezain ongi, gozo eta dotore idatzi». Itzulpenaren handia!

Lehenago, beste karmeldar batzuk(L. Akesolo, S. Onaindia...), baita zenbait olerkari entzutetsu (Gaztelu, Orixe...) ere saiatu ziren santa Teresa eta san Joan Gurutzekoren lanak, idazkiak eta olerkiak itzultzen. Zorionez, eta maisu zaharren pozerako, esan dezakegu, Meñakako ikasle apalak euskal Parnasoraino eroan dituela haien ahalegin eskergak.

Zalantzarik gabe, Luis Baraiazarrak mundu bat itzuli du —euskararen eta euskal literaturaren mesedetan, betiere—, usu begiak atzera itzuliz: Urezandigoikoa baserriko hizkuntzara, Urrezko Mendera, euskal klasikoen lanetara, orain mende erditsu Arantzazun erne zen euskara berrira... Etorkizunaren eskuetan geratzen da haren lana. Bihoakio hemendik euskaldun guztion esker ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.