Ez dut inondik inora orokortu nahi, inguratzen nauen horretaz bakarrik hitz egin dezakedalako, baina denbora daramat sentsazio bera izaten: ikasteaz gozatzen duten pertsonak gutxi dira; jakintza eraikitzeaz eta eskuratzeaz, beren zalantzak argitzen saiatzeaz, eta norberaren ideiak sortzeaz disfrutatzen dutenak. Unibertsitateak berak, dirudienez, uko egin dio garai batean zuen grina intelektualari eta eztabaida piztearen bideari, eta tituluak ekoizteko fabrika bihurtu da.
«Horrek ez du oposizioetan punturik gehitzen», «Hori zure curriculumean ez da kontuan hartuko», «Gradu honetako ikasgai gehienak sobran ditut». Askoren begietan, unibertsitatea bitarteko bat besterik ez da; ez da aprobetxatu edo gozatu nahi, ahalik eta azkarren bukatu baizik, lan-merkatuaren gurpilean sartu ahal izateko. Eta aitortu beharra dago erruaren zati handi bat guk, ikasleok, dugula. Presak eta etorkizunarekiko ziurgabetasunak bultzatuta, gu geu ere utilitarismo zulo horretan erortzen gara; ziurtagiriak pilatzearen obsesioak itxi egin digu munduarekiko jakin-mina, eta jakinduria bera, erabilgarria edo erabilezina den, horren arabera sailkatzen dugu, berezko balioa kenduta. Dudarik gabe, desinteresa ere bada ohiko fenomeno bat, baina horretaz sendatzea askoz zailagoa da.
Horretaz aparte, oso aurreideia okerrak izan ohi ditugu ikastearen inguruan: ikasteko prozesuak ez du zertan, une oro, dibertigarria edota entretenigarria izan. Gaur egun, badirudi dena atsegina izan behar dela gure arreta jaso eta mantentzeko, baina benetako ikaskuntzak, ezagutzaren eraikuntzak berak, esfortzua, asperdura uneak eta frustrazioari aurre egitea ere eskatzen du sarritan. Dena dela, jakintza eraikitzeak dakarren saria nahikoa izan beharko litzateke berez: inguratzen gaituena ulertzeko tresnak eskuratzea, pentsamenduaren egitura propioa garatzea, eta norberaren hazkunde pertsonala ordainezinak dira. Ez genuke kanpoko estimulurik beharko prozesu horrek berezkoa duen asebetetzea sentitzeko.
Unibertsitateak berak, dirudienez, uko egin dio garai batean zuen grina intelektualari eta eztabaida piztearen bideari, eta tituluak ekoizteko fabrika bihurtu da
Sentsazio horren bila, bada jendea beti amets egin duena unibertsitatera joan ahal izatearekin, askorentzat bertan ikastea benetako pribilegioa delako. Aurreko belaunaldi askok ez zuten horrelako aukerarik izan, eta gaur egun hori ez aprobetxatzea eta baloratzea lotsatzeko arrazoia izan beharko litzateke edonorentzat. Beharbada horregatik amorratzen nau pentsatzeak badela jendea titulua bera baino ez duena bilatzen, baina argi dago ahaleginik gabe jasotzen dena nekez estimatzen dela.
Baliteke egoera honen atzean arrazoi sakonago bat egotea: botere-egiturentzat ez dago interesik pentsatzen duten, galderak egiten dituzten eta euren desadostasuna adierazteko gai diren pertsonak heztean. Noski, askoz erosoagoa da irakatsitakoa bere horretan barneratzen duten eta sistema bera kolokan jartzeko joerarik ez duten gizabanakoak sortzea. Horrek azaldu dezake, neurri handi batean, azkenaldi honetan gure inguruan dabilen pasibotasun eta mantsotasun kronikoa.
Hala ere, egoeraz jabetzea lehen urratsa da. Ikasteaz gozatzen duen gutxiengo horretako kide izatea, gaur egun behintzat, erresistentzia ekintza bat da, eta sistema honen barruan, inertziari aurre egitea da gakoa: galderak egiten jarraitzea, programa itxi batetik haratago jotzea, eta eztabaidarako tarteak sortzea. Agian, arazoa da jakinduria guztiz instrumentalizatu dugula, eta bere zentzurik sakonena bigarren planoan geratu dela: errealitatea ulertzeaz gain, hura zalantzan jartzeko eta eraldatzeko borondatea duten pertsonak heztea. Horretatik zerbait berreskuratuko balitz, ikasteak duen balioak berriz ere gizartean dagokion lekua hartuko luke.