Eguazten goizeko lehenengo orduan, Euskaltzaindira ailegatu eta batera jaso dut gure Jose Antonio euskaltzain-laguna zendu delako berria. Berri tristea eta itzala; loretan eta potinean dagoen udaberri eder honi kontrakarra egitera datorren berri ituna, nonbaiten ere, Jose Antonioren joaera hau. Agur esateko egun seinalatua, «asko esan gurakoa», suertatu da, ez jakin halabeharrez ala beraren guraz. Gernikako uria eta alderak, 1937ko udaberri astelehen batez, plaza egun batez, birrinetan triskatuak izan zireneko memoria-eguna gautzearekin itzali da Jose Antonioren bihotz isioa. Gernikako seme eta euskaltzain honen heriotzean zilegi bekit urteurrenagazko berdintza hau egitea.
Euskaltzaindian sartu baino askoz lehenago ezagutu nuen Jose Antonio, euskal musika bitarte zela, egin ere. Euskal hizkuntza, literatura, kronika eta bibliografia arloetan murgildu baino lehen, euskal musika gaietan aditua zen euskaldun bakanetarikoa genuen hirurogeita hamarreko hamarkada hartan, arteratxoago Musica Vasca zeritzan monografia bat argitaratua baitzeukan. Bilboko Herri Irratian euskarazko irratsaioak atontzen genituen orduko hizlariok, eta berariaz kultura gaietara obendurik nengoen honek, halaxe izan nuen berarekin hitz egin eta asteroko euskal musikazko irratsaio baterako akordua zarratzeko zoria. Esan barik doa, gure laguntzaile honek ere musutruke kolaboratzen zuela euskararen alde.
Artean ondo nekien Gernikan ziharduen musika-lanaren berri. Gernikako euskal kulturgintzari guztiz loturik egon den gizona, baina modu aparteko batez euskal musikari, koru-musikari, zehatzago esanda. Gerraostean bertan Rikardo Zallo abade larrabetzuarrak gidatzen zuen «Santa Zezilia» abesbabatzan partaide zen jadanik. Eta geroago beronek sortuko zuen «Andra Mari» korala, urte luzez zuzendu izan duena. Marijesi kantuetan ere luzaroko urteetan parte hartu izan du, gerora ikergai preziatu izango zuen Gabon aurreko marijesi horietan. Jose Antonioren musika-zaletasun horretan, eta euskalzaletasunean ere, zerikusi handia izan zuela-eta nago Seber Altube euskaltzainak, Arrasateko semea berez, baina bihotz eta arima gernikartua, euskal gramatika gaietan aditua, zuhurra eta zentzu handikoa, literatoa ere bai, baina musikazale handia, Gernikako Bandaren zuzendaria. Haren azterrenak ezagun dira Jose Antonioren kultura ibilbidean, herri zein erbeste, eta hagazko atxikimendua ere bai bere idatzietan.
Euskaltzaindian liburuzain izendatzea (1979) erabakiorra gertatu zela esango nuke, beronen aurrerantzeko ikerketatarako; bestela esanda, Euskaltzaindiko biblioteka ederraren ardura bere gain hartzea, lur umotuari udaberriko euri gozoa bezala etorri zitzaiola barruan gordea zuen bokazioari erantzuteko. Bere ardurapean zuen, besteak beste, R. M. Azkue lehen euskaltzainburuak lagatako ondare osoa, argitaratua eta batez ere eskuizkribuzkoa, bestea beste, musikari eta herri literaturari zihoakion guztia. Eta Azkue lekeitiar bilbotartuaren zuzia hartu zuen Jose Antoniok bere ikergaietarik anitzetan. El Cancionero Vasco eta Euskalerriaren Yakintza-ren egilearen lorratzetan ikertzen jardun zuen, askotariko gaiak jorratuz: herri-musika, herri-literatura, bibliografia eta abar luzea.
Euskaltzaindian lehenik urgazle (1979), gero euskaltzain oso (1988) eta azken aldion emeritu (2006)izan den Jose Antonio Aranak Azkue Bibliotekarekin eduki du hasieratik kargu- eta erakunde-loturarik estuena, bai zuzendari izan den aldian (1979-89), bai bibliotekario akademiko izan den oraindainokoan. Hor dute sorburua Euskaltzaindiaren hainbat ageriko bilera eta jardunalditan garandu dituen aztergai askok,aipuaz gora ez baita tokatzen bere lan meritugarriaz jardutea. Baina bada genero bat aipu luzexeagoa merezi duena: biografia edo biografi kronikarena. Euskarari, euskal literaturari eta berariaz Euskaltzaindiari atxikitako hainbeste euskalzale eta euskaltzainen kronika zehatz bikainak beroni zor dizkiogu. Euskal Herri zabaleko pertsonaiak biografiatu dizkigu labur bezain zorrotz, baina aparteko jaramonez Gernika, Urdaibai edo Bizkaiagazko lotura izan dutenak: Resurrección M. Azkue, Seber Altube, Bernardo Gabiola, Bonifazio Etxegarai, Jose Basterretxea Oskillaso, batzuen batzuk aipatzearren.
Euskaltzaindiaren osoko bileretara egin dituen ekarriez, euskal hiztegi batuaren alde bere bizkaieratik egin dituen oharrak ditut, baita, gogoratu eta eskertu beharrekotzat. Gernikaldeko berbetan, batean obaria, bestean beste berbaren bat erabilia zela eta hiztegian sartu beharrekoa, defendatuko zuen leunkiro. Horretan ere erakutsi du bere ingurumenagazko sentiberatasuna.
Jose Antonio Arana, Euskaltzaindiaz ostean, beste kultura erakunde batzuei ere gertutik atxikia egon da: Eresbil, Eusko Ikaskuntza, Uzei, eta aldizkari askori: Euskera-z gain, aipatzekoak dira RSBAP, Txistulari, Aranzazu eta Jakin. Aldizkari honetxek aspaldiko egin zion aurrez aurreko solas luzean (2007, 161. znb.) aurki daitezke bere bizitzaren gaineko zehetasun ugari.
Jose Antonioren herri-konpromezua ere ez da gogoetaz at uztekoa. Herrizale eta abertzale senak bultzaturik, herri, gizarte eta politika kezkak ere barrutik bizi izan ditu eta jakin du, hutsunea edo beharra ikusi duen guztian borondatez bere garaua ekartzen, bai herri ekimenetan, bai politika eremu zabalagoetan. Bulego zokoan ezkutaturik egon barik, plaza agerian bere iritzia ematen edo adostasuna eskaintzen. Euskal gizarteak horretan ere eskerturik egoteko arrazoiak dituela-eta nago.
Amaitzeko, bihoakie etxeko emazte eta seme-alabei, neure eta euskaltzainon dolumina. Luzarotxoan apur bat gutxiendurik eta makalik zebilena bagenekien, baina txiri-txiri aurrera zeragoien. Beronek esan zituen, oraindino aste pare bat edo dela, bere koinata Ane Miren Bareñoren heriotzean agur berbak Gernikako ortusantuan. Euskaltzaindian etxeko izan dugun moduan, bere etxekoen etxeko izan da bera betean. Gure Jose Antonio gogoak bizi izan du, biziak adorea eman dion arte. Agur esan digu apirileko udaberri eder honetan, baina bere gomuta eta lanak geurekin diraute. Egun handira arte.
Jose Antonio Arana Martijaren heriotzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu