Abuztuaren 27ko BERRIAn idatzi zuen Julen Goñi Filosofia katedradunak Salba dezagun euskara? artikulu kezkatua, eta hainbat iradokizun arduratsu eskaintzen zituen. Nik irakurketa positiboko zehaztasun batzuk erantsi nahi dizkiot.
Goñik, Eustaten datuak aipatuz, EAEko herritarron artean euskara lehen hizkuntzaren garapenaz zera dio: «1986an, euskara edo euskara eta gaztelania lehen hizkuntza zutenak %24,29 ziren, eta 2021ean, berriz, %24,20». Eta kontrajartzen ditu balizko irabazirik gabeko datu hauek euskara gaitasunak erakusten dituen irabaziekin 35 urte horietan: «Datu horiek zera erakusten dute: 35 urtean euskaraz hitz egiteko gai direnen kopurua %18,41 igo dela, baina hizkuntza lehentasunari dagokionez, ehunekoak berdin mantentzen direla. Lehen datuei erreparatzen badiegu —hitz egiteko gai direnei—, euskara aurrera doala eta pozik egoteko modukoak direla esan daiteke. Bigarren datuek, berriz, kontrakoa esaten digute. Zeri eman lehentasuna euskararen egoera zein den epaitzeko?».
Eta egia da, Goñiren eta beste guztion kezka gordina, oraindik 2026an euskaldunok larrialdian jarraitzen dugula, ezin egoera larriagoan bizi garela oraindik gure eguneroko jarduna eta bizimodua euskaraz egin ahal izateko, larria EAEn, askoz larriagoa Nafarroa Garaian eta ezin larriagoa Iparraldean. Baina hori da kontu bat eta beste bat, etengabe diskurtso (ikaragarri) ezkor eta etsigarriak zabaltzea azken 40-60 urteotan egin ditugun ahaleginez. Ze, larritasunak larritasun, irabazten ari gara. Batez ere EAEn, baina are Nafarroa Garaian eta Iparraldean ere. Poliki eta pausoka, baina irabazten gure ahalegin guztien ondorioz.
Eta estatistikak ere kontuz eta behar bezala irakurri behar dira. Goñik dioen moduan «1986an, euskara edo euskara eta gaztelania lehen hizkuntza zutenak %24,29 ziren» eta «2021ean, berriz, %24,20». Berdin? Ba, ez! Ze, ez dira berdinak 1986ko %24ak eta 2021ekoak. Zorionez.
Egia da ezin egoera larriagoan bizi garela oraindik gure eguneroko jarduna eta bizimodua euskaraz egin ahal izateko. Baina beste kontu bat da etengabe diskurtso (ikaragarri) ezkor eta etsigarriak zabaltzea azken 40-60 urteotan egin ditugun ahaleginez
1986an: batetik, lehen hizkuntza euskara zeukatenak zaharrak ziren batez ere (%32,75eko gailurra 75-79 urte artekoak, 1907-1911 bitartean jaioak —beti Eustateko datuak—), eta %35,51 lehen hizkuntza euskara edo euskara eta gaztelania (espainola) zutenak. Bestetik, 10-14 urteko gazteen artean soilik %15,90ek zeukaten euskara lehen hizkuntza, eta %22,10ek euskara edo euskara eta espainola.
2021ean, berriz, 85 edo urte gehiagokoen %22,77k zuten euskara lehen hizkuntza (1937 aurretik jaioek) eta %25,13 euskara edo euskara eta espainola. Eta 35-39 urte artekoen artean, 1982-1986 artean jaiotakoen artean, soilik %14,87k zuten euskara lehen hizkuntza (inoizko datu apalena), eta %21,32k euskara edo euskara eta espainola (50-54 urte artekoek, 1967-1971 artean jaioek, %19,78k euskara edo euskara eta espainola, inoizko datu apalena). Eta horietatik gatoz.
Ordea, 5-9 urte bitarteko gazteen %21,04k zuten euskara lehen hizkuntza (bere 35-39 urteko gurasoek baino 4 puntu pasa gehiago), eta %39,74k euskara edo euskara eta espainola (bere 35-39 urteko gurasoek baino 18 puntu gehiago, ia bikoitza). EAEn jaio diren 5-9 urte artekoak kontuan hartuta, %22,22 dira euskara lehen hizkuntza dutenak eta %42,24 euskara edo euskara eta espainola dutenak. Bestalde, adin tarte horretan badugu beste multzo bat: lehen hizkuntza euskara edo euskara eta espainola ez duten amak dituzten umeena. Ume horien artean %27,01ek euskara dute lehen hizkuntza, eta %51,36k euskara eta espainola. Ezaugarri horiek berak dituzten 2 eta 4 urte bitartekoetan, berriz, %27,55ek dute euskara lehen hizkuntza, eta %53,19k euskara eta espainiera.
Are hobeak dira oraindik ere euskara etxeko hizkuntzaren erabilera datuak. Salbatuak gaude? Ez. Larrialdian gaude? Bai. Kontuak asko aldatzen ari gara? Bai. Orain dela 40 urte zuzenean hondora bideko zuloan baino askoz hobeto gaude, batez ere EAEn, baina are Nafarroa Garaian eta Iparraldean. Etorkizunari begira? Askoz hobeto. Irabazi dugu? Ez. Zail daukagu? Bai. Jarraitu behar dugu herritarrak euskalduntzen, hauek euskaldun oso bihurtzen, eta bereziki euskaldun bihotzeko bihurtzen, noiznahi eta nonahi euskaraz egingo dugunak Euskal Herrian gure eskubideak egikarituz.
Eta ez daukagu erraza. Inertzia erdalduna ikaragarria da. Gainean daukagun estatu espainol eta frantsesaren mendetako harlauza erasokorra ez da erraz haustekoa. Baina nik ez dut izan nahi ez espainol, ez frantses.