Justizia koloniala

2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Milaka aldizentzundako esapidea da, nekatzeraino: «Bere historia ezagutzen ez duen herria, hura errepikatzera behartuta dago». Baina, hala ere, behin eta berriro betetzen den leloa.

Azken egunetan, beste behin ere, Frantzia eta Espainiako epaitegiek beren zeregina bete eta gogorarazi egin digute, kasu honetan hizkuntzaren arloan. Deigarria da gurean jokabide honek piztu duen harridura. Esate baterako, Euskalgintzaren Kontseiluak «politikotzat» jo zuen Espainiar epaitegien ebazpena. Antzeko mezuak entzun ditugu mugaz bi aldeetako kultura eta politika arloko hainbat ordezkari eta talderen ahotik. Alegia, hau ezustekoa dela, salbuespena dela, edo epaileen arazoa dela.

Ez dakit errealitate berean bizi ote garen, baina garai honetan bi Estatu-inperioen justiziak menpeko herriak txikitzeko makineria baten azken giltzarrapoa baino ez direla ohartzea bai dela harrigarria. Makineria politikoa, bai, hasieratik amaieraraino. Ez dago politikoa ez den erakunderik munduan, esan gabe doa. Kontua da politika hori, Frantzia eta Espainiaren kasuan, politika koloniala dela, argi eta garbi esanda. Baina hori ez dugu inorengandik entzun: harrigarria... ala ez?

Karta jokoan, politikan bezalaxe, irabazi ala galdu egiten da, hori jokoaren muina eta bizigarria da. Baina, horretarako, jokoak garbia behar du izan. Mahaia, kartak, ateko giltzak eta mahai gainean dagoen pistola jokalari bakar batenak direnean, eta gainera jokalari honek bere eskupean beste lau edo bost errege dituenean, beste jokalarientzat ez dago irabazterik. Norbait harritu al daiteke horretaz? Beste jokalari batek, hala ere, irabazi dezakeela uste baldin badu, hiru aukera daude: gaixorik dago, erabateko ezjaknitasunean bizi da, ala jokalari nagusiaren soldatapekoa da. Edo hiruren nahasketa bat, auskalo.

Aitortu behar da azken hamarkadetan izugarri egonkortu direla Frantziaren eta Espainiaren sistemak gurean. Sinestuta gaude prozedura juridiko bat aurkituko dugula, bozketan ehuneko bat lortuta gauzak aldatuko direla. Espainiari eta Frantziari modu demokratikoan jokatzeko eska dakiekeela. Baina ez da sekulan hori gertatuko. Ez dute sekulan euskararen eta erdararen arteko parekotasunik onartuko, ez dute sekulan Trebiñu Araban sartzea onartuko, ez dute sekulan euskal selekzioen ofizialtasunik onartuko, ez dute sekulan aldebikotasunik onartuko. Horiek ez baitira sistemaren gabeziak, sistemaren helburua baizik.

Herri baten asimilazioak hiru urrats ditu: indarrez gauzatutako konkista, gizartearen kontrol politiko-ekonomikoa, eta nortasunaren ezabaketa. Eta uste baino askoz aurrerago gaude gainbeherako bide horretan.

Gizartearen kontrola, gurean, eliteen atxikimenduan oinarritu da, gutxienez 1076an Gaztelak eta Aragoik Iruñeko erresuma banatu zutenetik. Ez da sekulan harotarrik falta gurean. Makiavelori jarraituz, konkistatzailearen menpeko botere guneak sortzea da kontrol hori gauzatzeko modurik errazena, eraginkorrena eta merkeena, konkistatutakoak bere buruaren asimilazioa kudeatuko baitu. Eta sasibotere gune horiek konkistatzailearen borondatetik aldentzen ez direla bermatzea da justiziaren zeregina.

Menpeko herria kontrol horretaz ez jabetzea da nortasunaren ezabaketaren lehenengo urratsa. Oso urrun jo gabe, 1841era arte ezin zen nafarrik Nafarroatik kanpo epaitu. Gaur, aldiz, sistema hori ordezkatzeko Madrilek eratu zuen sistema omen da defendatu behar dena. EAEn, Hitzarmen Ekonomikoaren ustezko blindatzeak esan nahi du ezadostasun egoera batean, Espainiako Auzitegi Gorenaren ordez, Auzitegi Konstituzionalak erabakiko duela. Beste autonomia erkidegoen helegiteak ekiditen ditu horrek, bai; baina Espainiak eusten dio azken hitzari. Eta eutsiko dio, ideologia berbera baita erakunde horiena guztiena. Frantzian, beste hainbeste.

Oharkabetasun honen ondorioz herriak bere ohiturak gutxiesten dituenean (zein da euskal nortasunaren tokia «aniztasun» delako horretan?), eta konkistatzailearen lengoaia bereganatzen duenean, aurrera segitzen du asimilazioak. Gaur mila afera omen daude aldarrikatzeko, baina herriaren askatasuna, independentzia, ez dago haien artean, antza.

Herri oroimena eta kontzientzia historikoa erabat ezabatzen direnean, akabo herria. Ez da geroztik herririk izango, eta historian ere ez da herririk egongo. Ahanztura da herri baten heriotza.

Eta zer egin, orduan? Lehenik eta behin, menpekotasun egoeraz kontzientzia hartu eta hura aldarrikatu, txikitasun konplexurik gabe. Independentziarik gabe, desagertzea baino ez dagokigu. Kito. Bigarrenez, askatasuna egunerokotasunean gauzatzen dela ohartu. Ez gara bozketa batean euskaldun edo nafar gisa libre izango, egunero espainiar nahiz frantziar gisa jokatzen badugu. Euskaldunontzat hain mingarriak suertatu zaizkigun ebazpen hauetaz enteratu ere ez diren milaka euskal herritar badaude. Ikusi nahi ala ez, Espainia eta Frantzia dira haien nazioak. Eta hauek ez ditugu arrazoi politekin konbentzituko, egunero espainiar nahiz frantziar bezala jokatzen jarraitzen dugun bitartean. Independentzia egunero-egunero eraiki behar da.

Agerizkoa da errepresioaz erantzungo dutela alboko bi Estatuek. Beste era batera erantzuten ez dakite. Baina, haiek baino indartsuagoa ez bazara, okupazioa haientzat garestiegia eta neketsuegia bihurtzea da bide bakarra.

Justizia kolonialaren aurrean, espainiar/frantziar bezala, ala euskaldun eta nafar bezala jokatzea: hori da gure esku dagoen erabaki bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.