Jaume Gelabert.
Euskara irakaslea

Justiziarik ez Awdahrendako

2025eko abuztuaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argentinako lagun baten bidez jakin nuen Israelgo kolono batek, Yinon Levyk, Awdah gure laguna hil zuela bere herrixkan, israeldarrak herriko zenbait etxe suntsitzen ari zirela. Hilketaren egunean, uztailaren 28an, jaso nuen berria, eta hasierako momentu haietako tristura eta amorru berak ditut orain.

Awdah Umm al-Kheirren ezagutu genuen Josemari lagunak eta biok, 2017an. Zisjordaniako Masafer Yattta eskualdean zuen bizitokia, Hebrongo hegoaldeko mendietan, Yatta hiritik gertu. Baliteke irakurleren bati zona hori ezaguna egin izana, 2025eko Oscar saria irabazi zuen No Other Land dokumentalak bertako egoera erakusten baitu. Awdahek telefonoz grabatutako zenbait irudi agertzen dira filmean, eta horiek ikusita, zalantza gutxi izan dezake inork israeldarren jardueraz Palestinako lurraldeetan.

Herrixkako biztanleen sufrimendua Zisjordaniako herritarrek jasandako tratu bidegabearen adierazle garbia da. Umm al-Kheir Carmel kolonia israeldarraren —eta ilegalaren, nazioarteko arau guztien arabera— ondo-ondoan dago. 1948an, beduinoak Masafer Yattara iritsi ziren Israelgo armadak Arad basamortutik indarrez kanporatu zituenean. Baina 80ko hamarkadaren hasieran, bigarren kanporatzeari aurre egin behar izan zioten, Israelgo kolonoek new age urbanizazioa eraiki baitzuten biztanle arabiarren lurretan. Geroztik, inbaditzaileen txaletak begi-bistan dituztela, Awdahen herrikideek koloniaren kanpoaldean bizi behar izan dute, argindarrik gabeko etxola eta barrakoietan. Iritsi zirenetik, auzokide berriek azienda lapurtu, ur-mozketak egin eta palestinarren etxebizitza prekarioak eraitsi ohi dizkiete. Herriko Etxea ere suntsitu dute behin baino gehiagotan Israelgo bulldozerrek. Umm al-Kheirko biztanleek Europar Batasunaren diru-laguntzaz eraiki zuten haien bilgunea; ironiaren ironiaz, etxe-suntsitzaileek Euroligetan, Eurokopetan eta Eurovisionetan parte hartzen jarraituko dute. Kolono paramilitarren eta IDFren (Israelgo Defentsa Indarrak) jazarpena urte horietan guztietan pairatu behar izan dute. Beduinoek lurrak erosi zizkieten Yattako biztanleei Aradetik iritsi zirenean, eta kontu handiz gordetzen dituzte jabetza-agiriak. Carmeleko kolonoek ezin dute inongo erosketa-agiririk erakutsi, noski.

Informazio hori guztia jaso genuen Awdahen ahotik duela zortzi urte. Umm al-Khairretik bueltan artikulu bat idatzi genuen Argian, zeinetan bidegabekeria salatu genuen. Artikuluak ez zuen oihartzun handirik izan, eta hori ulertzekoa da. Baina gu herrian izan aurretik eta Palestinatik alde egin ondoren, hainbat talde europar eta iparramerikar pasatu dira Masafer Yattatik, baita mundu osoko juduak ere, eta beraiek, zalantzarik gabe, guk baino gaitasun eta trebetasun handiagoa dute salaketa-mezua hedatzeko, eta horietako askok hala egin dute; azken Oscar saria irabazi duen dokumentala zona horretaz aritzen da; sare sozialetan, modu aktiboan salatu da hango egoera, eta kolonoen eraso kriminalak erakusten dituzten hainbat bideo zabaldu dira, baita IDFren legez kanpoko jarduera eta palestinarren babes-falta agerian uzten dituztenak ere; Yinon Levyk nazioarteko zigorra jasoa zuen bere gorroto-ekintzengatik. Baina, aipatutako guztia izanda ere, Levyk pistola bat bazuen eta Awdah hil du. Hiltzailea etxeko ohatzean egiten du lo, ez kontzientzia ez bestelako eragozpenik gabe, eta hala eginen du: epaitegiak erabaki du kolonoa espetxeratzeko frogarik ez dagoela, tipoa bideo batean tiroka agertu arren; Awdahen sei senide, ordea, hilketaren egunean atxilotu zituzten, eta Awdahen bizitza salbatzen saiatu zen erizain estatubatuarra deportatu dute. Lerro hauek idazteko unean, familiak ezin izan du oraindik gure lagunaren gorpua jaso.

Zoritxarrez, inguruan izanen da Israelen jarduera kriminala ezagutu arren estatu sionistaren alde eginen duena. Eta beste batzuk isilduko dira, nahiz eta Gazako hilketa masiboa telebistan ia zuzenean ikusi. Burura etortzen zait Gazako genozidioa hasi baino urtebete aurrerago, euskal inteligentsia-ko kide batek kontatu zigula gazteen taberna batean sartu eta zaldi ero bat balitz bezala «Israel, Israel!» irrintzika aritu zela. Alajaina! Oso ekintza transgresorea intelektualarena, bere txisteak bezain burutsua. Grazia handiagokoa jakinda aste hartan berean estatu sionistak Shireen Abu Akleh kazetari palestinarra hila zuela Jeninen, lana betetzen ari zela. Zeharo harritu ninduen, ez bainuen harengandik halakorik espero. Une hartan, eminentzia uste baino tontoagoa zela pentsatu nuen, eta, orain, are tontoagoa ni, momentu hartan deus ez esateagatik. Eta inguruotako beste ilustre batekin oroitzen naiz, ilustrea bere ustez behinik behin. Sarean, denbora luzez egin izan dio burla Gaza aire zabaleko espetxea zela zioen leloari. Biek ala biek genozidio hitzari ere barre egin zioten triskantzaren hasieran. Seguru nago —hala pentsatu nahi dut behintzat— batari zein bestari irria ahotik kendu zaiela, Israelgo armadak txikitutako lerroa izarren azpiko hilerri bilakatu dela ohartzearekin batera; baina, tamalez, ez dut uste inoiz genozidio hitza erabili edo Israelgo Gobernuek estatuaren sorreratik ezarritako bidegabekeria salatuko dutenik. Aldeko edo kontrako iritzia ematen duenaren antzera, hondamendi humanitario baten aurrean isilik geratzen denak ere bere jarrera erakusten du.

Gauza bera esan liteke nazioarteko erakundeez. Gobernu israeldarra babesten ez dutenetatik, ez dago bat bera ere hitzetatik haratago joan denik; sarraski hau gelditzeko eta palestinarrei urteak eta urteak ukatutako eskubideak errespetarazi nahi izatera, benetako presio-ekintzak dira egin beharrekoak. Palestinar populazioa interesgunetik kanpo uzteak eta, are gehiago, palestinarren aurkako beligerantzia horrek izaera xenofoboa dute funtsean, eta garbiketa etnikoan islatzen dira.

Awdahek, Yinon Levyk, nik eta 2023ko urrian baino askoz lehenago hasi zen genozidio honetan hildako guztiek bezala, bazuen abizena: Awdah Hathaleen. Bihotz oneko pertsona zen, abegikorra eta eskuzabala, eta herrikideen eskubideen defentsaren alde sutsu jarduten zuen. Elkar ezagutu genuenean ez zuen umerik, orain hiru haur geratu dira aitarik gabe. Irakasle zen Yattako eskola batean eta gustuko zuen idaztea, baita futbola —Real Madril, ains!— ere. Sionismoak sinetsarazi nahi izan digu palestinarrak ez direla gizakiak, animalia saldoa baizik, gurera iristen diren migranteei ezartzen zaien izaera bera edo Europan juduekin mende luzez egin den antzera. Azken finean, holokaustoa edo pogroma gauzatzea onargarriagoa da biktimei pertsona izatea ukatzen baldin bazaie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.