Juvillà eta gu

2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Ez dakit inor askok dakien zein den Pau Juvillà. Harritzekoa ere ez da, prentsan ez baita oso nabarmendua agertu. CUPeko diputatu lleidar bat da, procès garaian begizta horia bere bulegotik ez kentzearren desobedientziagatik kondenatua izan zena, eta, ondorioz,diputatu-akta galdu duena. Non eta Kataluniako Parlamentuan. Kataluniako Parlamentuko presidentea Laura Borràs da, Juntseko kidea. Carles Puigdemontek lehenengoz eta Quim Torrak ostera diputatu-kargua galdu zutenean, protesta egin zuen Juntsek ERCren aurka, eta bereziki Torrentsen aurka, gehiegikeria hura ez ekiditearren, eta Laura Borràsek berak aitortu zuen bera presidentea izatekotan hori ez zela gertatuko. Baina gertatu da. Auzitegi Gorenaren aginduz aktaz gabetzeko hautua Parlamentuko funtzionarioek hartu dute, horrela politikoek Pilatoren gisara eskuak garbituz. Beste behin, akta-gabetzeari intsumiso izanda gerta zitezkeen ondorioak onartzeari uko eginda, Principateko partidu independentistek erakutsi dute ez daudela prest independentzia erdiesteko bidean sakrifizio serio (gehiago) asumitzeko.

Juvillàren aurkako erabakia estatu espainoleko organo administratibo batek hartu du (JECk), eta Kataluniako Parlamentuak ez du jakin eragozten. Beraz, ezin izan du ekidin, menekoa izaten jarraitzen du; ez du horretarako balio. Quim Torraren esana frogatu da beste behin: «Independentziarako oztoporik handiena autonomia bera da».

Eta beti jarraituko du izaten, bertan dauden gizon-emakumeek erabaki irmorik hartu ezean, legeak eta egoerak ez baitira berez aldatzen, «umotuta daudenean». Parlamentuko gehiengoa izanda ez badira ausartzen, noiz orduan?

Desobedientzia-keinu hori egin izan balitz (Parlamentuko erabakiak Parlamentutik at hartu izana ez onartzea), horrek, besterik gabe, ez zukeen independentzia ekarriko, baina nola jokatu behar den erakutsiko zukeen, zigukeen, eta batik bat politikari profesionalak zer egiteko prest dauden nabarmenduko zukeen...

Independentzia ez da merkea, ez da merke-zurrean lortzen; odolez baizik (odol demokratikoz, nahi bada). Egia da, Principaten 2019an ez bazuten independentzia aldarrikatu, edo aldarrikatu ondoren erretiratu, beldurragatik izan zen, errepresioaren beldurragatik. Eta estatuari erakusten badiozu estutzen bazaitu zu kikildu egingo zarela, galduta zaude. Gero nahi duzun bezala jantziko duzu, galduta zaude, hartu dizute neurria, estatuak badaki non dagoen zure muga, badaki zu nola mendean hartu: beldurraraziz.

Zailena ez baita hautetsontziak jartzea, gehiengoa izatea, zailena esandakoa bete eta pauso erabakigarria, atzera-bueltarik gabea, ematea da. Uste dut Gandhi bera izan zela esan zuena indarkeria erabiltzea baino askoz zailagoa dela indarkeriarik eza; kasu honetan esango genuke, «konfrontazio demokratikoa» deitu izan dena konfrontazio armatua baino zailagoa. Borroka armatuaren garaian mundu guztiari betetzen zitzaion ahoa esanaz hori ez zela bidea, bide demokratikoak direla hartu beharrekoak. Hara hor: ez bata, ez bestea.

Eslogan moduko bat dago gure artean pil-pilean eta bolo-bolo: gehiago izan behar dugu, independentziari bermez ekiteko. Zenbat eta gehiago hobeto, jakina, nola ez. Baina gutxi edo asko izan, eskuinekoak edo ezkerrekoak gobernatu, azkenean jauzi egin behar da, ez da continuum bat. Denik eta autonomia handiena lortuta ere independentzia ez da dago bermatuta: hartu beharra dago arriskua, beldurra sentituta noski... «jaioko dira berriak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.