Kalki eta Txori Barrote: apologiaren goitibehera

Jon-Mirena Landa Gorostiza.
2011ko ekainaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Joan den asteko ostiralean jakin ahal izan genuen Kalki Liburudendaren jabeak eta administratzaileak absolbitu egin dituela Espainiako Auzitegi Gorenak, apirilaren 12az geroztik jadanik idatzita zegoen epai baten bitartez (259/2011 Epaia). Lehenengo aldiz Auzitegi Gorenak bere iritzia ematen du genozidioaren apologiari (Zigor Kodearen –ZK- 607.2 art.) eta probokazio-delituari (ZK 510 art.) buruz. Bi delitu horiek, beste jardueren artean, nazismoaren gaineko apologia eta horrekin lotuta joan ohi den gorroto-diskurtsoa debekatzen dute. Terrorismoaren kasuan bezalaxe, aipatu bi delituok funtsezko eskubideen mugan kokatzen dira, adierazpen-askatasuna, ideologia-askatasuna edota informazio-askatasuna modu ez zilegian kaltetzeko arriskuan jarriz. Apologiaren debekuak edo, nahi izanez gero, propaganda delituak, beti susmagarri dira Estatu Demokratikoetan, izan ere ideien merkatu-librean eskua sartuz gero, demokrazia beraren bihotza arriskuan jartzen delako.

Kalki hinduismoaren tradizioan jaungoikoetako bat da, Kali deabruaren aldia eta gero etorri beharrekoa omen, zaldi zuri baten gainean eta ezpata eskuan duela, gizateria osoa hiltzeko. Kalki irudikatzen dute, hortaz, usteldutako gizateria garbitzeko zaldun bezala. Bada izen hori hartu zuten Bartzelonan liburu-denda bat izendatzeko eta bertan propaganda nazi edota neo-nazi egiten, holokausto ukatzen, arraza-garbiketa sustatzen eta juduen kontra jarduten zuten. Hala nola liburuak saldu, artikuluak idatzi, hitzaldiak antolatu, web orrialdeetan guztiz xenofoboak diren ideiak eta diskurtsoak hedatzen zituzten batzuetan sasi-historialari gisa nazismoaren egitateak ukatuz, justifikatuz edota, behintzat, gutxietsiz. Bartzelonako Entzutegiak, 2009ko Urriaren 7ko epai baten bidez, akusatuak gogor kondenatu zituen, 3 urtetik gorako presoaldiaz. Auzitegi Gorenak, ordea, lau akusatuak absolbitu ditu.

Absolbitzeko argudio nagusia zera da: hedatzen den propaganda xenofoboa ez da egokia indarkeria-klima sortzeko zehatzak eta jakinak diren diskriminazio-ekintzetan gauzatu daitekeena. Alegia, hedatzen dena hedatzen dela, web orriaren bitartez, liburu-salmentaz, ekitaldi pribatu-publikoen bidez, biktimen duintasuna eragin dezakete, baina hori ez da nahikoa delitua izateko. Horrezaz gain, baieztatu beharra dago propagandak indarra nahikoa duela, egiten den moduarengatik eta egiten den testuingurua kontuan hartuta, beste pertsona batzuk diskriminazio ekintzak edota indarkeriazkoak egiten hasteko.

Argudioa Konstituzio Auzitegiak (235/2007ko Epaiak) jada ezarri zuen Genozidioaren ukatzea delitu izan ezin zela ezarri zuenean. Argudio nagusi horrek konparatzen ditu propaganda eta propaganda horrek ekar dezakeen arriskua beste batzuengan. Juduen, etorkinen, homosexualen kontrako gezurrak, akusazio faltsuak eta abarrekoak neonaziek eta eskuin muturrekoek egun egiten dituzten moduan al dira egokiak biktimak arriskuan jartzeko? Auzitegi Gorenak dio ezetz Kalki liburudendaren kasuan. Gainera, Zigor Kodea indarrean sartu zenetik 15 urte pasatu ondoren, ez dago une honetan delitu hauengatik 3 kondena besterik. Antza denez, epaileek ez dute ikusten arriskurik mota hauetako diskurtso xenofoboetan. Kasuotan guztiotan diskurtsoaren eta adierazpen askatasunaren artean azken horren alde egiten dute epaileek, diskurtsoa orokorregia omen delako ekintza deliktibo zehatzak sortzeko arrisku nahikorik ez ei duten neurrian.

Txori Barrote kasuan, aitzitik, Auzitegi Gorenak (299/2011ko apirilaren 25eko Epaiak) ikuspegi juridiko batetik begiratuta arazo berberari aurre egin arren, bestelakoa da erabiltzen duen arrazoibidea. Terrorismo-delituetaz ari gara kasu honetan, eta Auzitegi Gorenak aztertzen du ea presoen argazkiak erakustea baita presook preso politikotzat jotzea eta jaietan present egon beharra aldarrikatzea ere terrorismo-justifikazioa eta goratzea izan daitekeenentz. Bai ala ez esateko, berriro ere Auzitegiak konparatu behar ditu diskurtso bat —kasu honetan argazkien bitartez aurrera eramaten dena baita web orrialdearen bidez ere— eta diskurtso horrek terrorismo-delituekin duen lotura. Aztertu behar du ea argazkiak erakusten diren moduengatik eta egiten den Euskal Herriko testuinguruan terrorismoa goratzeko edota justifikatzeko arriskua dakarren. «Testuingurua», kasu honetan, ordea, Auzitegiarentzat argi eta garbia da, eta bere konklusioa, bestelako azalpenik gabe, zera da: jarduera horiek goratzeko delitua osatzen dute. Epaian zehar, xenofobiaren kasuan bezalaxe, Konstituzio Auzitegiaren doktrina gogoan du, eta kontzientea da une oro adierazpen-askatasunaren mugan gabiltzala, baina, eta hauxe da gakoa, ez du inongo ahaleginik egiten argazkien erakustea inolako arrisku zehatzekin lotzeko. Zergatik ez hemen ere, neonazien edota ultraeskuindarren kasuan egiten den antzera, exijitu diskurtsoak edota propagandak indarkeria ekintza zehatzak sustatzeko arriskua ere sortu behar duela? Benetan inork uste al du argazkiak erakusteak, erreibindikazio politikoaren testuinguruan, delitu zehatzak egiteko arriskua beti eta halabeharrez dakarrenik?

Apologia delituek ez dute konponbiderik Estatu Demokratikoetan: hobe ez baleude eta jendearen eskuetan soil-soilik utziko balitz diskurtso gorrotogarrien kontrako borroka zibila, zuzenbide penala alde batera lagata. Hori bai, apologia delituak badira, orduan horiei guztiei betekizun berberak exijitu behar zaizkio. Bestela berdintasunaren printzipioa urratzen da eta horrekin batera justizia, begietan eraman behar duen zapia erorita, injustizia bilakatzen da halabeharrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.