Kamaradak

2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Beste bati laguntzen dion eta harekin bazkaldu eta bizi den pertsona da kamarada, RAE akademiaren arabera, nahiz eta «alderdi eta sindikatu jakin batzuez» ari garenean «korreligionario edo kide» esan nahi duen. Ez nekien terminoa jatorri militarrekoa zenik, ez eta gaztelaniazko cámara-tik zetorrenik ere, halako moldez non kamaraderia edo kidetasuna, jatorrian, «ganbera beraren azpian bizi ziren soldadu eta ofizialen arteko adiskidetasun estua» izango baitzen. «Egunero ikasten da zerbait berria», esaten zuen gure amak. Boltxebismoa izan zen, ordea, kamarada jauna terminoaren alternatiba berdintzaile gisa hedatu zuena, eta, pixkanaka-pixkanaka, XX. mendean zehar, iraultza egin eta mundua aldatu nahi zuten guztien artean zabaldu egin zen. Kamarada, comrade, tovarich.

Egun, beste termino batzuk daude zure borroka-kideak izendatzeko. Eduardo Galeanok Libro de los abrazos bikainean kontatzen duenez, Kuban lagunari «nire lurra» edo «nire odola» deitzen zaio, eta, Caracasen, «laguna nire pana edo giltza da: pana, okindegiagatik, arimako goseteentzat ogi onaren iturri; eta giltza... Giltza, giltzagatik —esaten dit Mario Benedettik. Dioenez, Buenos Airesen bizi zenean, izuaren garaian, bost giltza zeramatzan giltzatakoan: bost giltza, bost etxetakoak, bost lagunenak: bere burua salbatu zuten giltzak».

Niri ere, Ezker Abertzaleko beste askori bezala, hainbat etxetako giltzak utzi zizkidaten larrua salbatzen saiatzeko. Izuaren garaiak ziren, polizia-razziak astero izaten zirenean, eta zu ez bazinen, zure bizilaguna, zure laguna, zure kidea zenean. Ezer gutxirako balio izan zidan, azkenean atxilotu baininduten, baina betiko gordeko dudan altxorretako bat da. Aurrez aurre genuen munstroaren aurrean kidetasun izpiritu hutsa zen; etsaia nagusi zen arma eta indar aldetik, baina ez azerikerian, elkartasunean eta kidetasunean.

Hau guztiau Sortuk laster egingo duen kongresuarekin gertatzen ari denagatik esaten dut. Kide batzuk, kamarada batzuk, Sortu, LAB, Ernai eta herri mugimenduko oinarrizko militanteak denak, elkartu egin dira, azken bost urteotan Sortuk (ez EH Bilduk) garatu duen praxi politikoarekin duten nahigabeagatik txosten alternatibo bat aurkezteko: Lurrari lotuz. Nire ustez, dagokion unean egin dute, kongresu-fasean hain zuzen ere, eta Ezker Abertzalean ohikoa ez bada ere, uste dut zilegitasun osoa dutela horretarako (besteak beste, hala aitortzen du Kongresuko araudiak berak).

Zoritxarrez, naturala izan behar lukeena naturaltzat hartu beharrean (eztabaidatzen eta kritikatzen duen militantzia aktiboa izatea, besteak beste, zuzendaritza auzitan jarriko duena gauzak hobeto egitera bultzatzeko), giro nahasia sumatzen dut, amorruzkoa ez bada, eta horrela, gure berdinarekin, gure kidearekin, gure kamaradarekin elkarrizketa lehenetsi beharrean, bizkarra ematen ikusten dut geure burua, batzuk besteei trabak jartzen edo Berme Batzordearen aurrean egitateak salatzen (guztiak ere gure kohesioari ezer gutxi dakarzkioten gauzak). Aitzitik, gure arteko komunikazio eta elkarrizketa dira lehenetsi beharko liratekeenak, ezberdin pentsatuta ere, denontzako aukera-berdintasunean oinarritutako eztabaida esparru erosoa errazteko. Hain zaila al da?

Guztiarekin, tristeena da honezkero kide batzuk aurkitu ditudala, Lurrari lotuz-ek egiten duen diagnostikoaren eta kritiken zati handi bat partekatzen badute ere, haien posizioa adierazten ausartzen ez direnak, inguruan sortzen den presio giroagatik (kontzienteki edo ez) eta militante gisa izan ditzakeen balizko ondorioengatik. Ez da berri ona.

Baina ez al gara denok kideak? Zerbait gaizki egin bada, hitz egin dezagun, zuzendu dezagun, baina ez dezagun barne salaketa anonimora jo, ez dezagun kidearen gainean zalantzarik sortu. Beste espazio politiko batzuen estiloa da hori, ez gurea!

Azken batean, nahiz eta aitortzeak min ematen didan, uste dut aldian aldiro munduko hainbat ezkerreko indarri gertatzen zaiona gertatzen zaigula. Kritika txiki bat onartzen dugu han-hemenka, tonutik ateratze bat, baina kostatzen zaigu letra larriz idatzitako kritika onartzea, bereziki, kolektiboa bada. Eta normala da, lan eta sakrifizio ordu asko baitira zure kidegoaren zati bat dena hankaz gora jartzera etor dadin (gaizki eta azkar esanda). Hala ere, uste dut medizina mingots gisa onartzea eta irenstea besterik ez dela geratzen (Mikhail Gorbatxov zitalak esan bezala), on egingo digulakoan, baita, azkenerako, Kongresuak atzera botatzea erabakiko balu ere.

Zergatik diot hau? Bada, gutxienez,Sortuko Iruñeko militante ezagun batek aspaldi gogorarazi zidanez, benetako kongresua izango dugulako, aukera desberdinekin, dialektikarekin, ideien batailarekin. Denon artean meloia zabalduko dugu, jarraipena nahi dugun edo sakoneko aldaketak nahiago ditugun erabakitzeko. Eta elkarrekiko errespetutik egin behar genuke hau, kritikak ez baitu arazorik suposatzen, eskuzabaltasunez kudeatzen badakigu.

Aurreko guztia esanda, Venezuelako gure panek dioten bezala, «barruan dena, kanpoan ezer ere ez». Bere gabezia guztiekin, Sortu da gure herrialdeko kaleak eraldatzeko eta horiek borroka-gune bihurtzeko tresna politiko erreal bakarra. Ezkerreko independentista guztion zeregina da gaurdanik bere egiturak indartzea, eta horretan jarraitzea, kongresu honen azken emaitza edozein izanda ere. Bertan parte hartzeko ia 8.000 kide izena emanda egotea oso albiste ona da.

Alda dezagun, beraz, aldatu beharreko guztia eta mantendu dezagun mantendu beharrekoa, baina kidetasun izpiritua inoiz galdu gabe. Begira diezaiogun elkarri berdin bezala, eta zaindu gaitezen, nahikoa etsai baitugu kanpoan. Hala egingo dut nik behintzat, nire pana Arturorekin, nire kamarada Andonirekin eta nire kide Jonerekin. Ez dakit A, B edo Z bozkatuko duten, baina badakit gure kideak direla.Ez dezagun hori bistatik galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.