Keinu bakoitzak du zeresana

2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Caritasen behatoki aparta dugu hainbat egoera ikusteko. Jende askoren mina eta arazoak ikusten ditugu: buruko gaixotasunen bat dutenak, bakarrik dauden zaharrak, emakume zaurgarriak... Osasun krisiaren aurretik ondo ez zeuden pertsonak, eta orain berdin jarraitzen dutenak, birusak euren etorkizun hurbilean izango dituen ondorio larriekin.

Egoera okerrenean dauden taldeei laguntzeko egiten diren ahaleginak ikusten ditugu. Caritas Gipuzkoan, zehazki, Hotzaldi zentroa, etxerik gabeko pertsonek lo egin dezaten; Aterpe, jan dezaten eta elkarrekin bizi daitezen; Miriam, emakume ahulenei laguntzeko; Gizaide, buruko gaixotasunen bat dutenei laguntzeko; Gizakia Helburu, gazteei zuzenduriko programa terapeutikoak; Hurkoa, adineko pertsonen zainketa. Ez ditut ahazten Trintxer eta Sorabillako egoitzak. Gure gizarte lana laguntza ematen saiatzen da, baina baita sustapena eta autonomia bultzatzen ere.

Testuinguru horretan, osasun pastoraltzaren eta kartzela pastoraltzaren hurbileko lana azpimarratu nahiko nuke. Gaixoak eta kartzelatuak dauden pertsonak zaurgarriak dira. Ahultasun pertsonal, familiar eta sozialean daude. Hor ere bagaude, hain egoera mingarrian, koronabirusak orain larriagotzen duen egoera horretan.

Caritas Gipuzkoan langile profesionalak eta boluntario ugari ditugu, hots, ezezagun handiak. Boluntarioak beti daude hor. Baita euren lan betebeharren gainetik ere. Bizi keinua dira, eta ahulenak zaintzen laguntzen digute.

Caritas gizarte larrialdiko arretaren lehen lerroan dago. Dagokion tokian dago. Gure herri eta auzoetako parrokietan, bere gizarte zerbitzu ezberdinetan, beste erakundeekin sarean lanean, salaketa soziala eginez —arreta jasotzen ez duten egoerak ikusaraziz— eta baita administrazio publikoarekin lankidetzan arituz ere. Pertsona txiroen eta beharra dutenen min eta oinazean presente dago Caritas, giza eskubideen defentsan babestu, lagundu, zaindu eta arintzeko.

Pandemia egun hauetan, pertsonak eta erakundeak noraino iritsi gaitezkeen ikusten ari gara. Asko egin dezakegu, eta batzuetan, gutxi. Krisi egoerak aldakorrak dira, eta denak tenkatzen gaituzte. Dena kontrolpean dugula uste dugu, baina ez da horrela. Hor ikusten da gure hauskortasuna eta gure kultura indibidualista. Hori bai, errealitateari atxikitako pertsonak gara, eta egoerei erantzun behar diegu. Gauero txalotzen eta eskertzen ditugu duela aste batzuk oharkabean pasatzen ziren pertsonak.

Baina, batez ere, gauzak giza moduan egin nahi dituzten herritarrak izan nahi dugu. Horrek duindu eta identifikatzen gaitu. Erakundea garrantzitsua da, baina pertsonak erabakigarriak dira. Gure lanaren muina pertsonak dira, eta harremanak, justizia soziala nagusi den lekua.

Gizakia da, sentimenduak, bihotza, erraiak eta enpatia dituen pertsona gisa jokarazten digun dimentsio sakona. Ikusten eta pairatzen dugunarekin sentitu, sufritu, gozatu, negar egin eta kantatzen duen bihotza. Errealitatearekin lotzea da kontua, ez ihes egitea edo ezkutatzea. Gutako bakoitzaren barrutik; gure gizateria bizi den tokia. Koherentzia eta oreka ematen diguten eguneroko keinu txikien partaide gara: pertsonak hartuz, gaixoei lagunduz, adinekoak zainduz, bakarrik daudenei deituz...

Ahalegin horietan parte hartzen duena jende xumea da, zu eta ni bezala. Hainbestetan kritikatutako eliza horren parte gara, ez arrazoirik gabe seguruenik, baina herriarentzat eta herriarekin bizi dena. Gure hauskortasunetik, behar dutenei laguntzen saiatzen gara. Gure zigilua da hurkoarekiko maitasuna.

Herritar gisa, zoriondu eta eskerrak eman nahi dizkiet une nahasi honetan, buru-belarri inplikatu diren eta euren onena eskaintzen ari diren pertsona guztiei, beraien osasuna arriskuan jarriz ere. Mila esker! Garrantzitsua da keinu bakoitza, eta egunero keinu asko egiten dira, ogia eta oinarrizko elikadura, beharrezko botikak, kaleetako garbitasuna eta babesa, zainketa, hezkuntza eta osasuna herritarrek eskura ditzaten.

Keinu bakoitzak bere garrantzia du, eta ezin ditugu ahaztu, oinarrizko beharretan, etxea, enplegua, elikadura... krisia krudel astintzen ari diren familia eta pertsonak.

Gizarte ahalegin handia egiten jarraitu beharko dugu, gizarte biktimek gora egin ez dezaten. Caritasek ere ahalegin handia egingo du, eta, horretarako, herritarren elkartasun eta inplikazioa behar ditugu.

Agur berezi bat bidali nahi diet hildakoei eta haien familiei, ezin izan baitiete agur esan. Dolua, adioa, oroimena... errealitateak dira, ez bakarrik erlijiosoak, baita gizakiak ere, eta seriotasunez eta konfidantzaz zaindu behar ditugu. Gauzatzeko modu asko daude. Egin dezala bakoitzak bere erara.

Guk, kristauok, elizaren eguneroko otoitzean egiten eta egingo dugu, sufritzen duten pertsonengandik hurbil, herritik hurbil eta giza elkartasunak elkartuta bizitzen asmatu nahi baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.