Kepa, kartzelaren beste biktima bat

2017ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Hainbat elkartek salatu dugu Espainiako espetxeetan epaiz kanpoko heriotza zigorra ezartzen dela, buro-errepresioaren ondorioz; hau da, preso dauden pertsona askoren heriotza eragiten duen logika makur eta sotila, Badajozeko kartzelan hil den Kepa del Hoyo euskal presoarekin gertatu ahal izan den bezala. Itxuraz, «arrazoi naturalen» ondoriozko heriotza, legeak aitortzen dizkion eskubideen araberako baldintzetan zigorra betetzen arituko balitz, ziurrenik gaur bizirik legokeen pertsona gazte batena.

Halako amaiera zorigaiztokoak sortzen dituzte estatuak legez kanpo jarduteko duen ahalmenak, erabateko zigorgabetasunarekin kasu batzuetan, eta kartzela legediaren interpretazioa eta ezartzea zigor arma gisa erabiltzeak beste edozeren gainetik.

Babes politikoa, familiarra eta soziala duen euskal preso bat izan ez balitz, kartzela administrazioak haren heriotza ezkutatuko zuen, azken 30 urteetan kartzeletan hil diren beste milaka pertsona presorekin egin duen moduan. Hala dokumentatu eta salatu du Torturaren Prebentziorako eta Salaketarako Estatu Koordinakundeak haren urteroko txostenetan. Baina estatuak gertakariei buruzko bertsio makurra, friboloa eta auto-justifikatzailea eraiki ohi du halakoetan, eta hegemonikoak diren hedabideetan zabaldu du, «kirola egiten» ari zela azpimarratuz, edota heriotzarekin zer ikusirik ez duten auziak nabarmenduz, «inputatu zaizkion hildakoak», kasurako.

Espainiako Gobernuak ez du inolaz ere nabarmentzen garrantzizkoa dena, eta haren ardurari dagokiona. Kepa bere familiarengandik eta ohiko bizitokitik urrun ari zen betetzen zigorra. Bere gertukoek bisitetarako bidaietan istripua izateko arriskuaren kezka bizi zuen. Zigorraren iraupenak eta kartzelan emandako denbora luzeak osasuna higatu zioten. Espainiako espetxeratze baldintza giza-azpikoek, nazioarteko eragileek behin eta berriz salatu eta isilarazi direnak, legean jaso gabeko sufrimendu gehigarria ziren harentzat. Baldintza horien guztien batura estres iraunkor indizioa da pertsona presoentzat, eta gaixotasun fisiko nahiz mentalen arriskua handitzen diete, heriotza eragiteraino.

Kartzeletako genozidioa saihesteak lehentasunezko gai izan beharko luke beren buruak demokrata gisa izendatzen dituzten alderdi politikoen «estatu itunetan». Aldiz, errealitatearen eraikitze okerrean, bestelako lehentasunak dituzte; esaterako, aberri espainiarraren batasuna. Estatuari kezkatzen dion gauza bakarra bere zaintzapean diren pertsonen heriotzak nola estali asmatzea da, dituen ardurak ukatuz, eta askotan biktimak eta haren senideak gutxietsiz.

Gure dolumin eta elkartasuna helarazi nahi diogu Kepa del Hoyoren sendiari eta haren omenaldi ekitaldietan parte hartzera animatu nahi dugu mundu guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.